Gaur aurkeztu dute Psilocybeko 25. urteurreneko egitaraua, Txomin Sagarzazu alkatea bertan zela.
Mende laurdena bete du aurten Psilocybe elkarteak eta gaur 25. urteurrena ospatzeko landu duten egitaraua aurkeztu dute.
Psylocybenean bertan egin dute aurkezpena eta han elkarteko kideek udal ordezkariak izan dituzte bidelagun, Txomin Sagarzazu alkatea buru zutela. Gaur arte bezala, etorkizunean ere lankidetzan aritzeko konpromisoa agertu die elkartekideei alkateak.
Ondoren hartu du hitza Egoitz Alkarazek, elkarteko boluntarioei eta urteurrenaren laguntzaileei eskerrak emateko eta, nola ez, landu duten egitaraua aurkezteko. Udan izango dira urteurrenari lotutako guztiak, eta hainbat asteburutan kontzertuak izango diren arren, abuztuaren 24ean eta 25ean izango dira kontzertu gehienak, tartean Mighty Diamonds eta Belako.
Kontzertu denak Hondarribian izango dira, eta guztiak, Psilocybetik kanpo, aurkezpenean nabarmendu dutenez, ospakizuna “Hondarribiko herritarrena eta herritarrentzat” delako.
Uztailaren 29an, bestalde, Eilen Jewellen kontzertua izango da, Itxas Etxea auditorioan. Ordainpeko kontzertu bakarra izango da, eta gainontzeko guztiak debaldekoak. Hori bai,
O Ilara sarrerak jarriko dituzte salgai, 5 euroan, Psilocyberen egitasmoa lagundu nahi dutenentzat. Sarrera erosten dituztenen artean, gainera, kontzertu aretorako urte osorako sarrerak zozkatuko dituzte, eta baita urteurrenarentzako propio atera dituzten elastikoak, biserak eta garagardo sortak.
Egitaraua
- Uztailak 20: Horzdun+EKTZ, Kasino Zaharrean.
- Uztailak 29: Eilen Jewell, Itxas Etxea auditorioan.
- Abuztuak 4: Moon Djs, Olazabal parkean.
- Abuztuak 11: Kid Es3+ AnderGround Dj, Olazabal parkean.
- Abuztuak 24: Acto Messie+Selektah Stepi+Mighty Diamonds+Charlat 58 Feat MataH, Gernikako arbolan.
- Abuztuak 25: Afamada Orquestina, herribazkaria+Marmoka+Velozet+Capsula+Belako eta Disco Bambino, Gernikako Arbolan.