Ostegunean Muliateko II-n sortuko den plazari zein izen jarri eztabaidatuko dute plenoan. Udalak gudalburuarekin duen zorra kitatzeko aukera izango du.
Muliateko etxe berrietan sortuko den plaza eskainiko diote Kandido Saseta gudalburuari
Kandido Saseta Euzko Gudarosteko komandanteak plaza bat izango du bere herrian, Hondarribian. Zimizarga auzoan egiten ari diren babes ofizialeko etxebizitza proiektuan sortuko den plazari zein izen jarri eztabaidatuko dute bihar, urriko ohiko osoko bilkuran. HITZAk baieztatu ahal izan duenez, Kandido Sasetarena da plenora eramango den proposamena.
Biteri kalean ari dira Muliateko promozio berria eraikitzen. Hain zuzen ere,
egurrezko egitura duen Europa hegoaldeko eraikin handiena eraikitzen ari dira bertan, neguan amaitzea espero dena. Saseta jaio zen etxetik 200 metro ingurura ari dira etxeak eraikitzen, Biteri, Saindua eta Tximista kaleen artean. Gudarien buruzagia Biteri kalean jaio zen, egun eskola dagoen lekuan zegoen etxean.
Bihar erabakiko dute Muliateko plaza berriaren izendapena. Udal gobernuaren babesa duenez eta oposizioko talde nagusien aspaldiko eskaera denez, ezustekoa litzateke Sasetaren izen proposamenak aurrera ez egitea. Akartegiko Pedro M. Mitxelena kaleari izena aldatzea erabaki zenean, Sasetaren izena aipatu zen hautagaien artean, baina kale hori
Nestor Basterretxeari eskaintzea erabaki zuen Udalbatzak. Orduan, Sasetari kale bat eskaintzearen beharra ikusi zuten zinegotziek, eta aurrerago aztertzea adostu zuten. Dena ongi, bihar kitatuko udalak Kandido Saseta Euzko Gudarosteko komandantearekin duen zorra.
Saseta izan zenari aitortza eginda, Hondarribiko kale izendegiak zuen hutsuneetako bat beteko du. Hurrengo urratsa, genero arloko desoreka zuzentzen hasteko eman beharko luke udalak. Izan ere, kale-izendegiko 118 kale-izenen artean, nabarmendu diren 25 pertsonaien izenak ageri dira, 24 gizonenak eta emakume bakarrarena: Kattalin Erauso.