Sergio ‘Patxuko’ Ordoñez, Patxuko Nice taldeko abeslaria
Hamabost urte zituela igo zen lehen aldiz eszenatokietara Latitud Cero pop taldearekin. Gerora etorriko ziren Joxe Ripiau, Oscar Benas, The Solanos eta Esne Beltza beste batzuen artean. 2014an Patxuko Nice jaio zen, Sergio Patxuko Ordoñezen (Irun, 1972) hamargarren proiektua, denetan pertsonalena. Bigarren lana aurkezten ari dira egunotan, Mauka diskoetxearekin grabatu duten Hego haizea, ego querido, lehenengoaren ildotik baina zertxobait poperoagoa, kolaborazio bikainekin biribildua, eta emozioz betea.
Zer aurkituko du Hego haizea, ego querido erosten duenak?
Estilo desberdinak aurkituko ditu, lehen diskoan bezala, baina oraingoan, oso lasai grabatu dugunez, emozio asko daude diskoan. Urte osoa eman dugu pixkanaka grabatzen, ez dago une emozional bakarrean grabatuta, eta hori nabaritzen da, soinu desberdinak bezala, emozio desberdinak antzematen dira.
Nolakoa izan da grabazio hori?
Aieka estudioetan grabatu dugu, Ereñozun, Esne Beltzako teklista Peio Gorrotxategik duen estudioan. Aukera eman digu poliki grabatzeko, puska txikitan egiteko, berak ahal zuenean noski, baina askatasun horrekin. Horrela lan egin ahal izatea gozamena da. Estudio txikia izateaz gain, gauzak errepikatu ahal izatea… Gainera Peio taldekide gisa hartzen dugu, eta diskoan kolaboratu du (No soy ése de ayer abestiko musika berea da eta horretan eta Todo se fue-n teklatuak jo ditu).
Ez da kolaboratzaile bakarra. Glaukomako Juantxo Arakama, Aiora Renteria, Ibon Irastorza, Sergio Rotman…
Kolaborazioena pasada bat izan da, oraindik ezin dut sinetsi. Denek pila bat lagundu digute, izugarria izan da. Alejandro [Terrones, baxua] sartu arte Irastorzak baxuarekin asko lagundu zigun, eta diskoan hiru kantetan ageri da, bitan kontrabaxuan (Ortoska eta Tez de café) eta beste batean baxuarekin (Preverten kanta). Jorge Pacheko perkusionista itzela da, Gatiburekin eta talde askorekin ari da, eta zazpi kantetan ageri da (No soy ese de ayer, Preverten kanta, Todo se fue, Ortoska, Tez de café, Amama eta Balas que son palabras). Jimmy Bidaurreta hammondarekin Tez de cafe abestian, izugarria. Inork ez digu ezetzik esan, denak ikaragarri inplikatu dira.
Eta gero ahots kolaborazioak daude. Bat oso berezia, Marisol Blanco, Latitud Cero nire lehen taldeko abeslariarena, oso ondo abesten du baina utzita du hau guztia, eta ilusio handia egiten zidan hark gurekin grabatzea —Ego querido-n abestu du). Eta Juantxo eta Aiorarena kasualitatea izan zen. Bonbereneara jotzera joan ginen, eta beraiek agertu ziren. Niretzat pasada bat da hori, ez ditut ezagutzen, euren diskoak oparitu izan ditut, eta haiek guregana hurbiltzea oso polita da. 5.000 lagunen aurrean jotzen duzunean ondo dago, baina talde berri bat duzunean, hasten ari zarenean, hogei lagunen aurrean jotzen ari zarenean horrelako jendea etortzea zu entzutera, gure proiektuan sinisten dutelako, itzela da —Hego haizea Arakamaren letra da eta bertan abesten du; Renteria Aukerak kantan ageri da—.
Eta Sergio Rotmanena, nola izan zen?
Hori aparte da [emozionatu da]. Sergio Rotmanek saxoa grabatu izana gurekin, Bruce Springsteenek grabatu izan balu bezalakoa da niretzat. Fabulosos Cadillacs-ekoa izateaz gain, gehien gustatzen zaizkidan talde horren abestiak hark idatziak dira gainera. Japonian egon ziren jotzen, eta bertan dudan lagun baten bitartez iritsi zaigu aukera hau. Izugarria, zu eta ni hemen gauden bezala, Sergio Rotman Argentinako estudio batean gure abesti baterako grabatzen.
Ernesto Villarrek eta Dafnis Fernandezek taldea utzi dute. Haien ordez Ruben Mesquida, gitarran, eta Alejandro Terrones, baxuan, sartu dira. Nola izan dira aldaketa horiek?
Alejandro Luz de Putaseko baxua zen, eta Enekoren [Fernandez, bateria] bitartez sartu zen, talde horretan zeudelako biak. Eta Ruben Mesquida Mallorcatik etorri zen bizitzera eta hura aurkitzeko zortea izan genuen, bera heavy eta rock estiloetan ohituago dago, baina oso ondo egokitu da taldean. Estilo desberdinak jarraitzen ditugu, baina guztioi gustatzen zaigu 1980.eko rollo hori. Grabazioan oso gustura egon gara.
