Apirilaren 21etik 22ra izan zen erasoa, goizaldean. Ezezagun batzuek elkarteko mastetan zeuden ikurrinak eta banderolak kendu eta txikitu zituzten.
Apirilaren 21etik 22ra kendu zituzten Muara elkarteko ikurrina eta banderola
Joan den
osteguneko plenoan Muara elkartearen kontrako eraso bat salatu zuen Hondarribiko udalbatzak. EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa, eta aho batez onartu zen EAJ, Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EE udal taldeen botoekin —PPko ordezkaria ez zen bilkuran egon, osasun arrazoiengatik—.
Apirilaren 21etik 22ra izan zen erasoa, goizaldean. Mozioan azaltzen zenez, “ezezagun batzuek elkarte honek atarian zituen mastetan zeuden ikurrinak eta banderolak kendu eta txikitu zituzten ‘yo soy español’ eta ‘viva España’ oihukatuz”. Karlos Gebara
Manza-k irakurritako testuak erasoa salatzeko eskatzen zitzaien udal taldeei, “bortitza delako, elkarbizitzaren kontrako eraso zuzena delako eta Euskal Herria osoa batzen eta ordezkatzen duen sinboloa, ikurrina, suntsitu dutelako”.
Mozioa aho batez onartu eta gero, Muarak eskerrak adierazi du udalbatzaren babesagatik: “Eskerrak eman nahi diogu udalbatza osoari emandako babesa eta elkartasunagatik. Kaltea eragiten saiatu diren horiek, entzun dezaten ozen: ikurrina, presoak etxeratzeko banderola eta borroka feministarena urratu eta txikitu dituzte, oihu faxisten bitartez beren amorrua agertu; ez dute lortuko ordea Euskal Herriaren aldeko borroka, borroka feminista ez eta euskal presoak etxeratzearen aldeko borroka etetea, askatasunaren alde dugun konpromisoa sendoagoa baita”.