Lema kolpea, jarraitzeko
Hondarribiko oposizioak Arma Plaza Fundazioa utzi du, ekainean ‘Mariñel’ ontzian izandako istripuaren "kudeaketa ilunagatik".
Ekainaren 29an Enrike Lekuona Sustraia taldeko boluntarioa hil zen Mariñel arrantza ontzia bisitatzeko eraiki zuten eskaileratik erorita. Hiru urte zeramatzaten barkua zaharberritzen eta barkua bisita gidatuak jasotzeko prestatzen ari ziren istripua gertatu zenean. Istripuak samina eragin zuen hirian, pertsona oso maitatua zelako Lekuona; bere bultzadaz sortu zen Sustraia, eta haren ekimenari zor zaio egurrezko legazketaria Portura itzuli izana. Saminaz gain, krisi politikoa ere ekarri du gertatutakoak. Mariñel udalaren jabetza da eta orain arte udalaren parte hartze soila izan duen Arma Plaza Fundazioarena da zaharberritze lanen ardura, Sustraiako boluntarioekin hitzarmen bidez adostutakoa. Istripuaz fundazioak egin duen kudeaketak hautsak harrotu ditu, eta benetako dibortzioa eragin du udal gobernuaren eta oposizioaren artean. Oposizioa kexu da, besteren artean, dokumentazioa eskatu eta ukatu zaielako, boluntarioek Mariñel-en lan egiteko segurtasuna bermatzeko neurririk hartu ez zelako, eta istripuaren ikerketa udaltzaingoak burutu zuelako, ertzaintzaren ordez. Oposizioak uste du Miren Aierbe udal arkeologoa eta Arma Plaza Fundazioko koordinatzailea dela gertatutakoaren erantzule nagusia, eta urrian bere kargugabetzea eskatu zioten alkateari. Aste batzuetara alkatearen ezezkoa jaso zuten, eta atzo iritsi zen oposizioaren erantzuna. Abotsanitzek, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk, oposizioko lau udal taldeek agerraldi bateratua egin zuten udal liburutegian, Arma Plaza Fundazioa uzteko erabakia hartu dutela, eta aurrerantzean fundazioaren bileretan eta jardueretan gehiago parte hartuko ez dutela adierazi zuten. Igor Enparan (Abotsanitz), Karlos Gebara Manza (EH Bildu), Iosu Alvarez (PSE-EE) eta Joxemi Otxoteko (PP) agertu ziren kazetarien aurrean eta “fundazioaren bilakaerarekin kezkatuta” daudela esan zuten. Erakundearen baliagarritasunari buruz bakoitzak bere iritzia duela onartuta, Aierberen kudeaketa kritikatu zuten laurek, fundazioaren sorreratik bertatik egin duen lana gaitzetsiz: “Hasieratik argiz eta ilunez beteriko ibilbidea egin du, eta balantzea egiterakoan, alde negatiboak positiboak baino nabarmenagoak dira”. Gebarak negatiboetako batzuk aipatu zituen: “enkarguetan kontratu faltak, Unescoren proiektuaren porrota, Mariñel barkua bisitagarri egiteko proiektuan akatsak, eta abar». Alvarez sozialistak argitu zuenez, hilabeteak daramatzate egoera patronatuan eta udaleko batzordeetan salatzen, baina ez dute zuzentzeko borondaterik ikusi: “Alkateari eskatu genion Aierberen lanpostua konkurtsora ateratzeko. Hiru asteko epea eman genion, eta laugarrenean erantzun zigun, ezezkoarekin, Aierbe bere postuan mantenduko zuela erantzun zigun”. Itzulera baldintzatua Oposizioaren erabakia irmoa da baina ez behin-betikoa. Baldintza bat jarri zuten erakundera itzultzeko, estatutuak betetzea eta koordinatzaile postua konkurtsora ateratzeko: “Udal gobernuari eskatzen diogu Arma Plaza Fundazioaren estatutuetan ageri den bezala, koordinatzailearen lanpostua konkurtsora ateratzea. Hau onartu arte, ez dugu bileretan eta jardueretan parte hartuko”. Erakundeak norabide aldaketa behar duela adierazi zuten lau bozeramaileek, eta argi utzi