Botoen ia erdiak lortu zituen EAJk. Agintaldian erabakiak hartzeko nahiko babesa badu, baina plan orokorra onartzeko erabiltzea ez da zilegi.
Zer egin daitekeen eta zer ez, non eraiki eta non ez, jarduera ekonomikoak non bultzatu, lerro estrategikoak zeintzuk diren, herrian entzungo den hizkuntza zein izango den… hori eta askoz gehiago zuzenduko du ostegunean
EAJren botoekin onartu zuten HAPOak, eta hurrengo hiruzpalau agintaldiei behintzat eragingo die. Izan ere, dokumentuak 12 urterako estrategia finkatzen du baina planaren eragina gehiago luzatu daiteke, hurrengoa onartu arteko indarrean egongo delako.
Hauteskundeetan botoen %48,17 lortu zituen EAJk. Horrek beste laguntzarik gabe agintzeko aukera eman zion, agintaldian erabakiak hartzeko herritarren nahiko babesa badu udal gobernuak, hori ukaezina da. Baina gehiengo absolutua hurrengo gobernuen bide-orria baldintzatuko duen agiria onartzeko erabiltzea, hori ez da zilegi. Are gutxiago kontuan izanik prozesu parte hartzailea oso eskasa izan dela, eta geroz eta gehiago direla Zaldunbordaren atzetik interes ilunak daudela diotenak.
Hondarribiko EAJk bere HAPOa onartu zuen joan den ostegunean, eta eguna bukatu aurretik argi berdea eman zion Zaldunbordako proiektuari. Ikusteke dago honek guztiak zein bide hartzen duen, baina ziurtzat eman daiteke hurrengo kapitulua epaitegietan biziko dela.
Besteren artean, jaurlaritzaren iritziaren kontra onartu dute plan orokorra. Zaldunborda landa-lurzorutik merkataritzarakoa izatera birkalifikatzeak EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak (EAELAB) kontrako irizpena jaso du, eta txosten hori loteslea da. Horrek, eta lurzoruaren sal-erosketan bere balioaren halako sei ordaindu izanak, epaitegien bidea irekitzen du.
HITZAk baieztatu ahal izan duenez, HAPOa argitaratu bezain pronto errekurtsoa aurkeztuko zaio, eta Zaldunborda eremuko sal-erosketagatik salaketa bat baino gehiago iritsiko dira epaitegietan. Ia botoen erdiak arrabola eskutan agintzeko zilegitasuna ematen du, baina ez udalerri osoaren eta herritar guztien etorkizuna hipotekatzeko, hainbesterako ez.