Urtebeteko espetxe zigorra ezarri diote Capbretongo atentatuarekin zerikusia izan zuelakoan. Aurretik auzi-ihesean bost urtera zigortu zuten ekintza hargatik.
Sorzabali elkartasuna adieraztera Bidasotik joandakoak, epaiketaren aurretik
Urtebeteko espetxe zigorra ezarri diote Iratxe Sorzabal irundarrari, Capbretongo atentatuarekin zerikusia izan zuelakoan. Atzo epaitu zuten Parisen eta, ekintza hartan parte hartu ez zuela demostratu ahal izan zuen arren, ekintzaileek erabilitako ibilgailuan bere hatz markak eta DNA zuten objektuak azaldu ziren, eta terrorismo delitua egotzita urtebeteko zigorra ezarri zioten; fiskaltzak lau urteko eskaera egin zuen.
Aurretik auzi-ihesean epaitu zuten Sorzabal gertakari horiengatik, eta bost urteko zigorra ezarri zioten. Berriro epaitu zuten atzo, irundarra bertan zela. Ezarritako zigorra urtebetekoa izan zenez, lau urtetan murriztu diote kondena.
Bide baketsutik bakarrik
Epaiketa bukatu aurretik epailearen aurrean mintzatu zen irundarra. Bere ideia politikoak “soilik bide politikoen bidez” defendatuko dituela adierazi zuen. Nolanahi ere, salatu zuen Espainiako Estatua ez dela demokratikoa, eta Kataluniako gatazka politikoa eta Euskal Herrian tortura erabili izana horren jarri zituen adibidetzat. Bera ere “bost egunez eta bost gauez” torturatua izan zela gogora ekarri zuen, 2001ean Guardia Zibilak atxilotu zutenean; hilabete batzuetara aske utzi zuten kargurik gabe.
Bukatzeko, Iazko apirilaren 8an ETAk “erabateko armagabetzea” gauzatu zuela gogorarazi zuen Sorzabalek, eta Espainia eta Frantziako gobernuei eskatu zien bake prozesua oztopatzeari uzteko.