Euskararen aldeko kalejira jendetsua egin dute Blagan Egunaren barruan. Soroetan jarraituko du festak, bazkariarekin eta musikarekin.
Herriko arraunlariek abiatu dute ‘Itxeki euskarari!’ lelodun kalejira, itsasoz
Itsasotik lehorrera eraman dute
Itxeki euskarari leloa, Hondarribiko Blagan elkarteak lehen Blagan Egunerako hautatu duen esaldia. Eguraldiak Soroetara eraman du festa, baina eguerdian Portuan barrena ibili dira kalejiran, aurretik euskararen aldeko pankarta zutela.
Itsasoz iritsi da pankarta, herriko arraunlariek eraman dute arraun elkartetik Kai Zaharrera. Han, jendetza zuten zain. Soroetaraino, herriko pertsona esanguratsuek, udal ordezkari ugarik, eta herritar soilek atxikimendua erakutsi diote ekitaldiari. Abiyuan txaranga nekaezinaren doinuen atzetik joan dira kalez kale.
Soroetako frontoian jarraituko dute festa. Besteak beste, abenduaren 3rako osatu nahi duten 500 argazkiko mosaikoa aurkeztuko dute Soroetan —gaurtik aukera dago argazkia ateratzeko—, eta bertan bazkalduko dute. Azken unean jende gehiago apuntatu da, eta 140 lagun inguru bilduko da Blagan Eguneko bazkarian.
Mahaiak jasota, musika izango da protagonista. Aurrena, dantza gidatuak prestatu dituzte Ttipika taldearekin. Ondoren, 19:30etik aurrera, Elektropatxarangak kontzertua eskainiko du, lehen Blagan Eguna bukatzeko.
Kai Zaharrean lehorreratu dute pankarta. Hortik Portua zeharkatu dute, Soroetara igo aurretik