Asko falta da traineruen ikuskizunerako, baina dagoeneko astean sei egunez ari dira entrenatzen San Juan-Koxtape, Hibaika eta Hondarribiko neskak.
Hondarribiko trainerua joan den igandean, Txingudiko badian, itsasora bidean
Igandea da, goizeko bederatziak jo berriak. Eguzkia Larrun atzealdetik azaltzen hasi da, baina laster batean lainoen atzean ezkutatzea erabaki du. Maindire zuriz estalita esnatu dira Larrun, Aiako Harria eta Jaizkibel gaina. Kostaldean abisu horia dago emanda, baina ez dirudi olatuak hainbesterako direnik. Hori bai, badiatik kanpora irtenez gero haize finak azala leuntzen du. Postala ederra da sukaldeko leihotik begiratuta, ez hainbeste eskuekin arraunari eragiteko. Baina ez da beste aukerarik, udara neguan hasten da eta.
Iker Cortes sestaoarra dabil Hondarribiko neskekin lanean. Sei urtez Hibaikan ibili eta gero duela bi urte uztea erabaki zuen, eta entrenatu gabe eman zuen aurreko denboraldia, erreleboan laguntzen. Ez du asko iraun arraun mundutik urruti, Hondarribia Arraun Elkartearekin hasi da lanean —Irunen bizi da—, nesken taldea egonkortzeko: «Azaroa hasieran hasi ginen, lehen astean ja uretara, neskek zein teknika duten ikusi nahi nuelako».
Hibaikan, Gorka Barbadoren bigarren urtea izango da, eta ondoan izango ditu Gorka Ibarluzea, eta Mikel Odriozola prestatzaile lanetan. Trantsizio urtea izango dute oreretarrek, iazko taldetik hamabostek utzi dutelako. «Pixkanaka-pixkanaka hasi gara lanean, geratu direnekin eta gazteekin. Neguan fisikoa lantzen da batez ere, entrenamendu luzeak ergometroan, uretan kilometro asko».
Ez hainbeste, baina San Juan-Koxtapen ere buruhausteak izan dituzte taldea osatzeko, arrosen ontzitik zortzi arraunlari jaitsi direlako. Anartz Gereño entrenatzaileak adierazi duenez, taldea berritzearekin batera hasi ziren entrenamenduak, «Kontxa bukatu eta hilebetera». Astean bizpahiru egunetan hasten dira, gero lau, bost, eta konturatu orduko, abendurako ja sei egunez entrenatzen dira Koxtape, Hibaika eta Hondarribiko neskak. Gutxitan lagunduko die eguraldiak, gehienetan euria, hotza, haizea, olatuak izango dituzte bidelagun. Baina udarara ahalik eta sasoi puntu onenean iristea dute helburu, eta ez dago beste formularik, negutik hasita gogor entrenatzea baino.
Hiru ontzi, hiru helburu
Urtetik urtera aldaketak izaten dira arraunean, altak eta bajak. Lurraldeetako txapelketak bitarte zaila izaten da zer gertatuko den asmatzea. Aurten zailagoa izango da. Oarso Bidasoko nesken hiru traineruek etxeko lanak egin behar dituzte neguan, San Juan-Koxtapek iazko mailari eusteko, Hibaikak ontzi ia osoa berritzeko, eta Hondarribiak, aurten bai uretaratzeko.
Gazteekin berritu du taldea Hibaikak. Irudia astelehenekoa da, fosoan entrenatzen
Donibaneko taldeak gazteekin bete ditu iraila ondoko bajak: «Harrobiko bi igotzekoak ziren, baina utzi dute —kontatu du Gereñok—; hurrengo urtean ez dugu arazorik izango, dezente igotzen direlako». Hori horrela, hainbat ate jo dituzte taldea osatzeko: «Duela bi urte ibilitako neska bat, hiru beste elkarteetakoak, arraunean ez zebilen bat, eta beste kataluniar bat, llagutean [Kataluniako aulki finkoko ontzia] ibiltzen zena eta probatu nahi zuena». Aurreko urteko mailari eusten saiatuko dira arrosak, baina lan handia egin beharko dte hori lortzeko.
Haien azken urteetako aurkari zuzenenak, Hibaikak, ziklo berri bati ekingo dio aurten, hamabost direlako taldea utzi dutenak. Harrobian begiratu dute trainerua berritzeko: «Ia guztiek utzi egin dute, eta gazteekin hasi gara lanean. Oso traineru gaztea izango da, baina ilusio handia duena», iritzi du Barbadok. Ezinbestean, 2018an egiten dutenari garrantzia kendu dio entrenatzaile oreretarrak: «Ez dakigu non egongo garen, zein izango den gure lekua, baina ahalik eta urrutien iritsi nahi dugu, eta uste dut etorkizunean oso goian egoteko aukera izango dugula».
