Azken asteetako ekaitzek eta astebururako iragarpenak asko zailduko dute Talaia Trail. Igandean egingo dute, eta lokatza izango da protagonista.
Asteartean aurkeztu zuten Talaia Trail 2018 Hondarribiko udaletxean
Euria, hotza, ipar haize fina, itsaso harrotua… hori da Gipuzkoako mendebaldeko kostalderako astebururako iragarri duten eguraldia. Joateko ordua iritsi zaion arren, nonbait neguak ez dio oraindik udaberriari lekukoa pasatu nahi. Negu giroa da
Talaia Trail mendi lasterketako korrikalariek igande goizean aurkituko duten panorama: ura, hotza eta lohia. Baina ez zuten besterik espero, baldintza horiekin entrenatzen aritu baitira negu osoan zehar.
Fortuna Kirol Elkarteak antolatzen du Talaia Trail —lehen urteetan Donostia-Hondarribia Talaia Bidea mendi lasterketa zen—. Behobia-Donostiaren ardura duen elkarte berak antolatzen du igandekoa, baina azaroan egiten denarekin zerikusi gutxi du honek. Batetik, kontrako norabidean egiten da, mendebaldean (Donostian) hasi eta ekialdean (Hondarribian) bukatu. Bestetik, mendiko proba da, oso metro gutxi ditu asfaltoan, azken zatian soilik. Hirugarrenik, ia hamar kilometro luzeagoa da, 30,8 guztira, Donostia, Pasaia, Lezo eta Hondarribian barrena. Eta parte hartzea mugatua da —500 kirolari da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak jarritako muga—, lasterketak natura gune babestua zeharkatzen duelako.
Horrek guztiak egiten du berezia Talaia Trail mendi lasterketa, eta horrek guztiak eragiten du behin korritzen duenak errepikatu nahi izatea. Horretan behintzat, badu Fortuna KEk antolatzen duen beste proba horrekin parekotasunik. Baina Behobia baino askoz gogorragoa da Talaia bidean egiten dena, ibilbidea mila aldiz ederragoa den arren.
Asteartean aurkeztu zuten Talaia Trail probaren zortzigarren ekitaldia Hondarribiko udaletxean. Bertan izan ziren Arantza Rojo Fortunako kidea, Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotzia, eta igandean korritzeko zapatak jantziko dituzten Iker Oliveri hondarribiarra eta Alazne Mujika donostiarra.
Silanesek proba garatzen den eremuan jarri zuen arreta, batez ere Pasaiako bokaletik aurreragokoan, Jaizkibelen: “Hondarribiko Udalak lasterketa honi harrera egitea gogoko du, kirol zaletasuna bultzatzeko balio duelako, baita gure ondare naturala balioan jartzeko ere”. Eta arkitektonikoa ahaztu gabe, azken kilometroan hirigune historikoa bisitatzeko aukera izaten baitute korrikalariek. Helmuga Harresilanda kalean kokatzen du antolakuntzak, Erdi Aroko murruaren pare-parean.
Lohia protagonista
Gutxi gorabehera, hamabiak laurden gutxiagotan iritsiko da gizonezkoen irabazlea helmugara. Rojok eman zituen datuak: “09:30ean abiatuko da proba. Donostiako Katalunia plazan hasiko da, eta 31 kilometro egin eta gero Hondarribiko Harresilandara iritsiko da”. Korrikalariek Ulia eta Jaizkibel mendiak igo eta jaitsi beharko dituzte, eta bien arteko zatian, Pasai San Pedrotik Donibanera txalupaz pasako dira.
Natura 2000 eremuan egiten denez, zozketa egin behar izaten dutela nabarmendu du Fortunako kideak: “500 lagunentzako tokia dago. Asko kanpoan geratzen dira eta zozketa egin behar izaten da. Zozketa horretan, emakumeen aldeko diskriminazio positiboa egiten dugu”. Aurten, %7,6 izango dira emakumeak, mendiko lasterketa luzeetan izaten denaren gainetik; asfaltoko probetan handiagoa izaten da kopurua, 2017ko Behobian esaterako, %23,89 izan ziren emakumeak.
Oliverik laugarrena nahi du
Iaz Iker Oliverik eta Uxoa Irigoienek irabazi zuten proba. Hondarribiarra azken hiru ekitaldietan nagusitu da eta Getariakoak ere hirutan irabazi du emakumeen sailkapena, azken bietan eta 2014koan.
