Erregionaleko neskek 7-0 irabazi diote Amara-Berriri. Datorren astean aurkari zuzen batekin jokatuko dute, Touringen kontra.
Aiora San Migelek laugarrena sartu zuen, buruz
Nesken Erregionaleko Hondarribia taldeak 7-0 (Maite Riverak 3; Maiderrek 2, eta Marinak eta Aiorak bana) irabazi zion igande eguerdian Amara-Berriri, bigarren itzuliko bigarren jardunaldian —aurrekoan atseden izan zuten hondarribiarrek—. Multzoko azkenak dira donostiarrak, eta Ainhoa Iñarraren neskek ez zuten zailtasunik izan jokoan ziren hiru puntuak eskuratzeko. Nolanahi ere, Amarako taldeak ez zuen baloi bat bera ere galdutzat eman eta oso jarrera ona azaldu zuten partidan zehar, markagailuak alde handia erakusten zuenean ere.
Garaipenaren ondoren, multzoko bigarren postuko lehian jarraitzen dute hondarribiarrek. Beti Gazte da liderra, 24 punturekin, zortzitik zortzi irabazita (
ikusi sailkapena). Atzetik Errenteriako Touring dago, 18 punturekin, eta hirugarren Hondarribia, 16rekin; baina Hondarribiak partida bat gutxiago jokatu du. Laugarren Allerru dago, 13 punturekin eta Hondarribiak baino partida bat gehiago jokatuta. Lehenengo hirurak (eta multzoen arteko laugarren onena) sailkatuko dira txapeldunen faserako; hortaz, Hondarribiak nahiko ondo bideratuta dauka helburua.
Hurrengo jardunaldian bi aurkari zuzenak ariko dira nor baino nor, Touring eta Hondarribia. Hondartzan jokatuko da partida eta, Hondarribiak irabaziko balu, urrats erraldoia emango luke ligaxka bigarren amaitzeko.