Mozioa aurkeztu du dokumentua urriko plenoan onartu dadin. 2015eko abenduan alderdi guztiek protokoloa onartzeko konpromisoa hartu zuten.
Protokoloa onartu eta lanketa berehala hasi behar dela uste du Abotsanitzek
Hondarribiko Abotsanitz alderdiak mozioa aurkeztuko du hilaren 26ko osoko bilkuran, udalak Genero Indarkeria eta Sexu Eraso Kasuetarako Udal Protokoloari buruzko lanketa abiatu dezan. Gaur goizean San Pedro kaleko egoitzan agerraldia egin dute Abotsanitzeko zenbait kidek, eta Igor Enparan udal taldeko bozeramaileak aurreratu duenez, dokumentua aurkeztuko dute plenora: “Onartua izan dadin udal talde batek aurkeztu behar du, eta horregatik aurkeztuko dugu guk”. Baina nabarmendu du lanketa irekia izan behar dela, “protokoloa onartu eta martxan jarri behar da, baina etenik gabea, bizia behar du izan, aldagarria, eta konstruktiboa”.
Enparan atzera begira jarri da, eta iazko aurrekontuaren eztabaidan —2015eko abenduan— alderdi guztiek aho batez protokoloa lantzea erabaki zutela gogorarazi du. “Baina lanketa hori ez zen martxan jarri”, argitu du. Gerora alkatearekin bildu zirela eta 2017ko urtarrilean lanketa hasteko konpromisoa jaso zutela jakinarazi du Enparanek: “Urrian gaude eta ez da hitzik egin, horregatik mugitu gara”.
Kontatu duenez, udaratik aurrera beste alderdiekin eta gizarte eragileekin informazioa partekatu du Abotsanitzek, zenbait ekarpen helarazi dizkiete, eta udalean ordezkaritza duten gainontzeko alderdien oniritzia jaso dute. Horregatik, lanketa berehala hasi behar dela deritzote: “Urtetik urtera ikusten dugu genero indarkeria kasuak izaten direla Hondarribian, baina azaroaren 25ean egiten den puntu lilaren kanpaina baino ez da egiten. Publikoki ez da indarkeria kasuen tratamendurik egiten, eta kezkaz ikusten dugu hori”.
Mozioan onartzeko aurkeztu duten dokumentua “etenik gabe hobetu behar den oinarria” dela adierazi du Abotsanitzen eledunak: “Egungo gizartea ez da duela urte batzuetakoa, aldatuz doa, eta protokoloa egokitu behar da kasu guztietara. Nola esku hartu, zein adierazpen egin, horrelako gauzak landu behar ditu, biktimei babesa adierazi, euren ahalduntzeko neurriak hartu, eta gizarte heziketa bultzatu”.
Koordinazioa ezinbestekoa
Mozioaren bidez aurkezturiko protokoloa onartuko balitz, hurrengo urratsa litzateke dokumentuan bertan zehazten den koordinazio gunea abiatzea. Gaurko agerraldian azaldu dutenez, “komenigarria litzateke gaiari lotutako erakundeekin lanketa zehaztea eta partekatzea, baita erakundeen arteko jarduera eta koordinazioa adostea”. Halaber, testuak bi batzorde eratzea proposatzen du: Batean, koordinazio batzordean, gizarte langile arduradunak eta berdintasun teknikariak parte hartuko lukete eta protokoloaren jarraipena bermatuko luke. Bestean, koordinazio mahai teknikoan, arreta ematen duten teknikariek, mugimendu feministak eta indarkeria bizi duten emakumeak leudeke eta protokoloaren funtzionamendua ebaluatu, zabaldu, hobetu eta arretaren profila zehaztuko luke.
Hilaren 26an egingo dute urriko osoko bilkura. Abotsanitzen mozioak babesa lortuko balu, Genero Indarkeria eta Sexu Eraso Kasuetarako Udal Protokoloa izango luke aurrerantzean Hondarribiak, 2015eko abenduan hartutako konpromisoa berretsiz, eta indarkeria sexistaren arloan herrian dagoen hutsunea betez.