Xabier Iridoyren atzoko hitzek eragin zuzena izan dute Udal Gobernuan, eta gaur, 16:00etatik aurrera, Santano zenbait kontu argitzen ari da.
Gaurko agerraldiaren irudia.
“Ezin dut Hirigintza ordezkari bezala mantendu pertsona bat harekiko konfiantza osoa galdu dena, eta gainera, ikerketa teknikorik gabeko hirigintza akordio bat lortu duela onartzen duena”. Jose Antonio Santano Irungo alkateak kargutik kendu du Xabier Iridoy (EAJ) gaur arte Hirigintza ordezkari zena. Arrazoi nagusiena, Korrokoitzeko gaiaren kudeaketa, aurreko bi esaldi horietan laburtuta. Gaur arratsaldean eman ditu kargugabetzearen arrazoiak alkateak, ondoan bere alderdiko, PSE-EEko zinegotziak zituela. Serio, oso serio, eta irmo, mintzatu da Santano, beharbada alkate bezala egin dituen urteetan erabaki politikorik gatazkatsuenaren berri emateko. Santanok jada eman dio Iridoyri bere erabakiaren berri.
Atzo, Irungo Udaleko Hirigintza ordezkari Xabier Iridoyk, Korrokoitz inguruko
Plan Berezia garatzeko jabe pribatuekin akordio batetara iritsi zela berretsi zuen beste behin. Aurretik, Ogasun ordezkari Miguel Angel Paezek (PSE-EE) eta alkate Jose Antonio Santanok Iridoyren lana kritikatu zuten, aurretik ikertu beharreko plana zela eta plan hori alkatea berak onartu beharko zuela argudiatuz. Iridoyk gogor jo zuen alkatearen aurka, honen adierazpenak “zeharo onartezinak” zirela salatuz. Hortaz, gaur udaletxean PSE-EEko kideek irudikatu dutena, espero zen haustura baten egikaritzea izan da. Orain, kolokan dagoena da udal gobernuan PSE-EE eta EAJren akordioa, hortaz, udalaren gobernagarritasuna.
Alkateak, Korrokoitzeko gaian, bere jarrera berriz ere defendatu du: “Akordioak ikerketa eta txosten teknikoen arabera hartzen dira. Beste era batera jarduteak arazo larriak ekar ditzake, eta hori hiri honetan ez dut onartuko. Politiko baten hitzetan ez da onargarria entzutea txosten teknikoek akordio bat babestuko dutela, hain zuzen ere, nik iragarri ez dudan akordio bat. Hirigintza arloko gardentasunean oinarrizko printzipioa da hori”.
Baina alkateak ez du mugatu EAJrekiko edo Iridoyrekiko desadostasunen zerrenda Korrokoitzeko auzira, “tamaina handiagoko edo txikiagoko beste kapitulu batzuk ere egon dira”, eta horren adibidetzat jarri du, Santanoren hitzetan, Iridoy saiatu zela aurrekontuak “bide paralelo batetik” negoziatzen, “nahiz eta bere eskumena ez izan udal aurrekontuen gainean inolako akordiorik lortzea”.