Gaur inauguratu dute Kale Nagusiko jauregi berritua. Ate irekietako jardunaldia da gaurkoa eta astelehenean hasiko da zerbitzua eskaintzen.
Txomin Sagarzazu alkatea eta Kote Guevara liburuzaina, Zuloaga Etxean
Gaur goizean ireki ditu ateak Hondarribiko Udal Liburutegi berriak. Hiru urtez obretan egon eta gero Zuloaga Etxera itzuli da biblioteka, eta lehen gainbegiratua egin eta gero argi dago aurpegi aldaketak biei egin diela onura, liburutegi zerbitzuari noski, baina baita Kale Nagusiko jauregi ederrari ere.
Txomin Sagarzazu alkateak inaugurazio ekitaldia probestu du herritarrei dei egiteko, gaurko programatu duten ate irekietako jardunaldian Zuloaga Etxera hurbildu daitezen (arratsaldean argazki galeria argitaratuko dugu). Aldaketa oso hoberako izan dela nabarmendu du Sagarzazuk, kantitatez eta kalitatez, eta datu batzuk eman ditu. “Oinarrizko zerbitzu batez ari gara, eta eskaintza hobetu dugulako gaude pozik. 500 metro koadrotik 1.200era pasa gara, eserlekuetan ere handitzea dugu, ordutegia handituko da 38 ordutik 57 ordura, eta hori bereziki udan nabarituko da, goizetan eman beharrean goiz eta arratsaldez”.
Sagarzazuk onartu du atzerapenarekin iritsi dela inaugurazioa, “nahi baino gehiago luzatu zaigu, egia da”, baina Biteri kalean eskaini den ordezko zerbitzuaz balorazio ona egin du.
“Gela txiki batean hasi ginen”
Kote Guevara liburuzainak uste du zain egoteak merezi izan duela: “Eraikina dotore geratu da, eta kutsu modernoa eman diogu zerbitzuari, batez ere erabiltzaileei begira, Zuloaga Etxea osorik liburutegiko erabiltzaileentzako izango delako, lehen beste zerbitzu batzuk zeuden jauregian”.
Eta atzera begira jarri da Guevara, uda liburutegi zerbitzuaren hastapenak gogora ekarrik: “Gela txiki batean hasi ginen Itsas Etxean, fitxategiak eskuz egiten genituen, gaur Internet dugu, wifia, mila gauza orain dela 30 urte pentsaezinak zirenak”. Horrela azaldu du liburuzainak azken 30 urteetan Hondarribiko liburutegiak izan duen bilakaera, gaur beste kapitulu garrantzitsu bat bizitzen ari dena: “Bidea luzea izan da, eta batzuetan gogorra, baina hori guztia eraikin honetan gauzatua ikustea benetan emozioz betetzen gaitu”.
Ate irekietako jardunaldia
- 10:00etan. Inaugurazio ofiziala. Ondoren, bisita gidatua liburutegiko zerbitzuak, fondoak, eta abar ezagutzeko.
Bitartean, musika eskolako gitarra eta flauta ikasleen emanaldia, beheko solairuan.
- 17:00etan. Bisita gidatua.
- 17:00etan. Musika Eskolako saxofoi ikasleen emanaldia, beheko solairuan.
- 18:00etan. Ipuin kontaketa, 4 eta 7 urteko haurrentzat, Eneko Garaialderen eskutik.
- 19:00etan. Martxel Mariskal hondarribiar idazle eta poetaren irakurketa saioa.
- 20:00etan. Itxiera.