Oliveri 2016ko proban, Guadalupeko jaitsieran. Aurten zati arriskutsua izango da
Oliverirentzat oso berezia da etxera besoak altxatuta iristea, eta ez du baztertzen laugarrenez lortzea: “Sasoian nago aurten, inoiz baino hobeto jaisten ari naiz, eta gerra emateko prest nago”. Nolanahi ere, Talaia bidekoa “ukituak uzten dituen proba” dela ohartarazi du: “Eguraldiaren beldur gaude denok. Euri asko emanda dago eta horrek eragina izaten du, segurtasunagatik batez ere”. Jaitsieretako lokatz uneak ondo ezagutzen dituztenek abantaila izango dute aurten, bai Oliverik, baita 2016an bigarren sailkatu zen Joxe Amunarriz Oliveriren herrikideak ere (irakurri Amunarrizi eginiko elkarrizketa beherago).
Donostiarra izanda, Alazne Mujikak ez du hondarribiarrek bezain ondo ezagutzen Jaizkibel, baina lasterketaren lehen zatia bai: “Ulia aldean gehiago entrenatzen naiz ni”, esan zuen aurkezpenean. Iaz seigarren sailkatu zen, eta aurten “ilusio handiarekin” dagoela onartu du: “Iazko lana errepikatzea lortzen badut, urtebete gehiago dudala kontuan izanda, pozik geratzeko modukoa izango da”.
Talaia iruditan
Itsasoaren gainetik
Munduan gutxi dira itsaso gainetik egiten diren lasterketak, Talaia Trail horietako bat. Korrikalariek Ulia jaisten dutenean, motora hartu behar izaten dute Pasai San Pedrotik Donibanera pasatzeko. Hori izaten dute atseden hartzeko une bakarra.
Lokatza, epaile
Gune arriskutsu bat baino gehiago zeharkatu beharko dituzte kirolariek, horietako bat Guadalupetik beherako malda (irudian, Joxe Amunarriz, 2016an). Oso lohitua egongo da eta gehiegi arriskatzen duenak, irabazi baino gehiago gal dezake.
Helmuga. Iristea da saria
Batzuek sailkapena, beste batzuek denbora. Bakoitzak bere helburua izango du, baina Kale Nagusia jaitsi eta Damarriko bihurgunea hartzen dutenean, txapeldun sentituko dira parte hartzaile guztiak. Hanketako mina ere joango zaie azken metroetan.
Talaia Trail 2018
Datuak
- Luzera. 30,8 kilometro.
- Goranzko desnibela. 1.300 m.
- Parte hartzaile kopurua. 500; 464 gizon eta 36 emakume.
- Irteera. 09:30ean, Donostiako Katalunia plazatik.
- Helmuga. Hondarribiko Harresilanda kalean.
Iazko Podioa
Mutilak
- Iker Oliveri (2:19:05).
- Jon Ugalde (2:22:18).
- Aritz Kortabarria (2:22:27).
Neskak
- Uxoa Irigoien (2:51:36).
- Emma Puchu (3:05:32).
- Karla Lejarreta (3:07:44).
Joxe Amunarriz: «Negu guztia prestatzen aritu naiz udaberriko karrera hauek ondo egiteko»
Duela bi urte bigarren geratu zen —iaz ez zuen parte hartu—, 2015eko denbora hiru minututan onduz. Urte gutxi daramatza mendiko lasterketen zirkuituan, baina urtetik urtera azkarrago ibiltzen da. Pasa den asteburuan Jurramendin podioa egitetik dator, eta Jaizkibelgo lokatz guneetan murgiltzen ohitua dago, bertan entrenatzen baitu. Igandean gutxik disfrutatuko dute, baina Joxe Amunarriz hondarribiarrak horietako bat izan nahi du. Horrez gain, ohorezko postuetako bat lortzera aterako da.
Nolako proba da Talaia zuretzat? Zer garrantzia du zure egutegian?
Batetik, 30 kilometroko mendi kostaldeko karrera dela esan behar da. Oso entretenigarria da, Donostiatik atera eta Uliako bideak zeharkatu eta Pasaiako badiara iritsi eta gero, San Pedrotik Donibanera barkuan pasatu behar izaten dugulako. Geroago Jaizkibel kostako bideetatik gure herrira.
