Hondarribia Arraunek bigarren denbora egin du Eusko Label Ligako lehen estropadan. Bermeok irabazi du Bilboko VIII. Bandera.
Ama Guadalupekoako arraunlariak eta entrenatzailea, San Joan bezperako aurkezpenean
Iazko txapeldunak, Urdaibaik irabazi du Bilboko VIII. Bandera, Eusko Label Ligako estreinako estropada. Erlojuaren kontra Hondarribia baino gehiago izan dira bermeotarrak (19:25,70), baina berdeek ez dute hutsik egin, bigarren denborarik onena egin dute (19:28,30) eta estropada guztietan lehiatzeko prest daudela erakutsi dute hasieratik bertatik. Bi segundo eta 60 ehunen, hori Bou Bizkaiak Ama Guadalupekoari atera dion aldea.
Kaikuk lan ona egin du eta hirugarren sailkatu da, bi oilarrengandik ez oso aparte, 13 segundora. Nahi baino urrutiago ibili dena Orio izan da —Bermeok 22 segundo atera dizkio—, Zierbena eta San Juanen segundo berean helmugaratu dira oriotarrak, eta bihar Sestaon —Portugaleteko uretan—, ehunenei esker bogatuko dute ohorezko tandan.
Oarsoaldeko bi traineruei dagokionez, San Juan seigarren izan da, eta San Pedro zortzigarren. Arrosak hirugarren tandan lehiatu dira, Urdaibai, Hondarribia eta Kaikurekin, eta laugarren denborarik onena egin dute bertan. San Pedro, aldiz, lehen tandan lehiatu da, Ares, Ondarroa eta Zierbenarekin batera. Bere tandan hirugarren sartu ziren moreak, zortzigarren guztira. Hortaz, bihar bigarren tandan lehiatuko dira Pasaiako badiako bi traineruak.