Alkatea, erakusketako arduradunetako laurekin, panel baten ondoan
Hirigune historikoa 125 urte argazkitan. 1860-1985 goiburuko erakusketa inauguratu dute gaur Hondarribiko Alde Zaharrean. Arma Plaza Fundazioaren ekimena da, Mikel Jauregik, Javier Sagarzazuk, Jose Mari Lopezek, Floren Portuk eta Matias Guillok zuzendu dutena. Sagarzazuren eta Lopezen bilduma partikularretatik abiatuta, herritarrekin harremanetan jarri da boskotea, eta herritarrek utzitako argazkiekin osatu dute.
Gaur aurkeztu dute erakusketa Arma Plaza kultur guneko goiko solairuan. Bildumaren zati bat bertan bisitatu daiteke, gainontzekoa kalean, Hirigune Historikoko lau eremutan jarritako panel txukunetan. Inaugurazio ekitaldian Txomin Sagarzazu alkateak eta Arma Plazako presidenteak esker ona adierazi die erakusketako antolatzaileei eta lagundu duten herritarrei: “Oso zaila da 125 urte argazkietan azaltzea, ezinezkoa esango nuke. Baina hemen pertsona, ofizio, aisialdi, egiteko asko daude jasoak, eta ikuspegia ematen dute
Kalea —Alde Zaharra izendatzeko hondarribiarren adiera— izan denaz”.
Alkatearen hitzetan, Hondarribiko ondarea bildu eta erakutsi egiten du gaur aurkeztu duten proiektuak: “Arma Plaza Fundazioaren helburuetako bat ondarea berreskuratzea da, eta bete-betean egiten da kasu honetan. Argazkiok eta postalok kontatzen digute izan garenaren zati bat. Oso lan ona da eta arrakasta izango duela ziur nago, hondarribiarrek hondarribiarrentzat egina”. Orotara, 181 argazki eta postal ikus daitezke, 83 Arma Plazako aretoan, eta beste 98 hirigune historikoan zehar, parrokiako pasaderan, Kasino Zaharrean, Apezpiku plazan, eta Arma Plazan.
Herritarren jarrera “zoragarria”
2014an San Pedro kaleko lanak amaitu zirenean Portuko argazkien bilduma egin zuen Arma Plaza Fundazioak, eta boskote bera arduratu zen hura koordinatzeaz. Portuko bilduma egin zutenean “herritarren jarrera zoragarria” izan zela adierazi du gaur Mikel Jauregik, “balio handiko dokumentuak gure esku utzi zituzten”. Horregatik irribarrez onartu du, Miren Aierbe Arma Plaza Fundazioko koordinatzailea berriro eurekin harremanetan jarri zenean, ezin izan ziotela ezetz esan: “Berriro gu engainatzen saiatu zen, eta gu engainatzen utzi ginen berriro”.
Oraingoan lana handiagoa izan dela eman du ulertzera Jauregik: “Noski, Alde Zaharra hiria da, garai hartan hau zen hiria, hemen zegoen dena, hemen zegoen kultura, hemen bizi ziren zinegotziak aukeratzen zituztenak, behekoa ez zen ezer, errabala, portua, hau zen hiria…”. Argazkilariak azaldu duenez, askotariko argazkiak ikus daitezke erakusketan: “Kaleko eguneroko bizitza, merkataritza dendak, jaiak, jolasak, bitxikeriak, garraioa, hotelak, gastronomia, ofizioak… Jendea oso ongi eta eskuzabal portatu da eta orain gozatzeko unea iritsi da”.
Panelak jarri bezain pronto hasi dira herritarrak hurbiltzen eta argazkiak komentatzen
Lopezek eta Sagarzazuk utzi dituzte argazki gehien. Ez da harritzekoa, ia 50 urte baitaramatzate Hondarribiko postalak eta argazkiak biltzen. “Lehen argazkia hemen erosi nuen, Arma Plazan —kontatu du Sagarzazuk—, 1860ko argazki bat zen. Behin hasten zarela, ja ezin duzu utzi, bildumazale izango zara betirako”. Akuarelistak argi du zein den gaur inauguratu duten bildumaren helburu nagusia: “Hondarribiarra ikustera etortzea da helburua, eta hizketaldi bat sortzea hau eta hura aipatzen, bestea eta hangoa komentatzen”.
Sagarzazuren iritziz, “batez ere herritarrentzako” erakusketa denez, garai hona da udazkena Alde Zaharreko argazki zaharrak ikustera hurbiltzeko.
Hitzaldia eta bisita gidatua
Gaur hasi eta azaroaren 13ra arte bisitatu daiteke
Hirigune historikoa. 125 urte argazkitan. 1860-1985 erakusketa; Arma Plazako zatia turismo bulegoko ordutegian bisitatu behar da (10:00etatik 19:00etara; igandeetan 10:00etatik 14:00etara).
Jarduera,
Ezagutu zure hiria hitzaldi programako ikasturte berriko lehenengoa ekintza izango da. Hortaz, ohiko formula jarraituz, ostegun honetarako hitzaldia prestatu dute erakusketaren arduradunek. Arma Plazako goiko solairuan eskainiko dute, 19:00etan, aretoko hormetan jarriak dauden 83 argazkiez inguratuta. Eta larunbatean, bisita gidatua zuzenduko dute Alde Zaharrean zehar, panelak kokatu diren lau guneetan azalpenak emanez.