Xabi Carrera, Jesus Carrera fusilatu zuten PCEko idazkari nagusi hondarribiarraren iloba da. Zuzenean jarraitu zuen, bi arrebarekin, osabaren exhumazioa.
Ezkerrekoa da Xabi Carrera. Harekin daude Maria eta Argi arrebak, eta Jesusen birbiloba bat.
Jesus Carreraren iloba da Xabi Carrera. Osabaren exhumazioaren prozesua nola bizi izan duen kontatu dio HITZAri. Haren hitzak erreportaje zabalago batean bildu ditu hedabide honek. Hemen lotura:
+ Jesus Carrera, gertuago
Nola bizitu zenuen osabaren gorpuzkiak lurretik ateratzeko prozesua?
Oso gogorra izan zen, emozio askoko eguna, baina pozteko egun bat ere. Oso kontent etorri ginen denok bueltan.
Bezperan Alcalako paradorean egin genuen lo, lehengo espetxean, osabak azken hilabeteak pasatu zituen lekuan, eta sentipen desberdinak izan nituen. Batetik, saiatu nintzen osabaren lekuan jartzen, zer sentituko zuen, zer pentsatuko zuen une horietan, eta nolabaiteko tristura, hotza sentitu nuen. Bestetik, harrotasuna, bere idealak hiltzeraino defendatu izanagatik.
Hilerrikoari dagokionez, zein izan zen unerik gogorrena?
Hilarria altxatu zutenean, eta lurra mugitzen hasi zirenean, hori izan zen niretzat unerik latzena, negar egiteko gogoei eusten… Baina inguruan jende asko zegoen, eta babestuta sentitu ginen denbora guztian. Lehen hezurrak agertu zirenean, Pedro Royoren gorpuzkiak azaldu zirenean, ja hor baieztatu zen geneukan informazioa zuzena zela, Royoren azpian beste gorputz bat, eta horren azpian osabarena agertuko zela.
Laguntzen ibili zinen, lurra ateratzen, galbahetik pasatzen…
Aranzadikoek azkenerako laguntza eskatu ziguten, eta ez nuen espero. Prozesu guztia ikustea bai, baina galbahearekin laguntzen egotea ez; oso hunkigarria izan zen. Osabaren hatz batzuk, eta hortzak, eta garezur zatiren bat aurkitu nuen. Oso polita izan zen hori.
Jende asko hurbildu zen hilerrira, komunistak, Alcalako memoria elkarteko kideak…
Norbait agertuko zela bagenekien, baina ez hainbeste. Agertzeko, eta egoteko baimena eskatu ziguten. Haien senideen istorioak entzuteko aukera izan genuen, oso interesgarria izan zen hainbeste jenderekin egotea.
Baten batek nik baino gehiago zekien osabaz, nik orain jakin izan dut nor zen, zer egin zuen, Aitzol Arroyok egindako ikerketa lanari esker. Gerra garaian Gernikako Arbola batailoiko buruzagi zela banekien, besterik ez. Erbesteko berririk ez, ezta PCE berregituratzeko erbestetik itzuli zela… Arroyoren bitartez jaso ditut, aurten, xehetasun horiek. Baina hilerrian jende askok zekien osaba nor izan zen, eta zer egin zuen.
Alcalako alkatea ere, PSOEkoa, gerturatu zen zuekin egotera. Nolako jarrera izan du prozesuan?
Asko lagundu digu. Gorpuzkiak lurretik ateratzeko prozesuko agiriekin lagundu digu, eguna libre hartu zuen gurekin egoteko, ura ekarri zigun, itzala jarri, kanposantuko hiruzpalau langile guretzako lanean ibili ziren… Asko diogu eskertzeko Alcalako alkateari.
Nola jakin zenuten osaba Alcalan zegoela?
Lehenago jakin nuen, baina zehazki non zegoen orain jakin dugu. Alcalan fusilatu zutela eta han zegoela banekien, baina ez nekien nolako hobian zegoen, zenbatekin, ezta non zehazki ere. Hobi batean zegoela uste nuen, ez zegoela dokumentatuta. Bera aurkitzeko zailtasun askoz gehiago izango genuela uste nuen.
[Poltsikotik paper bat atera du] Aita oso harro zegoen anaiaz, hau karteran eramaten zuen beti [aldizkari zati bat erakutsiz, 1987koa]. Osaba Gernikako Arbola Batailoiko komandantea zela eta Alcalan fusilatu zutela jartzen du. Aldizkari honen bidez jakin zuen lehen aldiz gerra garaian komunisten batailoiko komandante izan zela. Ez zekien nolako pertsona zen, fusilatu zutenean hamar urte zituen aitak, baina bazekien ezkertiarra eta komandantea zela, eta oso harro zegoen horretaz.
Etxean zer kontatu zizueten osabari buruz?
Etxean gutxi, ez genekien ezer. Oso azkarra zela, oso argia zela esaten zuten etxean. Ezer gutxi gehiago. Ezkutuan gordeta zuten gaia, beldurragatik. Orain izan dugu aukera, eta oso polita izan da Arroyoren ikerketari esker osaba nor zen ezagutzea.
Hainbeste urte eta gero zer suposatzen du zuentzat osabaren gorpuzkiak Hondarribira ekarri ahal izateak?
Niretzat, eta uste dut nire anai-arrebentzat ere, arantza bat kentzea izan da. Uste genuen ez genuela inoiz ekarriko, eta arantza hori kentzea oso pozgarria izan da.
Aranzadiren esku daude orain hezurrak. Zein bide jarraituko duzue hemendik aurrera?
Paco Etxeberriak esan zigun bi-hiru aste egon behar zirela Aranzadin, laborategian aztertzen, eta gero emango dizkigutela, kutxa batean. Hondarribian lurperatu nahi ditugu, anai-arrebekin, familiaren panteoian.
Euskal Herrian jende asko dago zuek ostirala arte egon zineten egoera berean. Zer esango zeniekete? Animatuko zenituzkete urratsa ematera?
Merezi du, sentimendu guztiak mugitzen dizkizulako. Guretzat ez da izan, baina prozesua zaila izan daiteke. Halere, has dezatela, merezi duelako. Bestela beti izango da arantza hori kendu gabe.