Gure Esku Dagok hamar autobus bete behar ditu Hondarribian, ekainaren 10ean EAEko hiru hiriburuak lotuko dituen giza katea indartzeko.
Euriak aterpera eraman ditu Gure Esku Dagoko kideak
500 hondarribiar behar dira ekainaren 10erako, hori da albistea. Gure Esku Dagoren Hondarribiko taldeak agerraldia egin du gaur goizean udaletxeko arkupeetan, EAEko hiru hiriburuak lotu nahi dituen giza katerako hondarribiarrei eskatzen zaiena jakinarazteko. Damarri plazan egina zuten deialdia, baina euriak aterpea bilatzera behartu ditu, eta udaletxeko arkupeetan hartu dituzte kazetariak.
Gaurko agerraldia, hondarribiar guztiei deialdia luzatzeko baliatu dute plataformako kideek, haien beharra ezinbestekoa dela adieraziz: “Gizarte zibila mobilizatu eta elkartu nahi genuke euskal herritarrok gure geroa erabakitzeko dugun eskubidearen alde”.
Ekainaren 10ekoa historikoa izango dela iragarri dute, “Euskal Herrian inoiz bildu den parte hartzaile multzorik handiena” mobilizatzea delako helburua. Donostia, Bilbo eta Gasteiz artean dozenaka mila pertsona beharko dira, eskuz-esku, katebegiz-katebegi, 201,9 kilometroko giza lerroa sortzeko. 2014an Durango eta Iruñea artean dauden 123 kilometro 150.000 herritar elkartu baziren, bota kontuak.
Noski, horrek esfortzua eskatzen du, eta Hondarribiak berea egin beharko du: 500 lagun beharko dira giza katearen Debako zatia indartzeko, han kokatuko baitira hondarribiarrak. Hamar autobus bete beharko dira herrian, eta erronka horren bila abiatuko dira asteburu honetatik hasita.
Astebururo Portuan
Ekainaren 10 iritsi bitarte, Gure Esku Dago plataformak mahai informatiboa jarriko du asteburuetan San Pedro kalean, “larunbat eta igandero, eguerdiko hamabietatik ordu bietara”. Bertan, giza kateari buruzko informazioa zabalduko dute, eta autobusetan izena emateko aukera izango da. Halaber, ekainaren 10eko ekitaldirako propio kaleratu dituzten elastiko berriak salduko dituzte San Pedro kaleko mahai informatiboan. Aurten, zuria izango da erabakitzeko eskubidearen kolorea.