Lidia Yarza judoka hondarribiarra Tokio 2020rako prestatzen ari da. Kanpora joateko eskaintzak izan ditu, baina etxetik baino ez du nahi saiatu.
Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda
Ronaldo Veitia Valdivie entrenatzaile kubatarrak Hondarribira bisita egin zuenean harrituta geratu zen Lidia Yarza judoka gaztearekin: “Bere distira osoa ikusi arte leundu behar den brillantea da”, esan zuen. Ama Guadalupekoa taldeko entrenatzaile Ronaldo Veitia Quiñonesen aita izateaz gain, Kubako emakumeen selekzionatzailea zen Euskal Herrira hurbildu zenean —iazko urtarrilean erretiratu zen—, eta olinpiar jokoen historian domina gehien lortu dituen judo entrenatzailea da; 25 metal guztira, ez da gutxi.
Aitaren palmaresa izan gabe, Valentzian bizi zelarik Londres 2016an 5. geratu zen Sugoi Uriarte gasteiztarraren prestatzaile gisa jardun zuen orain Hondarribiko taldea entrenatzen duen Veitia Quiñonesek. Badaki kirolari olinpiko izateko zein ezaugarri behar diren, eta Yarzak badituela uste du: “Lau urterekin hasi zen judoan, sei aldiz izan da Espainiako txapelduna, eta iaz munduko zortzigarren bukatu zuen. Nik erabateko konfiantza du beregan. Ikasten ari da, eta lanean, baina kirolarekiko erabateko konpromisoa du”.
Beheko mailetan sei aldiz Espainiako txapelduna izan da hondarribiarra, bina urre Haur, Kadete eta Gazte mailetan. Juniorra zela helduen selekzioarekin kontzentratuta ibili zen. Bederatzi urte darama Espainiako selekzioarekin lehiatzen eta, nahi izango balu, kirolari olinpikoak trebatzeko zentro batera joateko aukera izango luke, olinpiar jokoak prestatzeko.
Baina ez du nahi, Tokiora iritsi bai, hori nahi du, baina etxetik saiatu nahi du, zuzenean Hondarribitik Tokioraino, hori da bere amets olinpikoa: “Hemen daukat dena, nire familia, nire lagunak, nire herria… Egunen batean nonbaitera iristeko aukera baldin badut, etxean eta etxekoekin izatea nahiko nuke. Iristen naizen lekura izatea, etxekoen alboan”. Japongo hiriburura iristeko bide zailena aukeratu du judoka hondarribiarrak, jakinik horrek helburua lortzeko aukerak kentzen dizkiola: “Ez banaiz iristen, kontent jarraituko dut egin dudan bidearekin”. Bere entrenatzailearentzat, Yarza nolakoa den adierazteko adjektibo bat balego, hori «borrokalaria» izango litzateke: “Txikitatik nabarmendu den kirolaria da, eta bizitzan ere borroka asko egin behar izan du, eta beti aurrera atera da. Minetik indarra atera du beti, hori izan da bizitzari aurre egiteko duen modua”.
Crowfunding kanpaina
Iazko apirilean Atenasko Europako Kopan lorturiko urrea da Yarzaren emaitzarik hoberena; Gazte Mailako munduko zerrendan 8.a bukatu zuen urtea. Baina dagoeneko 21 urte ditu, eta nagusiekin lehiatzen hasiko da aurten. Orain artekoak ez du ezertarako balio. Are gehiago, aukeraren bat izateko, pisuz jaistea erabaki du, 78 kilotik gorakoetatik, 78tik beherakoetara: “Juniorretan nire pisu egokiena zen, baina nazioartean ni baino askoz handiagoak dira aurkariak, eta pisua jaistea erabaki dugu. Ez da erraza izaten ari, gainera orain uda dator eta… Momentuz hori da gehien lantzen ari naizena, pisuz jaistea.”
Uda entrenatzen emango du, entrenatzen eta lanean, eta, dena ongi, urriko lehen asteburuan hasiko da lehiatzen, Irunen egingo den Espainiako Superkopan. Hortik aurrera, langa igotzen joango da, nazioarteko probetan egingo baita Tokiora joan nahi dutenen arteko galbahea. Urrian Glasgoweko irekira joango da, eta urtea amaitu arte Espainiako Kopa eta Superkopetara. 2018 hasieran hasiko dira txapelketa inportantenak beretzat. Urtarrilean hasi eta ekainera bitarte, Tunisia, Portugal, Italia, Polonia, Maroko eta Errumanian ahalik eta puntu gehien pilatzen saiatuko da. “Azken momentura arte borrokatu behar da —azaldu du—, 2020an munduko rankinean dauden lehen hamalau judokak (pisu bakoitzeko) sailkatzen dira soilik. Beraz, zenbat eta txapelketa gehiago egin, orduan eta aukera gehiago daude sailkatzeko. Gogorra izango da, hori argi dago”, erantsi du.
Gogorra, eta garestia. Urritik 2018ko ekainera 6.000 euro beharko dituela kalkulatu du, 1.000 euro Espainiako Estatutik kanpora lehiatu beharko duen den aldiro. Eta hurrengo bi urtetan, gutxienez beste horrenbeste urte bakoitzean. “Basque Team beka lortzen saiatuko naiz. Beka hori lortuko banu, dena askoz errazagoa izango litzateke”. Errazagoa agian bai, baina nahikoa ez. Eta horregatik crowfunding kanpaina abiatu du
irauna.com plataformaren bitartez, Tokioranzko bidean lagunak pilatzen joateko. Hilaren 27a da Yarzari laguntzeko azken aukera eta egiten duenak zerbait jasoko du trukean: 10 eurotik gora, Yarzak sinatutako argazkia, 55 eurotik aurrera, hori eta elastiko bat, eta 100 euro baino gehiagorekin laguntzen duenak hondarribiarrarekin entrenatzeko aukera izango du.
Oso gutxi dira olinpiar jokoetara iristen diren bideak. Lidia Yarza judoka hondarribiarrak okertsuenetik saiatzea erabaki du, berarentzat ez dago hara iristeko beste modurik Hondarribitik zuzenean joatea baino, hori aurretik beste inork lortu ez duela dakien arren. Borrokatzen badaki, baina inoiz baino gehiago borrokatu beharko du datozen hiru urteetan helburua lortzeko. Etxetik bete nahi du ametsa, baina bakarrik ez du lortuko.