Lehen diskotik asko du bigarrenak, freskoa da, dantzagarria, reggae asko du baina beste estilo asko ere… eta iruditzen zait lehen entzunalditik errazago sartzen dela.
Jende gehiagok esan dit hori. Eta hori ona ala txarra al da? [Pentsakor jarri da]. Ernesto Villarrek pisu handia zuen taldean, bere gitarrarekin. Orain Ernesto ez dago. Ni poperoagoa naiz, bera rokeroa, eta agian disko honetan ahotsak protagonismo gehiago du. Ernestok zerbait berezia zuen, alternatiboa, baliteke orain errazagoa izatea, komertzialagoa, estribillo gehiago…
Badira abesti batzuk oso ondo funtzionatuko dutenak zuzenean: Todo se fue, Hego haizea bera, Rudy, Aukerak… Oso desberdinak dira elkarren artean denak.Rudy jotzen ari gara, eta oso erantzun ona du. Hego haizea-k ere, irratietan entzuten ari da gainera. Letrak hor daude, garrantzitsua da hori. Hego haizea Juantxo Arakamarena da, Rudy eta Aukerak Oier Guillanenak dira, gordinagoak; Amama eta Balas que son palabras Jon Garmendia Txuria-renak, poetikoagoak… Horretan ere zorte handia dugu, jende hau oso lanpetuta ibiltzen da, eta ez dugu ezetzik jaso.
Nola aukeratzen dituzue letrak?
Euren esku uzten dugu, ezagutzen ditugu, badakigu nola idazten duten, eta beraiei uzten diegu. Kanta ematen diegu eta letra jartzen diote. Beno, beraiek badakite nik gai sozialak eta maitasunezkoak gogoko ditudala, baina euren letrak dira, ez nireak. Bat edo beste partekatua da, emozioak partekatuz idatzitakoa, biren artean.
Letrak inportanteak dira zuretzat, ez?
Oso. Egunerokoa azaltzen duten letrak ditut gustuko, gure mikrokosmos txikiko istorioak kontatzen dituztenak. Letra alaiak dira batzuk, baina malenkonia asko ere dago diskoan… Balas que son palabras abesti gogorra da, oso gordina. Rudy oso alaia da, Ego querido sakonagoa… Denetarik dago.
Tez de cafe besteengandik bereizten da, desberdina da, kolaborazio pila batekin, Irastorza, Rotman, Bidaurreta, Pacheco. Orain arte sortu duzuen abesti biribilena…
Bai, gustatzen zaizu? Ba niri beldurra ematen dit, jazz ukitu hori duelako. Pozten naiz gustatu bazaizu. Inoiz ez naiz pentsatzen jarri zein ote den gure abestirik biribilena, baina eskertzen dizut hori esatea. Letra oso polita da, Iñigo Pimoulier (Pimu) Iruñeko lagun baten Disturbios en la azotea poema liburuan oinarrituta dago, bien artean idatzi genuen. Idazten duen kaleko jendearekin oso gustura nabil, baita Guillan eta Txuria-rekin ere noski, baina iruditzen zait badagoela jende oso ona ezaguna ez dena, edo idazten dutena erakusten ez dutenak, eta horien artean bilatzea gustatzen zait.
Sergio ‘Patxuko’ Ordoñez, Patxuko Nice taldeko abeslaria
«Batzuek korrika egiten dute, nik musika behar dut»
Hamabost urterekin jo zuen lehen kontzertua, Latitud Cero taldearekin. Mende laurdena beste proiektuetan egon eta gero, berea abiatzea erabaki zuen, Ernesto Villarrekin (Orgasmic Toothpicks, Miss Dinamarca, The Fans) eta Esne Beltzako Jon Mari Beasainekin batera. Patxuko Niceren unea dela uste du Ordoñezek baina, atzera eginda, esker oneko azaltzen da bidean izan dituenekin.
Zure hamargarren taldea da Patxuko Nice. Horrenbeste proiektutan aritu eta gero, hau al da zure taldea?
Bai, behintzat beste disko bat atera nahiko genuke koadroa osatzeko. Eta [Oscar] Benasekin ere zerbait egitea pentsatzen dugu, baina aurrerago izango da hori. Printzipioz bai, hau da nire taldea orain. Indarra izanez gero, eta jendea gustura badago, epe luze batez iraungo dugu. Buruan nuen proiektu pertsonala da, eta borrokatu behar dut.
Askok Esne Beltzarekin ezagutu zintuzten… Zer geratzen zaizu garai horretatik?
Dena. Beldurrak kendu nituen, niregan sinisten ikasi nuen… Gainera jende zoragarria da. Faltan botatzen ditut, baina laugarren diskoa eta gero beste gauza batzuk egin nahi nituen, pertsonalagoak. Esne Beltza gehiago zen Xabi Solanoren proiektua, normala da, eta nik nire barruko zerbait ateratzea behar nuen.
Oso gazte hasi zinen zu musika munduan.
