Katalunia nazioa dela onartu, Jordi Cuixarten eta Jordi Sanchezen atxiloketa salatu, eta 155. artikulua gaitzetsi dute EAJk, Abotsanitzek eta EH Bilduk.
Hondarribiko Udalak Kataluniaren aldeko mozioa onartu zuen ostegun arratseko plenoan, hau da, Parlamentak Kataluniako Errepublika independentea aldarrikatu baino ordu batzuk lehenago. Mozioan, nazioa den heinean Kataluniak erabakitzeko eskubidea duela onartu, Jordi Cuixarten eta Jordi Sanchezen atxiloketa salatu, eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa arbuiatzen da.
Urriko osoko bilkuran aurkeztutako mozioen artean azkena izan zen Kataluniaren ingurukoa, Abotsanitzek aurkeztutakoa. “Ez dugu beste aldera begiratu behar, eta elkartasun keinua ezinbestekoa da”, esan zuen Ortzi Alonsok euren proposamena aurkezterakoan. Abotsanitzen testuak honakoa jasotzen zuen: Espainiako Gobernuaren errepresioa gaitzestea, Kataluniako herriari autodeterminazio eskubidea aitortzea, urriaren 1eko bozketa babestea, eta astebetez udaletxeko balkoian Kataluniako bandera jartzea.
Txomin Sagarzazu alkateak jakinarazi zion udal gobernua bat zetorrela mozioaren izpirituarekin, baina ez bertan azaltzen zen eduki osoarekin, eta beste testu bat aurkeztu zuen EAJren udal taldearen izenean.
Abotsanitzena ez zen onartu —Abotsanitzek eta EH Bilduk alde bozkatu zuten, EAJk eta PPk kontra—; bai ordea jeltzaleek aurkeztutakoa, ezker abertzaleko bi udal taldeen babesarekin, eta PPren kontrako bozekin; PSEk ez zuen bozketetan parte hartu, “eztabaida arinegia zelako”.
Onartutako mozioan nazioa dela eta nazio bezala eskubide politikoak dituela onartzen zaio Kataluniari, eskubide horien artean erabakitzeko eskubidea: “Kataluniako herriak askatasunean eta demokrazian bere etorkizuna zein izan nahi duen erabakitzeko eskubidea dauka”.
Halaber, Jordi Cuixart Omnium Kulturaleko presidentea eta Jordi Sanchez Biltzar Nazional Katalaneko presidentea atxilotu eta espetxeratu izana arbuiatzen du testuak, “erabaki horrek oinarrizko printzipio demokratikoak urratzen dituelako”.
Bukatzeko, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren kontra azaldu da Udalbatzaren gehiengoa. Zehatzago, 155aren lau neurri gaitzetsi ditu Hondarribiko Udalak: Era demokratikoan aukeratutako Govern-en disoluzioa eta Puigdemonten kargu kentzea, Kataluniako komunikabide publikoen kontrola, Generalitatearen Administrazioaren kontrola, eta Parlamentaren lege murrizketak.
Mozioak aldeko 12 boto jaso zituen —3 hautetsi falta ziren, EAJko bi eta EH Bilduko bat—, eta bi kontra.
Mobilizazioak ugaritu egin dira azken egunotan, Irudian, Hondarribian igandean egin zutena.