Euskaraldia prestatzen hasi dira Hondarribian. Historikoa izan nahi du abenduaren 3koak, eta dagoeneko hasi dira zirriborratzen
Taldeetako bat, Euskaraldia iritsi arteko kronograma lantzen
Hau marka! Ia bederatzi hilabete falta direnean, dagoeneko hasi dira Euskararen Eguna prestatzen Hondarribian. Duela bi aste Kike Amonarriz soziolinguistak hitzaldia eman zuen Itsas Etxea Auditoriumean,
Euskaraldia, 11 egun euskaraz programa aurkezteko, eta “une historikoa” aprobetxatzeko beharraz mintzatu zen. Bere hitzetan, ikasleen artean euskara ezagutza hain handia den testuinguru honetan aukera baliatuko ez balitz, egungo ikasleak ez balira jabetuko erabileraren garrantziaz, guraso izatera iristen direnean haien seme-alabek zalantzan jarriko dute euskararen beharra. “Gure gurasoek euskaldunak izanik ez badute erabiltzen, zertarako ikasiko dut nik?», hori esango dute.
Soziolingusitika Klusterrak egindako kale neurketaren arabera, hondarribiarren %60a euskalduna da, baina euskara erabiltzen dutenen kopurua ez da iristen %25era. Akaso ez hain modu bortitzean, baina herri gehienetan errepikatzen da hori, arazo nazionala da, eta soluzioak nazionala izan behar du. Horregatik, Euskaltzaleen Topagunea eta Eusko Jaurlaritza ados jarri dira programa ahalik eta leku gehienetara zabaltzeko.
Asteartean egin zen Euskaraldia Hondarribian antolatzeko parte hartze prozesuaren lehen saioa Kultur Etxeko 103 aretoan. Hogei lagun inguru elkartu ziren baina, Udal Euskara Zerbitzuko teknikari Karmelo Goikoetxeak jakinarazi zuenez, bileretara agertu ezin duten askok informazioa posta elektronikoz jasotzeko interesa dute. Izan zirenak baino gehiago direla, alegia.
Udalak eta
Blagan Euskara Elkarteak prozesuaren nondik norakoak adostu dituzte, baina
Euskaltzaleen Topagunearen ezinbesteko laguntza izango dute. Batetik, Euskal Herriko koordinazioa bere gain hartuko duelako Topaguneak. Bestetik, tokian tokiko prozesuak dinamizatuko dituelako.
Kultur Etxean, Mikel Ozaitak eta Jurdana Martinek jardun zuten saioko dinamizatzaile gisara. Ozaitak azaldu zuenez, parte hartze prozesuaren helburua “Hondarribiko errealitatera egokitutako antolakuntza” zehaztea izango da, eta beharrezkotzat jo zuen “iniziatiba kolektiboa izatea eta babes soziala edukitzea”. Bere aurkezpenean nabarmendu zuen, “dagoeneko Gipuzkoa ia osoak” bat egin duela Euskaraldiarekin, eta hurrengo asteetan herrien zerrenda gehiago handitzea espero dutela.
11 egunez euskaldunago
Hizkuntza ohiturak aldatu, hori da Euskaraldiak nahi duena. “Noski, hori ezin da egun batetik bestera lortu”, onartu zuen Ozaitak. Horregatik, abenduaren 3tik harago doan lanketa da abiatu dutena: “Aurten norbanakoekin lan egingo da, 2019an entitateekin”. Zer da zehazki Euskaraldiak norbanakoei eskatzen diena? Honakoa: azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hau da Euskararen Egunera arte 11 egunez, euskaraz gehiago hitz egitea.
Bi profil beharko dira horretarako: batetik, Ahobiziak, euskaldunen artean beti euskaraz hitz egiteko eta ezezagunekin lehen hitza beti euskaraz egiteko prest daudenak; eta bestetik, Belarriprestak, euskara entzuteko prest daudenak, beti euskaraz erantzuteko gai ez diren arren. Horiek lortzea da kontua, zientoka lortzea, inertziak puskatzeko.
Hori nola gauzatu eztabaidatzen hasi ziren asteartean, bi taldetan banatuta. Batzuekin Martin geratu zen, gainontzekoak beste areto batera mugitu ziren Ozaitarekin. Geratu zirenei, aurrena, kronograma osatzeko eskatu zien Martinek, “zer egin daiteke Hondarribian Euskaraldia aurkezteko, gizarteratzeko”. Ideia asko atera ziren, ostalariekin elkartzea, futbol elkarteko arduradunekin biltzea, herri kanta jaialdian informazioa banatzea, kuadrilletan eragitea… profil berria ere asmatu zuten erdi brometan, zirikatzaileena. Eta zirikatzaile asko beharko direla argi zuten denek.
Taldeetako bat, Euskaraldia iritsi arteko kronograma lantzen
Gero ur sakonagoetan murgildu ziren, Euskaraldia sustatzeko antolakuntza finkatzeko: nolako batzordea beharko den, talde motorrak zein funtzio beteko dituen, azpibatzorderik beharko ote den, zeinek koordinatuko dituen… Bi taldeek antzerako lana egin zuten, bakoitzak bere kronograma eta egitura proposamena landuz. Gero, elkartu zirenean, informazioa trukatu zuten.
Prozesu osoa irekia
Oinarria jartzea zen lehen saioko helburua, eta oinarri sendoa jarri zen Martinen iritziz: “Euskaraldia martxan jartzeko lehen pausoak ematea zen helburua, panorama nazionala ikusi eta hori herrira ekartzea, kronograma eta antolakuntza zehaztu, eta funtzioak euskalgintza sozialaren eta udalaren artean banatu”.
Bi aste barru elkartuko dira berriro, hilaren 20an eta toki berean, 18:00etan, eta asteartean egon ez zirenei ere zuzendu zitzaien dinamizatzailea: “Hemendik eta bukaera arte prozesua irekia izango da”. Bigarren saioan, lehenengoan atera ziren ideietan sakonduko dute, “zehatzago landuko ditugu, zer eta nola jar dezakegun martxan”.
Hondarribiko herrian berdea nagusi, despistatuenak ere badaki hori. Asteartekoa bukatzerakoan, saioa kolore batekin lotzeko eskatu zieten parte hartzaileei. Eta gehienek berdea aukeratu zuten. Herriko kolorea delako, freskotasuna adierazten duelako, naturarena… baina batez ere esperantzaren kolorea delako. Kultur Etxetik ateratakoan, bi ordu aurretik zeudena baino itxaropentsuago zegoen taldea, handia izango den zerbait egitera doazela sinistuta.
Erabileran eragin nahi du Euskaraldiak, azken urteotako bilakaera irauli, beherako joera goranzko bilakatu. Topaguneko kideen arabera, “ekinaldi ahaltsua izango da, ez bakarrik sinbolikoa”. Hori lortzeko lan handia egin beharko dela argi dute Hondarribiko lehen aktibazio saiora hurbildu zirenek. Baina erronkari heltzeko prest daude, eta hori bai, askoren artean bada hobe.