Bai, 14-15 urterekin.
Eta Joxe Ripiaun 21 urterekin. Irundar batentzat ez zen huskeria izango Muguruza anaietako birekin jotzea, ez?
Irundar batentzat baino, musikari izan nahi zuen batentzat. Baina, begira nola izan zen. Ni musika eskola batean nengoen, Iñigo [Muguruza] irakaslea zen bertan, ez nirea, baina orduan ezagutu nuen, eta ikasturte amaierako festan hurbildu zitzaidan, eta berarekin jo nahi ote nuen galdetu zidan. Iñigo sekulakoa da niretzat, dena zor diot, biei, Jabierri eta Iñigori, gaur zurekin hemen egotea, dena. Gainera, haiekin egon arte nik ez nuen mundu euskaldunarekin harremanik, gerora ikasi dut euskara, eta gerora murgildu naiz euskal kulturan.
Patxukok asko du Joxe Ripiautik, erritmo dantzagarriak, estiloak nahasteko zaletasuna, freskotasuna…
Baietz uste dut, arima berbera da, esentzia berbera da.
Orduan perkusionista zinen. Noiz hasi zinen abesten, noiz bihurtu zinen abeslari?
Joxe Ripiau eta gero [Oscar] Benasekin hasi nintzen, eta hor ja abesten nuen. Esne Beltzan bateria bezala hasi nintzen, eta Iban Santamaria sartu zenean orduan ni ergelarena egiten hasi nintzen, eta honaino iritsi naiz [barrez].
Eta, gustura abeslari bezala?
Pozik bizi naiz. Ez dakit ondo ala gaizki abesten dudan, baina gezurretan ariko nintzateke zoriontsua ez naizela esango banizu.
Atzera begira jartzen zarenean, asko aldatu zarela iruditzen zaizu?
Bai, asko. Memoria txarrekoa naiz ni, baina ikusten dut garai guztietan nire bizitzaren parte garrantzitsu bat izan dela musika. Ezin dut musikarik gabe bizi. Batzuek korrika egiten dute, nik musika behar dut, ez galdetu zergatik, ez nuke arrazoia esaten jakingo, baina hala da, musika behar dut bizitzeko.
Baina garai batean musikari emateko zenuen denbora eta oraingoa ez da berbera izango, lanagatik, aitatasunagatik…
Noski, denbora mugatua dut, baina konformatzen naiz. Diskoa grabatzeko urtebete behar izan dugu, baina horrek bere alde onak izan ditu. Denbora gutxiago dut bai, baina horretara moldatzen naiz. Bikaina litzateke musikaz bizi ahal izatea… Nigatik balitz, estudioa izango nuke etxean eta ez nintzateke bertatik aterako, egun osoa konposatzen. Baina ezin dut hori egin, eta daukadan tartea aprobetxatu egiten dut, minutu bat badut, minutu bat, gehiago bada, gehiago.
Bikaina litzateke diskoak funtzionatzea, leku guztietan entzutea, eta pilo bat saltzea… Gizakia naiz eta nire egoa dut, hori ez dizut ukatuko, amets hori badut, baina gauza bat argi daukat, egunen batean nire musika iritsiko balitz, naizena aldatu beharrik gabe iristea nahiko nuke, sinisten dudana egiteagatik nahiko nuke izatea ezaguna, eta ez arrakasta lortze aldera aldatu izanagatik. Sinisten duguna egiten dugu, gure musikan eta letretan islatzen da gu garena, ez dugu egiten funtzionatuko duen zerbait, guk maite duguna baizik. Borroka hori beti dugu, egiten duguna ona dela sinetsita gaude, zergatik ez du funtzionatzen? Baina gauza bat da zuk ikusten duzuna, eta beste bat jendeak ikusten duena.
Bigarren diskoan saiakera berezia egiten ari zarete, promozionatzeko, gehiago iristeko… Patxuko Niceren unea dela uste duzu?
Egia da guk bilatu gabe hasi garela jotzen aurten, baditugu zuzeneko batzuk lotuta eta gehiago aterako direla uste dut. Ostiralean [gaur] Hernanin joko dugu, 27an Psilocybenean… Durangoko Azokara joango gara, noski, ez bazaude ez duzu saltzen. Agian bai, une horretan gaude, eta aprobetxatu nahi dugu.
Zure aita ibiltzen zen zuen diskoak saltzen. Oraindik jarraitzen al du?
Bai [burua altxatuz, irribarrez], eta gu kontzertuetara eramaten. Gure road managerra da. Ilusio handia du, beti galdetzen dit ‘noiz da hurrengo kontzertua, nora joango gara gaur?’. Imajinatu egoera, errepidean Lesakara edo beste nonbaitera, bera furgoneta gidatzen barruan lau golfo goazela, beste lau gaztetxean porroak erretzen, eta bera poz-pozik, diskoak saltzen. Oso pozik dago, eta ni ikaragarri gozatzen ari naiz bera ondoan edukita. Patxuko Nice taldearen gauza garrantzitsuenetakoa da nire aitarekin gozatzen ari naizela.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.