Lau saio programatu dituzte. Lehenago Arma Plazan salduko dituzte sarrerak, bi egunez, eta gero hasiko da Interneteko salmenta.
Go!azen telebista saioko aktoreak Hondarribiko Itsas Etxera itzuliko dira urte berriarekin. Denboraldi berriko antzezlaneko lau saio programatu dituzte urtarrilaren 2 eta 3rako, bina egun bakoitzean, 16:00etan eta 18:30ean.
Julen, Naia, Gari, Eli eta Markel dira ikuskizun berriko protagonistak, eta Zuzen eta Erika ere ikusi ahal izango ditugu oholtza gainean.
Aurreko urtean gertatutakoa ekiditeko —herriko haur asko sarrerarik gabe geratu ziren—, Interneteko salmentaren aurretik, bi egunez Arma Plaza kultur gunean salduko dira sarrerak. Astelehenean eta asteartean, hilaren 18an eta 19an salduko dituzte Arma Plazan, 10 euroan. 20tik aurrera Internetez ere erosteko aukera izango da, betiere aurretik agortzen ez badira.
‘Go!azen’ telesaileko denboraldi berriko pertsonaietako batzuk