Urteko azken eguneko lasterketaz gain, beste bi ekitaldi solidario antolatu ditu Gabonetan, kontzertu eta afari bana, ostiral honetan.
Aurten Aspanogiren alde bilduko dute dirua Hondarribiko Gabon solidarioetan
San Silbestrearekin bakarrik konforme ez, eta beste bi ekitaldi antolatu ditu aurten Hondarribiko Sport Mundi elkarte solidario urtea amaitu aurretik. Aspanogi elkartearentzat bilduko dute dirua hilaren 31ko lasterketan, eta helburu berarekin, kontzertu eta afari solidario bana egingo dituzte ostiral honetan, hilaren 15ean. Arma Plaza kultur gunean aurkeztu dituzte gaur goizean Hondarribiko Gabon solidarioak. Aurkezpenean egon dira Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko kirol zinegotzia, eta Sport Mundiko, Aspanogiko eta Klink elkarteko kideak.
San Silbestre solidarioa izango da Sport Mundiren ekitaldi izarra Gabonetan. Aurreko ekitaldietan 2.200 lagun inguru bildu izan ditu probak, eta aurten ere antzerako kopuruetan ibiltzea espero dutela esan du Jonan Garciak. “Era polita da urtea bukatzeko, kirola eginez eta solidarioa izanez”, esan du herritarrak animatzeko.
Zortzigarren ekitaldia izango da aurtengoa eta izena eman nahi duenak
Kirolprobak plataformaren bidez egin dezake, 15 euro ordainduta. Trukean, kamiseta eta poltsa bat jasoko ditu, eta zientoka herritarren txaloak sei kilometroko ibilbidean zehar. 16:30ean hasiko da San Silbestrea, San Pedro kalean, eta ohiko ibilbidea izango du.
Urte amaierako lasterketaz gain, aurten lehen aldiz, beste bi ekintza solidario antolatuko ditu Sport Mundik, horietako bat Klink elkartearekin batera. Ostiral honetan izango dira biak, arratsaldean bat, eta gauean bestea. 19:00etan hasita, hiru abesbatzen kontzertua izango da Alde Zaharreko parrokian. Musicalis, Aita Garayoa, eta Ekoik koruek abestuko dute. Azkena, Ekoik, haur abesbatza da, eta Kristina Larrea Aspanogiko kidearen ustez, “oso polita izango da haurrak abestea haurrentzat”. Orotara, 100 abeslari elkartuko dira parrokian, horietatik 40 umeak.
Kontzertuaren ondoren afari solidarioa egingo dute Klink elkartean, hau ere Aspanogiren aldekoa. Dagoeneko leku guztiak bete dituzte baina lagundu nahi duenak, badu nola egin: batetik, parrokian jarriko duten kutxan ekarpenak egiteko aukera izango da, eta bestetik, Klink elkartearen kontu korronte solidarioaren bitartez (ES05 2095 5039 90 1061338918).
Aspanogiren alde
Aspanogik, Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkarteak jasoko du Hondarribiko gabon solidarioetan bilduko den dirua. Elkarteko guraso den Bittor Andonegik gaur goizean azaldu duenez, 180 familia inguru daude elkartean, eta urte 20 kasu berri izaten dira Gipuzkoan, “geroz eta gehiago minbizi arraroak izaten dira”.
Minbiziaren ikerketara bideratuko da Sport Mundik eta Klink elkarteak bildutako dirua, eta esker hitzak izan ditu Andonegik antolatzaileentzat: “Bihotz-bihotzez eskertzen dugu, bai dirua, bai urtean zehar hainbat eta hainbat ekitaldietan jasotzen dugun elkartasuna eta enpatia”.
Ikerketa bultzatzeaz gain, beste erronka bat du Aspanogik, haur minbizidunak ikusgai egitea: “Minbizia eta haurrak, bi hitz horiek elkartzen direnean, sentsibilizazioa handitzen da. Badirudi ez dela gertatu behar, baina errealitatea da, haurrek ere minbizia pairatzen dute, eta hori ezagutzera ematea, eta normalizatzea, inportantea da”, erantsi du Aspanogiko kideak.