Hau da Olako sagardo berria
Ketxus Poncek ireki du Irungo Meaka auzoko sagardotegiko XX. txotx garaia. Olako lehen soinularia izan zen hondarribiarra.
Ketxus Ponce, Iñaki Bengoetxearen ondoan, igande eguerdian
Irungo Ola sagardotegiko txotx sasoi berria ireki zuten atzo eguerdian. Meakako sagardotegiko XX. irekiera izan zen, eta bizpahirutan salbu beste ekitaldi guztietan presente egon izan den Ketxus Ponce hondarribiarrak izan zuen lehen kupela zulatzeko ardura.
Hondarribian aski ezaguna da Ponce, besteak beste, urte askotan Ama Guadalupekoa traineruan bogatu zuelako, herri olinpiadetako antolatzaile taldeko kide zelako, eta facebooken
Hondarbiko Hitzak jaso eta zabaltzen aritzen delako.
Baina Irunekin ere lotura handia du hondarribiarrak, eta Olarekin bereziki. Iñaki Bengoetxeak Meakako burdinola sagardotegi bihurtu eta gero, bertan jo zuen lehen trikitilaria izan zen Ponce, eta hamabost urte inguruz aritu izan da sagardo garaian Olako afariak soinuarekin girotzen. Horregatik, eta askoz gehiagogatik, aukeratu dute hondarribiarra Olako sagardo berria dastatzen lehen izateko.
Maiatza bukaera arte iraungo du txotx garaiak Olan. Sagardotegi menuaren prezioa 28 eurokoa da bertan (9 euro haurrena). Larunbatetan afaltzera joaten direnek, zuzeneko trikitilariak izango dituzte giroa sortzen; otsailetik apirilera, baita ostiraletan ere.