PCEko idazkari nagusi hondarribiarraren gorpuzkiak berreskuratu dituzte. 1945ean fusilatu zuten Alcala de Henaresen. 73 urte geroago anai-arreben ondoan hobiratu nahi du familiak.
Paco Etxeberria Aranzadiko forentsea, exhumazioa bitartean, hilaren 15ean.
Jesus Carrera Olaskoaga hondarribiarraren gorpuzkiak berreskuratu zituen bere familiak joan den ostiralean. 1945eko urtarrilaren 16an fusilatu zuten Alcala de Henaresen, Espainiako Alderdi Komunistako (PCE) idazkari nagusi zenean. Hilerriko hormaren kontra erail zuten, eta bertan hobiratu, alderdiko beste hiru militanterekin batera. Udaberrian jakin zuten bere ilobek osabaren gorpua non zegoen, Aitzol Arroyo historialariak eginiko ikerketaren berri eman zienean. Hala, bere gorpuzkiak berreskuratzeko prozesua abiatu zuten, eta ostiralean aurkitu zituzten hezurrak, sei orduz luzatu zen indusketan —Oarso Bidasoko Hitzak zuzenean kontatu zuen exhumazioa
@hondarribihitza Twitter kontuan sortutako hariari esker—.
Argi, Maria eta Xabi Carrera, Jesusen sei ilobetako hiruk, bertatik bertara jarraitu zituzten osabaren gorpuzkiak lurpetik ateratzeko lanak. Lehen uneak gogorrak izan zirela onartu zuten buruzagi komunista izandakoaren ilobek. «Baina inguruan hainbeste jende ikusteak asko lagundu digu», esan zuten. PCEko kideak, Alcalako memoria elkartekoak, eta Javier Rodriguez Alcalako alkate sozialista egon ziren ekitaldian.
Aranzadiko arkeologia eta antropologia arloko hiru kidek zuzendu zituzten lanak, Paco Etxeberriak, Lourdes Herrastik eta Tito Agirrek. Aste batzuk beharko dituzte laborategian gorpuzkiak Carrerarenak direla guztiz ziurtatzeko. Ondoren, Hondarribiko hilerrian hobiratuko dituztela jakinarazi du familiak, «Carrera Olaskoaga familiaren panteoian, lau anai-arrebekin batera, eta bosgarrenaren ondoan».
Ikerlariak asebeteta
Aitzol Arroyok burutu du ikerketa eta azken hilabeteetan Joserra Enparan Sasetaren Aldeko Taldeko kidearen laguntza izan du. Bi ikerlariek parte hartu zuten ostiraleko exhumazioan eta «asebeteta» bukatu zutela onartu du Arroyok. «Aurreikusitako helburuak bete baino gehiago egin dira. Hezurrak ez zeuden oso egoera onean eta, adibidez, tiroa non jaso zuen ziurrenik ez dugu jakingo, baina hezur ugari atera dira, garezurra, hankak, besoak, eskuak…Bi zapatilak ere agertu dira, egoera bikainean, eta gerrikoaren belarria, gauza horiek oso garrantzitsuak dira».
Enparanen ustez, Jesus Carrera nor zen aintzat hartzeko balio izan du prozesuak: «Gorpuzkiekin batera berreskuratu da historiaren zati garrantzitsu bat. 1945ean fusilatu zuten, gerra eta gero, gerra kontseilu baten ondorioz. Eta beren baloreak berreskuratu dira, langile izaera, askatasunaren eta faxismoaren aurkako borroka, eta heriotzarainoko konpromisoa».
Jarraian, hilaren 15eko exhumazioaren hainbat irudi: