Bihartik, plazako dantzen ikastaro irekia, erromeriari begira. Galdakaoko Andra Mari, Oñatiko Oñatz eta Eltziegoko dantza taldeak gonbidatu dituzte aurten.
Adaxkako kideak, Hondarribia Dantzan jaialdiko igandean
Hondarribia Dantzan jaialdiko hamahirugarren ekitaldia ospatuko du aste honetan Kemen Dantza Taldeak, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin. Ostegunetik igandera egingo dute, baina bihar asteartean hasiko dira motorrak berotzen, plazako dantzen ikastaro irekia egingo baitute ostegunera arte Kultur Etxean; 19:00etatik 20:00etara izango da, doan eta izena eman beharrik gabe.
Ostiralean aurkeztu zuten aurtengo egitaraua, eta bertan izan ziren Mikel Button, Maitane Aranburu eta Unai Oiartzun, Kemeneko kideak, eta Kalixa Silanes Kultura zinegotzia.
Hamahiru urtetan jaialdia erabat egonkortu dela adierazi zuen Buttonek, eta egitarauak ez du alde handirik aurreko edizioetakoekin alderatuta: ostegunean hitzaldia, ostiralean erromeria, larunbata talde gonbidatuen eguna izango da, eta igandea, Adaxka Eguna, harrobiarena. Hori bai, berrikuntza batzuk badakartza aurtengo Hondarribia Dantzan jaialdiak.
Batetik, nabarmendu beharreko bat, Madalen plazako ekitaldiak Arrantzale Auzora mugituko dituztela, Santiago kaleko hirigintza lanengatik behartuta. Ez da aldaketa handia, baina kontuan izatekoa bai.
Bestetik, dantza talde gonbidatuak berriak dira, urtero aldatzen direlako. Galdakaoko Andra Mari, Oñatiko Oñatz eta Eltziegoko dantza taldeak etorriko dira larunbatean. Ohi bezala, goizean kalez kale ariko dira, eta eguerdian agerketa egingo dute Arma Plazan.
Eta hirugarren berrikuntza, hitzaldia, aurten dantza jantzien ingurukoa izango baita. Ikerfolk elkarteko Ane Albisuk prestatu du eta dantzarako soinekoaren estetikaz jardungo du.
45 urte dantzan
Urte berezia ospatzen ari da Kemen Dantza Taldea, sortu zenetik 45 urte pasa baitira. Horregatik, dantza taldearen ibilbidean partaide izan diren guztiei deia luzatu zien Mikel Buttonek aurkezpenean: “Taldean ibilitako guztiek parte hartzea nahi dugu, eta baita herriko zein eskualdeko herritar guztiek ere”.
Aurkezpenean jakinarazi zuenez, 45 urtetan ibili diren guztien zerrenda egiten dabiltza, baina kostako zaie. Izan ere, 300etik gora, ia 400 dira Kemen eta harrobiko Adaxka taldeetako egungo dantzariak eta, hori horrela izanik, milaka izeneko zerrenda izango da taldearen historian dantzatu dutenenena.
Kalixa Silanes Kultura zinegotziak, egiten ari den bideagatik zoriondu zuen Kemen, eta dantzaren eta folklorearen transmisioan egiten ari den lana nabarmendu zuen: “Ea lortzen dugun belaunaldiz belaunaldi dantza eta euskal kultura mantentzea”.
Egitaraua
Hilak 24, osteguna
- 20:00etan, Kultur Etxean. Hitzaldia: Euskalduntasunaren azaleratzea. Soinekoaren estetika eta transmisioa. Ane Albisuren eskutik.
Hilak 25, ostirala
- 20:00etan, Arrantzale Auzoan. Erromeria.
Hilak 26, larunbata
- 11:00etan hasita, kalez kale. Galdakaoko Andra Mari, Oñatiko Oñatz eta Eltziegoko dantza taldeak.
- 12:30ean, Arma Plazan. Dantza agerketa.
- 17:30etik aurrera, kale animazioa.
Hilak 25, ostirala. Adaxka Eguna
- 11:00etan hasita, kalez kale. Kalejira.
- 12:00etan, Arma Plazan. Dantza agerketa.