[Gutuna] “Hondarribiko eta Irungo hondakin solidoak”

Gure kezka eta ezinegona adierazi behar dugu gaur egun Txingudiko mankomunitateak duen jarrera eta egiten duen jardunarengatik Hiri Hondakin Solidoen kudeaketari dagokionean. Abotsanitzetik behin eta berriz eskatzen ari gara, Txingudiko mankomunitateak, gai honi lotuta, bestelako jarrera bat har dezan, baina gaurdaino, ez dugu ganorazko jarrera eta erantzunik jaso.

Gure eskualdean, birziklatze tasa %48,5a den bitartean, gainontzeko zaborraren erdia baino gehiago errefusa gisa sortzen ari gara. Gipuzkoako zabortegiak bete ditugula eta gainezka daudela ozen entzun ahal izan dugu azken urteetan, baina aldi berean ez ditugu bere osotasunean neurri eraginkorrik hartu hori ekiditeko.

Bestelako sistemak abiatu direnean, jakin badakigu zer nolako kanpaina mediatiko-politikoa eman zen Gipuzkoan. Hondarribia eta Irunen errefusaren edukiontzia nolanahi erabiltzen da eta bertan mota guztietako edukiak lagatzen ditugu (plastikoa, kartoia, organikoa, aulkiak, mantak, arropa,etab luze bat). Gaur egun zabortegietan, 22.000 tona errefusa metatzen ari gara urteko, eta kudeaketa egokiagoa eginez gero, 4.000 tona izango lirateke.

Gogor salatu behar dugu Txingudiko mankomunitateak duen jarrera arduragabea, bai Txinzer SA enpresaren aldetik, zein nagusi diren alderdi politikoetatik ere. Gure eskualdean, gai honi lotutako eztabaida eta parte hartze prozesuak abiatu ditzan eskatu dugu mankomunitateko batzarretan, birziklatze tasak nabarmenki gora egin dezan. Baina argi geratu zaigu ez dela Hiri Hondakin Solidoen gaineko eztabaidarik eta halako prozesurik eman nahi.

Abotsanitz Herri Batzarra

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend