Tolosarraren Et Incarnatus Orkestrak bukaera ezin hobea eman die jaiei, Hondarribirako propio prestaturiko pop-rock izar zaparradarekin.
Migel Zeberio atzo Hondarribian zuzenduriko kontzertuaren une batean
Magikoa, halakoa izan zen atzo gauean Benta eremuan bizitutako kontzertua. Hondarribian bizi den Migel Zeberio tolosarrak zuzentzen duen Et Incarnatus Orkestrak hiriko jaietarako propio prestaturiko emanaldia eskaini zuen, euskal pop-rock izarrez eta beste zenbait musikariz lagunduta. Niko Etxart, Petti, Izaro, Alex Sardui eta Gorka Sarriegi igo ziren taulara, eta kanta propioak eta euskal kantagintzako klasikoak interpretatu zituzten, Tolosako orkestraren moldaketekin.
Klasikoen artean, erraz iristen diren doinuak hautatuak zituzten (
Balearen bertsoak,
Bizkaia maite,
Izarren hautsak…), eta ahotsak ere ez ziren nolanahikoak. Publikoak asko gozatu zuen abeslarien nahiz orkestraren interpretazioarekin. Baina batez ere harrigarria da jaialdian parte hartu zuten abeslari gazteenenekin orkestrak eginiko lana, haien abestien moldaketak zoragarriak izan ziren, ederrak benetan.