Sua piztu aurretik erosketak egin behar dira
Bertako Produktuaren Astearen barruan, gaur Damarriko azokara hurbildu dira haurrak. Bertan zein produktu saltzen diren ikasi dute, eta zein prezio duten.
Talaia, Ama Guadalupekoa eta San Jose ikastetxeko haurrak azokara joan dira gaur erosketak egitera. Bertako Produktuaren Azokaren barruan Damarri plazako merkatura egin dute bisita eta, bertan, errezeta jakin bat prestatzeko osagarriak ote dituzten eta zein preziotan eros daitezkeen konprobatzeko aukera izan dute. Gaur merkatura, atzo eta herenegun Agroaldeara, eta bihar eta etzi kofradiara hurbilduko dira Hondarribiko ikasleak. Bisita gidatuez gain, haurrentzako tailer bat ere antolatu dute Bertako Produktuaren Azokaren barruan. Ostiral arratsaldean egingo dute, Butron pasealekuko Arraunlari Berri jatetxean; bertako sukaldari Jon Couso ibiliko da irakasle bezala. Tailerrerako plaza mugatuak dira eta ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea (943 11 12 13 telefono zenbakian egin daiteke). Helduentzat ere bada sukaldaritza tailer bat aste honetan, gaur, Itsas Etxea elkarte gastronomikoan, Batzokiko Iñaki Gezalaren eskutik (goiko zenbakira deitu behar da).