Gaur atera dituzte bere gorpuzkiak Alcala de Henaresko hilerritik. 1945eko urtarrilaren 16an fusilatu zuten, PCEko idazkari nagusi zela.
Lourdes Herrasti Aranzadiko kidea, Carreraren hezurrak garbitzen
Gipuzkoara bidean dira Jesus Carrera Olaskoagaren hezurrak. Sei orduko interbentzioaren ondoren, Aranzadi Zientzia Elkartearen esku geratu dira Espainiako Alderdi Komunistako (PCE) idazkari nagusi zenaren gorpuzkiak.
Hondarribiko HITZAk exhumazio prozesuaren zuzeneko kontakizuna egin du Twitter bidez.
1945eko urtarrilaren 16an fusilatu zuten Alcala de Henaresko hilerriko hormaren kontra, eta bertan hobiratu zuten. 73 urte egon dira bere gorpuzkiak etxetik urrun, gaur arte.
Argi, Maria eta Xabi Carrera Jesusen ilobek, bertatik bertara jarraitu dituzte osabaren gorpuzkiak lurpetik ateratzeko lanak. “Oso hunkigarria” izan dela onartu dute, “baina oso polita era berean, parte hartu ahal izan dugulako”.
Aste batzuk beharko dira Aranzadik gorpuzkiak Carrerarenak direla laborategian baieztatzeko. Ondoren, Hondarribiko hilerrian hobiratuko dituzte, anai-arreben ondoan.