Gaur goizean askatu dute. Senideak eta lagunak joan zaizkio bila Parisera. Hamarrak eta laurdenetan atera da Fleury-Merogis espetxetik.
Tomas Elgorriaga, erdian, Manu anaiarekin (eskuinean) eta Tomas Etxera taldeko kide batekin
Libre da Tomas Elgorriaga Kunze hondarribiarra. Goizeko hamarrak eta laurdenetan atera da Fleury-Merogis espetxeko atetik, soinean Mirentxin gidarien elastikoa zeramala. Familia beldur zen Espainiako Estatura entregatu zezaketelako, baina ez da halakorik gertatu, Parisen utzi dute libre.
Maiatzean jakinarazi zioten presoari ekainean libre geratuko zela, Alemanian preso emandako denbora kontuan hartu eta gero. Hasiera batean hilaren 25eko data eman zioten, baina igandea izanik, larunbatean askatuko zutela esan zioten joan den astean. Anaiak eta lagunak joan zitzaizkion bila, baina Parisen zeudela jakin zuten ez zutela gaur arte libre utziko. Goizean askatu dute.
Elgorriaga Ipar Euskal Herrira joango dela jakinarazi dute, eta “kotxea hartzeko gogoarekin” dagoela erantsi dute, lehenbailehen abiatzeko. Hamazazpi urte eta erdi eman ditu Elgorriagak Euskal Herritik kanpora eta familiarekin pasatu nahi ditu askatasuneko lehen egunak.