Aurten ere iritsi da Hondarribiko gazteek jaietarako prestatzen duten eguna. Hori bai, astebete lehenago, bihar, izango da eta elkartasuna zein parranda giroa eskainiko dute.
Hondarribiako Gazte Egunean errefuxiatuen gaia presente izango dute. Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda
Jaiei aurre hartuko diete zortzigarrenez Hondarribiko gazteek. Xaiatik atera eta ideia, balore zein ekintza desberdinek 200 bat gazte elkartu ohi dituzte. Urtez urte egindakoarekin indar propioa hartu du Gazte Egunak.
Harremanak sendotu, gazteak batu, euskara sustatu, espazioak berreskuratu, sortu, botere harremanik gabeko guneak sortu, baloreak eta ideiak ikusarazi, herriko mugimenduekin bat egin, eta ongi pasa. Txupina botatzea besterik ez da falta guzti hori martxan jartzeko, Hondarribiko Gazte Eguna hasteko, alegia.
Herriko jaiak ez dira irailaren 6ra arte hasiko, baina aurrez hasiko dira gazteak herria girotzen, bihar zehazki. «Jaiek egitaraua finkatua daukate, guretzako tokia ez genuen aurkitzen. Horregatik sortu genuen Gazte Eguna», kontatu dute
Gazte Xaiako Ilargi Bengoetxeak eta Larrun Sastrek. «Jai batzordea, gainera, txosnak jarri eta ezer gutxi gehiago egitera mugatzen da. Honekin beste jai eredu bat ere bultzatu nahi genuen», dio Bengoetxeak. «Guk behar eta nahietatik sortu nahi ditugu jaiak, balore batzuetan oinarrituta, formatuak berak eragin zuzena baitu giroan», gehitu du Sastrek.
Kuadrillak lokaletatik atera eta denak batzea dute helburu, halaber, euskaraz mintzatzen den egitarau zein giroan murgiltzea gazteria. «Eta parekidea izatea», gehitu dute, «eskaintzan zein espazioan». Aurten, eraso sexisten aurkako protokoloa lantzen ari direla azaldu dute.
Hondarribiko jaiak Alardearekin lotu ohi dira, ekintza garrantzitsuenetakotzat emanaz. Gazteak pozik daude, ordea, bestelako eredu baten bitartez erreferentzialtasuna lortzen ari direlako herrian.
Bihar Hondarribira hurbiltzen denak, beraz, giro «jatorra eta familiarra» aurkituko duela ziurtatu dute, «eta bazkari ederra, gainera», diote barrezka. Jende askok menuaz galdetzen du urtero, beti daudelako zapore berriak mahaian. Hori bilatzen omen du urtero sukaldean laguntzen dien Gerardo Martin sukaldari hondarribiarrak. Eta eskerrak eman dizkiote bide batez. Aurtengo sorpresa kuskusa dela aurreratu dute, eta begano zein zeliakoentzat aukera ere egongo dela.
Errefuxiatuei keinua
Biharkoa, ordea, ez da festa bat soilik, kontzientzia sortzeko eta gai sozialak lantzeko baliatuko dute eguna. Aurten errefuxiatuen egoera ekarri dute erdigunera. «Kezkatzen gaituen errefuxiatuen gaia gazteen artean zabaltzeko ezin hobea da Gazte Egunekoa», esan du Bengoetxeak. Hondarribia-Katsikas boluntario taldearekin aritu dira elkarlanean. «Haien borroka ikusarazteko balioko du, haiekiko eta gaiarekiko elkartasuna eman nahi dugu», dio Sastrek.
Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak urtebete darama proiektu bat garatzen, Polikastro herrian zentratuko dena.
Accion Directa Sierra Norte GKErekin batera egiten ari dira. Hondarribia-Katsikasek erositako makinekin funtzionatzen duen okindegi bat sortu dute han, eta auzo denda eraikitzen ari dira orain. Hondarribia-Katsikas elkartea makinez zein kudeaketaz arduratuko da, ideia eramateaz gain.
Jaiak amaitzean joango dira lehen boluntarioak Greziara, eta bi astean behin txandakatuko dira. Ogia egin zein janaria banatzea izango dute eginkizun. Horrela, astean bitan jasoko dute elikadura ehunka errefuxiatuk. Haietako lau ere lanean arituko dira okindegian,emakumeak izatea bultzatuko dute, «askoz zailagoa baitute». Hauek ordainsaria jasoko dute.
Hondarribiko gazteek ekonomikoki lagunduko diete. Bazkariko txartel bakoitzeko euro bat boluntario taldearentzat izango da. Elkartasun jokoak ere antolatu dituzte, eta apustuak egiteko aukera zabalduko dutela aurreratu dute. Diru hori ere, boluntario taldearentzat izango da. Eguerdian, Polikastron egon berri den Jone Gonzalezek aurkeztuko du proiektua, beste kide batekin batera. Ezagutzera emateaz gain, helburua boluntarioak lortzea dute. Era berean, Gazte Egunean gaia lantzea eta tartea egitea esker onez hartu dute taldekideek. Emandako laguntza ekonomikoagatik eta elkartasun keinuagatik.
Gaiari bere ikuspuntua ere txertatu nahi dio Gazte Xaiak, arazoaren erroari eutsi nahian: «Errefuxiatuak ez dira ezerezetik sortzen, erantzule bat dago, jatorri bat. Inperialismoak, gobernariak, Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak eta haien politikak, besteak beste, duten erantzukizuna ezagutarazten saiatuko gara. Jende guzti honen sufrimenduaren erantzuleak direla salatu eta ikusaraziko dugu», adierazi du Bengoetxeak. «Hori azaltzen ez bada antzua geratuko da, karitateak muga bat baitauka», Sastrek.
Gazte Eguneko egitaraua
11:45 – Txupinazoa
12:00 – Kalejira. Portutik Gazte Xaiara
13:30 – Hondarribia-Katsikas boluntario taldearen proiektuaren aurkezpena Gazte Xaian
14:00 – Bazkaria Zumardian
17:00 – Elkartasun Jokoak
20:00 – Kontzertuak: Indidxabak, Leire IF eta Autobus Magikoa