Hondarribia Blues jaialdiak esklusibotasuna bilatu du 13. ekitaldian. Musikarietako batzuk Hondarribirako propio elkartuko dira.
Bluesaren historian disko gehien saldu dituen taldea da Canned Heat. Ostegunean joko dute
Zeinek esango zien orain hamahiru urte Hondarribia Blues Elkarteko kideei hainbeste iraungo zuenik eta hainbeste handituko zenik. Zeinek pentsa zezakeen generoaren zale ero batzuen amets hura, nazioarteko erreferente bilakatuko zenik. Nork imajinatuko 2006ko lehen ekitaldi hartan, hamar urte geroago Hondarribiko jaialdiak Memphisko blues fundazioaren
Keeping The Blues Alive saria jasoko zuenik.
Maila goreneko kartela, doan, eta herri barruan. Horiek dira
Hondarribia Blues jaialdiaren ezaugarri nagusiak, formula arrakastatsuko hiru osagarriak. Jaio zenetik, ekitaldi bakoitza aurrekoa baino handiagoa izan da, eta dagoeneko ez du zerikusirik hastapenekin. Maria Serrano Hondarribiko Udaleko Turismo zinegotziak onartu duenez, kultur ekitaldiaz harago herria nazioarte mailan kokatzeko balio izan du jaialdiak: “Batetik, halako maila daukaten musikariak lau egunez entzuteko aukera izatea zorte handia da. Eta bestetik, turismoari dagokionez, Hondarribia nazioarte mailan kokatu egin du jaialdiak, erreferentzia bilakatu da”.
Ekitaldi guztiak herri barruan eta irekiak direnez, zaila da zehaztea zenbat bisitari erakartzen dituen, baina diru sarrera iturri garrantzitsua dela baieztatu du Serranok: “Ezin dugu ahaztu arlo ekonomikoan daukan eragina, duela urte batzuk eginiko ikerketaren arabera, bi milioi euro baino gehiago suposatzen du herriko jarduera ekonomikoan”. Beste datu bat: iaz 146.660 ibilgailu sartu ziren Hondarribian blues jaialdiak iraun bitartean. Horri, autobusez iritsitakoak gehitu behar zaizkio.
Cigar box, zigarro kaxa eta alanbreekin eginiko musika tresna da hamahirugarren ekitaldiko kartelaren protagonista. Sergio Perez irundarra 1930eko hamarkadan Mississipiren deltan jaiotako tresnan oinarritu da kartela egiteko. Egileak argitu duenez, blues klasikoena irudikatzeko eskatu zioten antolatzaileek: “Bileretan argi geratu zitzaidan bluesaren mundu klasikoena oso zuzenean islatuko zuen irudia nahi zutela. Cigarbox gitarra mitikoak aurkitu nituen, tipografia eta apaindura mundu guztiz aberatsa eskaintzen dutenak, eta haiek izan nituen inspirazio iturri diseinatzen hasteko”.
Egitarauari erreparatuta, izen batzuk nabarmentzen dira. Ezinbestean, Canned Heat, bluesaren historian disko gehien saldu dituen banda. Bestetik, Raimundo Amador, bluesa eta flamenkoa uztartzen aitzindaria. Haien ondoan, bi Grammy dituen Mark Hummel aho-soinu jotzailea, jaialdirako propio elkartuko diren Chicagoko izarrak, Ray Gelato saxo ingelesa eta bere banda…
Sei oholtza, hamaika giro
Lau dira guztira jaialdiko eszenatokiak.
Asteburu honetarako prestatu dituzten aurretiko kontzertuetakoa eta kontzertu pedagogikoena aintzat hartzen badira, sei. Larunbat arratsaldeko bi kontzertuak salbu, gainontzekoan aukera dago jaialdiko zuzeneko guztiak osorik jarraitzeko. Halaber, jende uholdea sakabanatzeko balio dute oholtzek, eta gainera, eszenatoki bakoitzak bere xarma propioa du.
Estiloei dagokionez ez da bereizketarik, oholtza guztietan izaten da bluesaren edozein aldaera entzuteko aukera. Horrek ez ditu eszenatokiak bereizten, giroak bai. Arratsaldeko emanaldiak oso gertukoak izaten dira, konplizitate handikoak. Gauetakoak, ikusgarriak.
Eta eguerdikoei buruz zer esan… Urtean jende gutxik izaten du bazkaltzeko aukera parean munduko blues izar distiratsuenetako batzuk jotzen edota abesten ari direlarik. Horrek ez du preziorik. Beno, badu, janak eta edanak bai, baina musika doan da.
Ikusi iazko argazki onenak