Kasino Zaharra izango da gune nagusietako bat, eta lehen aldiz antzinako kanpalekua ezarriko dute bertan.
Maria Serrano, 21. Erdi Aroko Azokaren esku orriarekin
Erdi Aroko Azokan murgilduko da bihar eta etzi Hondarribia, goiz eta arratsaldez (10:00-14:00 eta 17:00-21:00). Maria Serrano Turismo zinegotziak atzo azaldu zuenez, berritasun gutxi izango dira aurten, baina hori ez da seinale txarra, “azoka egonkortuta dagoelako”, eta publikoaren erantzuna oso ona izaten delako: “Iaz 60.000 ibilgailu iritsi ziren Hondarribira azokaren asteburuan”.
Lehen ekitaldiak Arma Plazaren bueltan egiten ziren, baina pixkanaka-pixkanaka Hirigune Historiko ia osora zabaltzen joan dira, San Nikolas, Denda, Juan Laborda, Obispo, Gipuzkoa Plaza… Jarduerara batu zen azken eremua Kasino Zaharra izan zen, eta dagoeneko gune nagusietako bat bihurtu da. Aurten, lehen aldiz, antzinako kanpalekua ezarriko dute bertan.
Kanpotik hurbiltzen direnentzat, autobusez egitea ez litzateke aukera txarra, aparkatzeko toki asko ez baitago inguruan. Ekialdebuseko linea guztiek Alde Zaharreko sarreran dute geltokia, Kasino Zaharra eremura igotzeko eskaileren parean.
Eguraldia txarra izanda ere, azoka normal egingo dela ziurtatu zuen Turismo zinegotziak, atzoko aurkezpenean.
Egitaraua
Ekitaldi bereziak
- Arma Plazan: Argazki erakusketa eta labirintoa.
- Fraxkueneko Murruan: Haima arabiarra.
- Apezpiku plazan: Haur jokoak.
- Kasino Zaharrean: Xakea, arku tiraketa, pottokiak eta poniak, falkoneria eta antzinako kanpalekua.
Erakusketariak
- Artisautza eta janarien 80 stand.
- Aintzinako tresnen erakusketa.
- Aintzinako kanpamendua.
- Arabiar haima.
Tailerrak
- Buztina.
- Landareak.
- Brun burdinola.
- Beira puztua.
- Tradiziozko jokoak.
- Egurrezko kateak.
- El Trapi haur tailerra.
Animazioak
- Pottokak eta poniak (Jaizubia zalditegia).
- Falkoneria.
- Arku jaurtiketa (Azeri elkartea).
- Aldi bereko xake partidak (Hondarribia Marlaxka Xake Elkartea).
- Gaiteroak.
- Txotxongiloak.
- Juglareak.
- Malabaristak.
- Sabel dantza (Kathsere).
- Ipuin kontalariak.
- Ardiaren gunea: motzaldia, tailerra eta erakusketa.
- Hondarribiko erraldoiak (Izugarria).
- Antzinako eskrima (Viajeros de Arcadia).