Mari Jose Noain antropologoak lau hitzaldi eskainiko ditu Emekin, asteazken honetan lehenengoa. Ezkutuko emakumeak azalaraziko ditu.
Ezkutuan egon diren historiako emakumeak azalaraziko ditu Noainek
Zer logika dauka gizakiaren eboluzioa adierazteko beti gizonaren irudia erabiltzeak? Zergatik irudikatzen da gizona Paleolito garaiko kobazuloetako margoen egile bezala? Zergatik dira gizonak Antzinateko pertsonai ezagun ia guztiak? Ba historia gizonezkoek idatzi izan dutelako, eta euren bertsio hori zalantzan jartzen ez delako.
Baina Mari Jose Noain arkeologo, antropologo eta
blogari hondarribiarrak buelta eman nahi dio horri, eta aste honetatik bertatik hasita, genero ikuspuntua aintzat hartuta berraztertuko du historia. Emeki elkarteak antolatuta, eta Hondarribiko Udalak babestuta, lau hitzaldi emango ditu Noainek Puntaleko eskola zaharrean, hurrenez hurren,
Emakumea Historiaurrean (hilak 17),
Emakumea Antzinako Egipton (hilak 31),
Emakumea Antzinako Grezian (otsailak 14) eta
Emakumea Antzinako Erroman (otsailak 28). “Batez ere historia nola idatzi den berraztertu nahi dut, gizonek idatzi izan dute, eta erabat distortsionatuta azaldu zaigu, emakumeen papera erabat aldatuta dago. Iritsi zaiguna eta kontatu digutena ez dela beti horrela”.
Hitzaldiak gaztelaniaz izango dira. 18:00etan hasiko dira, eta ordu eta erdiko iraupena izango du bakoitzak gutxi gorabehera, galderentzako tartea barne. Urtarrilean bi eta otsailean beste bi izango dira, baina ez jarraian, bi astean behin baizik. Zikloa dohainekoa da, eta gaiak banaka prestatu dituela azaldu du Noainek: “Ez da zertan lauetara joan behar, ez dago izena eman beharrik, eta nahi denera joan daiteke”.
Beste hiruekin alderatuta, aste honetakoa desberdina izango dela azaldu du arkeologoak: “Historiaurrean ez dago idatzirik, informazioa oso motza da, arkeologia bakarrik dugu. Ez dut azalduko emakumeen papera nolakoa zen, nola kontatu diguten baizik, Ideia hori aldatzen saiatuko naiz. Ez dut emakumeari buruz asko kontatuko, ez dakigulako, baina behintzat hori aldatuko dut, kontatu digute gizona ehiztaria zela eta emakumea etxean geratzen zela haurrak zaintzen, ez dakigu horrela ote zen”. Historiaurrearen barruan Paleolito garaian aztertuko du bereziki, “genero gaia lantzeko interesgarriena delako”.
Antzinatean, aldiz, idatziak azaltzen dira, eta idatzitakotik hartuko du hitzaldietarako informazioa, hori bai, normalean nabarmentzen ez diren pertsonaiak azalaraziz: “Egipton, Grezian eta Erroman baditugu testuak, baina gizonek idatzitakoak, eta testu horietan ezkutuan dauden emakumeak berreskuratzen saiatuko naiz, badaudelako”. Aspasia Miletokoa, Safo poetisa, Alejandriako Hipatia… landuko dituenetako batzuk dira, eta mitologia ere aztertuko du, “mitologiak gizartea nolakoa zen adierazten duelako, informazio piloa ematen digu”.
Lehen aldia da eskualdean antzinatea genero ikuspuntutik lantzen dena, eta lehen aldia Noainek bere herrian hitzaldiak emango dituena. Horregatik, ilusio handiz prestatu du gaia: “Eskerrak eman nahi diot Emekiri aukera hau eskaintzeagatik, historia genero ikuspuntua aintzat hartuta Hondarribian azaltzeko aukera emateagatik”.