Arma Plaza Fundazioak Hondarribiko Aste Santuari eskainiko dio Ezagutu Zure Hiria programako azken jardunaldi bikoitza.
Ostiral santuko prozesioa (arg: Arma Plaza Fundazioa)
Astebete eskas geratzen da aste santurako, baina Hondarribian dagoeneko hasiak dira ospakizun horiei lotutako kultur ekintzak.
Eliz Musikaldia
Eskifaia elkarteak
larunbatean abiatu zuen 36. Eliz Musikaldia, eta astebururako bi kontzertu programatu ditu. Larunbatean Valentziako Ad Libitum abesbatzak kantatuko du, eta igandean Eskifaia eta Xatz Eskifaia etxeko koruek. Bi kontzertuak parrokian izango dira, 19:30etik aurrera. Poltsikoan diru pixka bat eramatea komeni da, atarian Hondarribia-Katsikas Boluntario taldearen aldeko bilketa egingo baitute Eskifaiakoek.
Hitzaldia eta bisita gidatua
Hilaren 25ean, Erramu Igandearekin hasiko dira ospakizun erlijiosoak (behean, egitaraua), baina Arma Plaza Fundazioak egun batzuk lehenago hasiko du aste santua. Ostegun honetan, hilak 22,
Aste Santua Hondarribian goiburuko hitzaldia antolatu du. Jose Luis Arbelaizek eta Koldo Ortegak eskainiko dute, 19:00etan, Arma Plaza kultur guneko goiko solairuan.
Ezagutu Zure Hiria programa barruko hitzaldia da, ikasturteko seigarrena eta azkena. Hitzaldiari lotuta, larunbatean bisita gidatua egingo dute, 11:00etan Arma Plazatik abiatuta, aste santuko pausuak ezagutzeko. Jon de Pablosek gidatutako ibilbidea izango da, eta ezinbestekoa da izena ematea; 943 64 36 77 telefono zenbakira deituz egin daiteke, edo Arma Plaza Fundazioko
posta elektronikora idatziz.
Bisitari ugari espero dira heldu diren bi asteetan. Horientzat, eta hondarribiarrentzat, bisita gidatuak eskainiko ditu Arma Plazak, hiri harresitua eta eliza ezagutzeko. Horren inguruko informazioa behar duenak turismo bulegoan lor dezake, baita telefonoz deituta ere (ikusi goiko paragrafoan).
Argazki lehiaketa
Aste santuko klasiko bat argazki lehiaketa da. Hondarribiko Udaleko Turismo departamentuak antolatu du hamabigarrenez. Edozeinek har dezake parte, 20×30 zentimetroko hiru argazki gehienez aurkeztuta. Lanak BAZ bulegora eraman behar dira; maiatzaren 4a da horretarako azken eguna (
irakurri oinarriak).
Irabazlearentzat 500 euroko saria egongo da, 400 euro bigarrenarentzat eta 300 hirugarrenarentzat. Gainera, argazki onenak 2019ko aste santuan erakutsiko dira. Aurten, iazkoak ikusteko aukera izango da Arma Plazako kultur gunean.