Jaizkibel konpainia parekidearen 20 urteak laburbiltzen dituen komikia argitaratuko dute Durangoko Azokarako. Iñigo Goikoetxeak egin du.
Lau azal prestatu ditu egileak, konpainiako jarraitzaileek facebook orrian aukeratu dezaten
Hogei urteko borroka marraztu, hori da Iñigo Goikoetxea hondarribiarrak egin duena. Irailaren 8an Jaizkibel konpainia parekideak bi hamarkada bete zituen, eta ibilbide horren komikia egin du Goikoetxeak. Azala aukeratzea eta inprimatzea baino ez zaio falta. Durangoko Azokarako prest izango du euskarazko bertsioa, zertxobait aurrerago, gaztelaniazkoa. Ostiralean aurkeztu zuen, Kultur Etxeko 103 aretoan.
Goikoetxearen lehen komikia da. “Arte Ederrak ez, baina arkitektura ikasi nuen eta hor ere dezente margotzen duzu. Beti nahi izan dut komiki bat egin, eta Jaizkibelen borroka marraztea erabaki nuen”. Kultur Etxean esan zuenez, ilusio handia egiten dio Jaizkibelen ibilbidea irudikatu izanak. “Ahalduntze eta borroka historia gogoangarria da, niretzat plazera izan da nire lehen komikia hau izatea. Gainera, komiki baterako gai ezin interesgarriagoa dela deritzot”.
Helburua, egilearen hitzetan, belaunaldi berriei zer gertatu den kontatzea da. “Hogei urte belaunaldi aldaketa bat da. Batetik, oso garrantzitsua da ibilbide horretan metro bakoitza zein nekeza izan den kontatzea, eta bestetik, borroka hori ahaztea zigorrik handiena litzateke”. Helburu hori izanik, komiki formatua egokia dela uste du egileak: “Kokimiak ez du adinik, erraz irakurtzen da, oso bisuala da, eta argitzailea”.
‘Jaizkibel konpainia. 20 urte’ komikiko bineta batzuk
Duela bost urte hasi zen Goikoetxea konpainia parekidean desfilatzen, “lehenago ez nintzen ausartzen, ez da gazteegia nintzela, beldurragatik zela aitortzen dut, nik baino lehenago desfilatu dutenak ni baino askoz ere ausartagoak izan dira”. Komikia bere ekimena da, ez konpainiarena, oso aurreratua zuenean erakutsi zien zirriborroa Jaizkibelekoei. Horregatik, eta konpainian nahiko berria izanik, bakartasun hori izan da prozesuaren lanik zailena. “Ikerketa ez da gogorra, liburuak daudelako, baina bakarrik lan egitea bai egin zait gogorra. Ez nuen denbora asko, eta kontakizun grafikoan, eta alde estetikoan, asmatzen ari nintzen jakin gabe aurrera egitea gogorra egin zait”.
Bi zatitan banatuta
Jaizkibel konpainia. 20 urte komikia bi zatitan egituratuta dago. Batetik, alde historikoa jorratzen du, 1638ko setioaren kontakizuna egiten du, eta Hondarribiko herritarrek Guadalupeko Amari setiotik libratzen laguntzeagatik egin zioten agindua, hots, egungo Alardearen jatorria. Gainera, guda hartan eta, oro har, gertaera historikoetan emakumeek izan zuten parte hartzea balorean jarri nahi izan du marrazkilariak, “historiako emakume ahaztu guztiei omenaldi gisa balio dezala”.
Bigarren zatia, Jaizkibel konpainiari eskaintzen zaio, Alardean parte hartzen saiatu ziren unetik gaur eguneraino. Ixabel Alkain konpainiako lehenengo kapitainak “estetikoki oso polita” iruditu zaiola esan zuen aurkezpenean, baina onartu du gogorra egin zaiola: “Hastapenak berriro bizitzea bezala izan da, une gogor horiek guztiak berriro gogoratzea, asko hunkitu nau”.
Hunkitzea, baina batez ere gertatu dena kontatzea bilatzen du
Jaizkibel konpainia. 20 urte komikiak. Erosi nahi duenak abenduko zubitik aurrera izango du horretarako aukera. Durangon salduko dira lehen aleak.
Lau azal aukeran, eta bozkatzeko, emotikonoak
Emakume eskopetaduna (
1), plastiko beltzaren atzean gordeta aurpegian maskara eta eskuan bozgorailua daraman pertsona (
2), konpainiako abanderatua (
3), edo plastiko beltza eusten ari den eskua (
4). Lau irudi horietako bat izango da
Jaizkibel konpainia. 20 urte komikiaren azala, eta herritarren botoen bitartez aukeratuko dute,
konpainiaren Facebook orrian.
Bihar da bozkatzeko azken eguna. Parte hartu nahi dutenek, gogoko duten irudiari dagokion emotikonoa hautatu behar dute, ‘atsegin dut’ (1), ‘maite dut’ (2), ‘harritzen nau’ (3), edo ‘alaitzen nau’ (4), hurrenez hurren.