zuten norabide aldaketa hori eta Aierbek kudeatzaile postuan jarraitzea bateraezinak direla. Oposiziotik, ezker abertzalea izan da Arma Plaza Fundazioarekin zalantza gehien izan dituena. Are gehiago, 2011 urteko abenduan fundazioa eratu zenean, ez zuen fundazioaren beharrik ikusten. Orduan Bilduk bezala, egun Abotsanitzek eta EH Bilduk, fundazioa udalaren betebeharrak zapaltzen dituela uste dute, ez dagoela Arma Plazaren beharrik. Gebarak (EH Bildu) fundazioa desegitea nahiko luke, baina hori zaila ikusten duenez, beste norabide bat hartu dezala galdegin du: “Guk proposatzen duguna Arma Plaza Fundazioa desegitea da, baina gaur egun udalean dagoen indar korrelazioa kontutan hartuta, momentuz hori ezinezkoa denez, uste dugu denentzako irtenbide onargarria eta gauzagarria dela Arma Plazari beste norabide bat ematea, proiektu, ilusio eta lan egiteko era berriekin” (oharra: papereko bertsioan esaldi hau Enparanen ahotan azaltzen da, kazetariaren akatsa izan da, Gebarak esandakoa delako). Bost urteko ibilbidearen ondoren, hasierako susmoak berretsi direla deritzo koalizioko eledunak: “Eratu zenetik bertatik ez genuen beharra ikusten, lan horietarako badaudelako bai kultura departamentua, bai Hondarribia Abian enplegurako plana. Garai hartan azaldu zizkiguten onuretatik, kapital pribatua sartuko zela, diru-laguntzak errazago lortzeko bidea zela… oso gutxi gauzatu dira”. Horregatik, udalarenak diren funtzioak udalari itzultzea eskatu dio EH Bilduk fundazioari. Abotsanitz ere fundazioaren kontrakoa da: “Publikotasunean sinisten dugu, bereziki ekarpen publikoz finantzatzen delako fundazioa, horregatik, Arma Plazaren jardunak funtzio publikora pasatzea beharrezkoa da, eta tresnak baditu”. Abotsanitzek “gardentasunean eta herritarren parte hartzean oinarritutako kudeaketa” babesten du, eta Enparanen ustez, fundazioak ez du hori bermatzen. Beste muturrean, sorreraren unean erakunde berriaren aldekoa zen Otxoteko (PP), eta oraindik bada, baina zerotik hastea ezinbestekoa dela uste du, bere eginbide osoa berriro aztertzea. Adibide bat jarri du: “Turismo arloko Plan Zuzendaria aztertzen ari gara, eta eztabaidan argi geratu da turismo departamentuaren eta Arma Plaza Fundazioaren funtzioen artean bikoiztasuna dagoela”. Ondarea balorean jartzeko helburuz sortu zen Arma Plaza Fundazioa, baina bere bilakaeran udalaren hainbat departamentuen funtzioak bereganatu dituela uste du Hondarribiko oposizioak: “Jakitun gara jarduera gehienak udaleko Turismo zein Kultura departamentutik bidera daitezkeela, baita Hondarribia Abian bezalako ekimenetatik ere, Bidasoa Biziriken koordinazioarekin”, nabarmendu zuten atzo. Oposizio osoak ikusten du Arma Plaza Fundazioak norabide aldaketa behar duela, eta horretarako ezinbestekotzat jotzen du koordinatzaile lanpostua konkurtso publikora ateratzeko beharra. Baina Gebarak (EH Bildu) gaineratu du udal arkeologoa ez dela arduradun bakarra: “Ardurak pertsona zehatz bati egotzi baino, Arma Plaza Fundazioaren zuzendaritza talde osoarena dela uste dugu. Susmoa dugu, alkateak, koordinatzaileak, eta aholkularitza juridikoak ez zituztela hartu behar ziren segurtasun neurriak hartu, argibideak eskatu ditugunean oso erantzun lausoak jaso ditugulako, ez gaituztenak batere ase”. Gaurko espero da udal gobernuaren erantzuna. Fundazioko patrono jeltzaleek prentsaurrekoa emango dute goizean zehar.