Handituz doa pentsiodunen elur bola
Hirugarrenez pentsio duinak exijitu dituzte Hondarribian. Leku faltagatik, Damarri plazan egingo dute hurrengo asteleheneko protesta.
Hurrengo mobilizazioa Damarri plazan egingo dute, leku faltagatik
Geroz eta handiagoak ari dira bihurtzen azken asteetan pentsio duinak exijitzeko deituriko mobilizazioak. Gaur otsaileko hirugarren elkarretaratzea egin dute Hondarribiko Kale Nagusian eta aurreratu dute hurrengorako tokiz mugitu beharko direla, udaletxe pareko eremua txiki geratu zaielako. Hala, hurrengo astelehenean aldapan behera jaitsiko dira, Damarri plazan egingo dute kontzentrazioa.
Pentsio duinak eskatzen dituzte, ez daude ados Espainiako gobernuak eskaini duen %0,25eko igoerarekin. KPIa erreferentzia bezala hartzea nahi dute, eta gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, Europako Gutun Sozialaren gomendioari kasu eginez. Gainera, erabakiaren atzeraeragina ezinbestekoa jotzen dute, 2011tik pentsiodunen erosketa ahalmena %6,5 txikitu delako.
Erretiratuez gain, jarduneko langileak ikusi dira gaurko elkarretaratzean eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, “beraiek ere mobilizatu behar dute, dei egiten diegu gure eta euren pentsioen alde borrokatzeko, beraiek izango direlako hurrengo kaltetuak”.