Entrenatzen dudan eremuan denez, eta martxoan izaten denez, gustuko dudan proba da Talaia, eta nire prestakuntzara ondo egokitzen da, geroxeago maiatzean Zegamako Maratoia egiteko.
Nola iritsi zara aurten Talaiara?
Negu guztia prestatzen aritu naiz udaberriko karrera hauek ondo egiteko. Orain arte Lezo-Jaizkibelen eta Jurramendin egon naiz, nire nibela atera dut eta kontent nago.
Aste osorako eta astebururako eguraldi iragarpenak kontuan izanik, zer moduz ibiltzea espero duzu?
Neguan eguraldi txarra egin du eta horrela segitzea espero da Talaiari begira. Gustuko dut eguraldi hau, finean kondizio hauetan entrenatzen dugulako.
Zer plan duzu aste honetan prestatzeko? [Elkarrizketa asteartekoa da]
Aurreko asteburuan Jurramendin korritu nuen —hirugarren geratu zen— eta egun hauetan suabe entrenatuko dut Talaiara berriz ere fuerte iristeko.
Orain arteko probetako sailkapenaren arabera, zeintzuk izan daitezke hautagaiak mutilen podiorako?
Arerio nagusia Oliveri herrikidea izango dela uste dut, beti txapeldun geratzen da hemen eta Gipuzkoako karreretan. Eta nola ez, Jon Ugalderekin adi egon beharko naiz, Talaia bideko beste klasiko bat da. Ni saiatuko naiz nire lana egiten, hor goian beraiekin borrokatzeko.
Edurne Jauregi: «Eguraldia ikusita, ondo iristea izango da nire helburua»
Duela sei bat urte hasi zen korrika egiten Edurne Jauregi antxotarra, zaletasunez. Normalean asfalto gainean aritzen da, oso gutxitan mendian, hamar lasterketatik batean edo. Baina Talaia bidekoa lehen aldiz egin zuenetik bere proba gogokoenetako bat bilakatu da, nahiz eta teknikoegia dela onartzen duen. Igandean disfrutatzera aterako da, eta jaitsieretan arreta berezia jarri beharko du, ez erortzeko.
Nolakoa da zuretzat Talaia?
Niretzat lasterketa ikaragarria da. Erronka handia, mendian 30 kilometro egitea ez delako nolanahikoa. Bestetik, gure herrien inguruan egiten da, paisaia ederren inguruan, eta horregatik ere mendiko lasterketa izugarri ederra dela uste dut.
Zein denboran egin izan duzu?
Aurten parte hartuko dudan hirugarren ekitaldia da. Lehenean, 2014an, lau ordu inguruko denbora egin nuen, eta bigarrenean, 2016an, hiru ordu eta 40 minutura jaitsi nuen nire denbora. Aurten gustatuko litzaidake hiru ordu eta erdian-edo egitea, eta ahal izango banu, hortik beherago egon.
Azken egunetako eguraldia ikusita, nolako lasterketa espero duzu?
Zaila. Ni batez ere asfaltoko lasterketetan aritzen naiz, mendian gutxiago. Korritzeko zaila izango da, oso teknikoa, eta aitortu behar dut ibilbide teknikoetan ez naizela oso abila. Lokatz asko egongo da bidean, Jaizkibelen batez ere, eta arrisku puntua ere izango du. Jaitsieretan kontuz ibili beharko da; ondo jaisten direnek errazago izango dute zirkuitura moldatzea. Gainera, nire aurretik 400 bat korrikalarik zapalduko dute bidea, beraz, are zailago izango dugu atzerago joango garenok.
Zer bilatuko duzu etzi, postua, denbora, beste zerbait?
Ikusita zein eguraldi egingo duen, nire helburua izango da helmugara ondo iristea, eta hiru ordu eta 30etik jaistea.
Zein dira, zure ustez, lasterketaren zatirik gogorrena, eta ederrena?
Gogorrena esango nuke Guadalupeko igoera dela, ordurako jada hanketan 20 bat kilometro eramango ditugulako; igoera, lokatzarekin gainera, latza da. Ederrena? Jaizkibelgo antenatik itsaso aldera jaisten den zatia, itsas ertzeko eremu hori oso ederra da.