Hondarribia Arraun Elkartean, aldiz, trainerua ateratzea da erronka. Iaz ezin izan zuten uretaratu, azken orduko hiru baja izan zituztelako. Elkarteak nesken trainerua egonkortu nahi du, eta horretan jarduteko eskatu diote Cortesi: «Proiektua finkatu nahi dute, ez izatea urte bateko gauza, irautea». Denbora beharko dute onenekin lehiatzeko, baina aurten jauzia emango dutela uste du entrenatzaileak: «Entrenamendu politak ari dira ateratzen, eta neskak oso motibatuta daude. Neguan entrenatu eta gero beti azkenak geratzea etsigarria da, eta aurten uste dut ez garela azkenak izango».
Gehienbat etxeko arraunlariekin osatuko da Hondarribiko trainerua, eta hurrengo urteetarako aulki mugikorretik datozen gazteak erakarri nahi ditu Cortesek: «Itxura ona eman behar dugu, azkena geratzeko ez dute mugikorretik finkora jauzirik egingo, ez dira animatuko. Traineruan ondo pasatuko dutela erakutsi behar diegu, polita izango dela».
Asko dira utzi dutenak
Luzea, oso luzea da traineruen denboraldia. Eta horrek marka uzten duela argi du sanjuandarren entrenatzaileak: «Estropadak irabazteak eta maila altuan ibiltzeak gauza onak ditu, baina txarrak ere, gorputzari eta buruari asko eskatzen diozula. Urtero, astebururo maila erakutsi behar duzu, eta hori gogorra da».
San Juan-Koxtapeko batelerak, asteazkenean, ergometroan
Hibaikak urte asko eman ditu elitean, baina iaz San Juanen atzetik bukatu zituen estropada garrantzitsu gehienak. Iazko taldetik hamabost hutsune daude aurtengo zerrendan. Zer gertatu den azaldu du Barbadok: «Urte asko direla eta arraunarekin nekatuta daudela. Negua gogorra da, egunero da gogorra, klima… dena».
Gazteek balio dutena erakusteko aukera izango dute aurten Hibaikan. Inge Ugarteren kasua da, harrobiko neska da, «baina kadeteetako bigarren urtean Donostiara joan nintzen». Madalen ontziko patroi lanak egitera itzuli da. Hamazazpi urte dituen arren, seigarren urtez zuzenduko du traineru baten lema: «Kontxa ondoren bukatzen dugunean, berriro erritmoa hartzea da gehien kostatzen dena, baina jende berria etortzen denez, motibazio hori dago».
Joan den asteburuko frontea joan da, baina beste bat etorri zaio atzetik. Hotza egingo du, eta euria, mendiak zurituko dira, eta olatuak iragarri dituzte itsasoan. Ez da giro izango, baina eskualdeko neskak berriro aterako dira itsasora. Gogorra da negua, baina argituko duela badaki Ugartek, udara iritsiko dela: «Lehiatzea, sentsazio horiek, garaipenak, zoriontasuna, udara da arraunaren politena… Zerbaiterako ari gara prestatzen».
Arraunlariak
San Juan-Koxtape
- Jarraitzen dute: Ioana Alijostes, Ane Arbillaga, Oihana Cereijo, Maria Elizetxea, Laura Goldarazena, Ane Hernandez, Irati Larrañaga, Maria Mendizabal, Izaro Leztaio, Andrea Oubiña, Nerea Perez, Ane Pescador, Viki Piñeiro, Josune Ugarte.
- Iritsi dira: Iana Cardellach (Tarragonatik, llagut ontzian ibilitakoa), Alazne Egiazabal (Arraun Lagunak), Silvia Justo, Sarai Lizaso (itzuli da), eta Onintza Olaizola (Orion ibilitakoa).
Hibaika
- Jarraitzen dute: Zuriñe Alberdi, Olatz Arnaez, Naroa Etxeberria, June Galardi, Amaia Gezala, Nora Irazusta, Maddi Iriarte, Janire Martinez, June Mikeo, Naiara Orobengoa, Elixabete Pescador, Uxue Rodriguez, Sara Roteta, Garazi Solis, Itziar Souto, Inge Ugarte (patroia).
- Iritsi dira: Saioa Simal (Arraun Lagunak).
Hondarribia
- Jarraitzen dute: June Amunarriz (patroia), Ane Bayo, Ane Diaz, Carolina Garcia, Estibaliz Gezala, Ane Gurrutxaga, Iratxe Hernandez, Nerea Ibañez, Miren Idarreta, Ainara Palenzuela, Itziar Rezola, Ziortza Salaberria, Ulka Skwarek, eta Nora Zuñiga.
