Aldizkariarekin batera, Gerra Zibilak iraun zuen bitarteko herriko egunerokotasuna kontatzen duen liburuxka eskuratu daiteke.
Aiza! aldizkariaren laugarren alea kaleratu du Hondarribiko Abotsanitz alderdiak. Aurrekoetan bezala, askotariko gaiak lantzen ditu argitalpenak: euskararen erabileraren kale neurketaren emaitzak, udalgintza arloko zenbait gai, kulturari gainbegiratu bat Sara Otaño eta Kontxi Goñirekin, Alardearen inguruko irakurketa, eta abar. Gai nagusiak bi dira, Sasetaren Aldeko Taldearen ibilbidea lantzen duen erreportajea, eta Martxel Mariskali eginiko elkarrizketa.
Aldizkariarekin,
Gerra Zibilaren kontakizuna liburuxka argitaratu du Abotsanitzek. XX. mendeko gerrateetan aditua den Aitzol Arroyo Tumasen lana da, 2016an idatzirikoa eta iaz osatutakoa; 36ko Gerraren eguneroko kontakizuna egiten du, 1936ko uztailaren 20tik irailaren 6ra arte Hondarribian gertatu zirenak jasoz.
Aiza!-ren laugarren zenbakia eskuratu nahi duenak, ohiko toki publikoetan egin dezake.
Martxel Mariskali egin diote elkarrizketa laugarren ‘Aiza!’ aldizkarian