- Iritsi dira: Garazi Ezkerro eta Nerea Lopez (Arraun Lagunak-en ibilitakoak), Intza Fernandez (Donostiarra), Ane Marcos (Santiagotarrak-en dabil aulki mugikorrean), eta Jasone Mitxelena (Hibaika).
Batelak, mugikorra eta trainerillak, traineruari begira
Udaran traineruetako tostetan eseriko diren arraunlariak beste modalitateetan lehiatzen dira neguan. Gehienak bateletan ikusiko ditugu, baina aulki mugikorra garrantzia hartzen ari da.
Traineruen hitzordu nagusiak, Gipuzkoako eta Euskotren ligak, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak, eta Kontxa, udaran izaten dira, baina horien zain egon gabe bada da hamalauko ontziak lehian ikusteko aukerarik, neguko estropadetan. Lehenengoa Portugaleteko VI. San Nikolas Jaitsiera izango da, igande honetan —Hondarribiak parte hartuko du, Hibaikak eta San Juanek ez—. Gero etorriko dira Hondarribiko XXVIII. Traineru Jaitsiera (otsailak 3), Oriaren XXIV. Trineru Jaitsiera (otsailak 17), eta Pasai San Pedroko X. Traineruen Testa (martxoak 24). Azken bien artean, distantzia luzeko traineruen Euskadiko Txapelketa egingo dute Legution (martxoak 10).
Hori, traineru probei dagokionez, baina bertan lehiatuko diren arraunlarien egutegia dagoeneko hasita dago. Aulki mugikorrean aritzen direnek azaroan hasi zuten Gipuzkoako liga, eta bihar distantzia luzeko Gipuzkoako Txapelketa izango dute jokoan. Etzi, aldiz, batelen denboraldia abiatuko dute, apirila arte luzatuko dena. Trainerillak iritsiko dira ondoren, apirilaren 28tik maiatzaren 27ra. Mugikorreko azken probak ekainean iango dira, traineruen udarako denboraldiaren hasierarekin batera.
Oarso Bidasoan, Hondarribia eta San Juan dira aulki mugikorrean lehiatzen direnak —Irungo Santiagotarrak ere, baina ez du finkoa lantzen—. Berdeen nesken trainerua berria denez, gutxi dira outriggerretan dabiltzanak, bi baino ez, horietako bat Santiagotarrak-ekin. Baina etorkizunean gehiago izango direla uste du Cortes entrenatzaileak: «Gazteak entrenatzen ikusten ditut, eta etortzen badira, aulki mugikorreko neskak trainerura jauzi egitera animatuz gero, etorkizun oparoa ikusten diot Hondarribiko traineruari».
Donibaneko elkartea duela urte gutxi hasi zen mugikorra lantzen eta iaz zortzikoa osatu zuten. Aurten «modu xumeago» batean uretaratuko direla esan du Gereñok: «Utzi duen jendea ibiltzen zen mugikorrean, eta ezingo dugu zortzikoa atera, baina lauko edo biko scullak bai».
Kirol oso desberdina izanik, aukeran eskaintzen zaie arraunlariei: «Kirol aldetik ondo etortzen da —azaldu du Gereñok—, asko lantzen duzulako. Komeniko litzateke denek egitea, baina ez daukagu Oriok edo Hondarribiak duten erraztasuna, beraiek ibaia dutelako».
Gehienak, bateletan
Badian zaila bada, barrurago zailago. Oiartzun ibaiak ez du aulki mugikorra lantzeko behar adina zabalerarik, eta Hibaikak bateletan jartzen ditu indar guztiak. Madalen ontzian ariko diren neska guztiak lehiatuko dira bateletan. «Mutil batzuen beso-luzeragatik zaila izaten da bateletan aritzea; nesketan errazagoa da. Horregatik, neska ia guztiak aritzen dira bai bateletan, bai trainerilletan».
Nolanahi ere, Oreretako klubeko prestatzaileak argi du zein den helburua: «Traineruaren prestaketaren zati bat da; urtean zehar behin edo bitan lor daiteke sasoi puntu gorena, eta horiek traineruarekin lortu behar dira». Hori bai, negua hain negu ez izateko, horretarako ere balio dute batelek: «Denboraldia luzea da, eta traineruena laburra, batelek poztasuna ematen diote neguari». Eta harrobia zaintzeko modua ere bada, «gazteek estropada bat zer den ikasteko aukera izaten dute, eta eskarmentua hartzeko balio die».
Hondarribia Arraunek nesken trainerua egonkortu nahi du, eta Iker Cortesi eskatu dio laguntza