Blagan Eguna antolatu dute biharko. Ainhoa Olaizola eta Ainhoa Elias Blaganeko kideekin elkartu da HITZA. Erabileragatik kezkatuta daude batez ere.
Olaizola eta Elias Arrantzale Auzoan. Eguraldiak eusten badio, bertan egingo dute Blagan Eguna
Bi aste barru urtebete egingo du Hondarribiko Blagan Elkartea Itsas Etxean aurkeztu zutenetik. Ia urtebetera, Blagan Eguna egingo dute bihar, jai giroan euskaltzale berriak erakartzeko. Duela gutxi euskararen kale neurketaren emaitzak aurkeztu zituzten Hondarribian eta datu kezkagarriak dira. Horregatik sortu zen Blagan, eta horregatik antolatu dute biharkoa.
Hemendik bi astera urtebete izango da Blaganen aurkezpen publikoa egin zenetik. Ia bi urte pasa dira herritar talde batek euskara elkartea sortzeko lehen urratsak eman zituenetik. Zein balantze egiten duzue orain artekoaz?
Elias: Egia esateko kostatu zaigu martxan jartzea. Elkartearen filosofia taldeka lan egitea izan da hasieratik, talde bakoitzak ardura bat hartzea. Talde batzuek aurrera jarraitu dute, beste batzuek ezin izan dute jarraitu. Gu sentsibilizazio taldean gaude, eta hilabete hauetan zenbait bilera egin, ideiak jaso eta aurkeztu ditugu, elkartean eta udalean. Parkeetan kartelak jartzeko gurasoek euskaraz hitz egitera animatzeko, herriko sarreran Hondarribian euskaraz kartela jartzeko, Telp ikastaroa (euskaraz eroso eta naturaltasunez aritzeko teknikak)… Udalean aurkeztu genituen proposamen horiek guztiak baina hori dena hasieratik atzera bota zuten.
Gero jaia prestatzen hasi ginen, Blagan Eguna antolatzen. Horrekin ere hasieran proposamen bat egin zen, eta atzera bota zuten. Gehiegi zela…
Olaizola: Bai, kontzertu batzuk zeuden, eta hasieran ezetz esan ziguten, gero bigarren proposamenari baietz… Urtarrilean hasi ginen hau guztia antolatzen, baina baimena joan den hilean, apirilean eman ziguten.
Elias: Hor ibili gara, azken momentura arte zer egin ote genezakeen ez genekiela. Behin baimena eman digutenean, hor izan da lan gehiena, dena antolatzeko. Elkarte berria gara, bazkideak behar ditugu, oraindik ez dugu dirurik eta dirurik gabe gauzak antolatzeko…
Baina ari zarete. Mendi irteerak, blagan-poteoak, bakarrizketak, tailerrak… Zenbat laguneko taldea ari da Blaganen lanean?
Olaizola: Lanean 50 pertsona inguru ari gara, talde desberdinetan banatuta. Bestela, 80 bazkide gutxi gorabehera. Gehiago behar ditugu.
Zeintzuk dira Blaganen erronka nagusiak?
Olaizola: Batetik hori, bazkideak lortzea, elkarteari begira. Eta Blagan Egunak horretarako ere balio dezakeela uste dugu. Baina bestetik, batez ere, biltzea da bilatzen duguna, euskaldunok elkartzea, kezka bera dugun hondarribiarrok kalean biltzea, euskaldunak garela eta euskaraz hitz egiteari garrantzia ematen diogula adierazteko. Euskararen erabileraren inguruan jendea sentsibilizatzeko antolatu dugu Blagan Eguna.
Elias: Kezka hor dago, elkartean biltzen garenok behintzat argi dugu, Hondarribian euskara gutxi entzuten da. Horri buelta eman nahi diogu, eta ikustarazi euskaraz hitz egiteko gogoa badagoela.
Egun osoko egitaraua antolatu duzue, eta jende dezente inplikatu. Zaila izan al da?
Olaizola: Erantzuna oso ona izan da, pasada bat. Gertatzen dena da egun horretan gauza asko daudela, eta bi lekuetan batera ezin dela egon. Adibidez, futbol elkartean festa dute ume guztiekin, baina ahalegina egingo dute kalejiran parte hartzeko, festatik Blagan Eguneko kalejirara eta festara itzuli. Kalejira horretan pankarta bat eramango da euskararen aldeko lekuko bezala, eta pankarta eramateko jende ezagunari eskatu diogu, eta denek baietz esan digute, denak prest azaldu dira.
Ainhoa Olaizola eta Ainhoa Elias, Blagan Eguneko kartelak jartzen
Hori behintzat lortu du Blaganek, ez, denbora gutxian jendeak elkartea ezagutzea?
Elias: Bai. Kamiseten salmenta inportantea izan zen, hasteko. Asko saldu ziren, eta jendeak janzten ditu, jende pila batek erabiltzen ditu, haurrek ere asko. Gero zenbait ekitaldi antolatu dira, kale neurketaren aldeko mahai ingurua…
Zeini egiten diozue dei, Blagan Egunera hurbiltzeko?
Olaizola: Euskarazko inguru bat sortu daiteke, mugimendu bat ondo pasatzeko, euskaraz ondo pasatzeko. Mugimendu horretan egon nahi duten denei luzatzen diegu deia.
Elias: Agian inguru artifizial batetik abiatuta, probokatu behar den ingurune batetik, agian hasieran horrela izan behar da. Baina helburua normaltzea da, euskaraz hitz egitea ez izatea artifiziala, ea normaltzen den herrian euskaraz entzutea. Baina hasieran eragin behar da, gero behar ez izateko.
«Elkartean 35-40 urtetik beherako gazteen gabezia sumatzen dugu». Ainhoa Elias, Blagan elkarteko kidea.
Maiatzean mahai-ingurua antolatu zuen Blaganek, iaz Soziolinguistika Klusterrak egindako kale neurketaren emaitzak aztertu eta aurrera begira jartzeko. Jende asko elkartu zen. Kezka dagoela adierazten du.
Elias: Nik oraindik ez daukat oso argi kezka hori hain zabalduta ote dagoen. Urte batzuetatik aurrera bai ikusten dut, baina gazte jendea… 35-40 urtetik aurrera bai, horiek bagaude kezkatuta, hortik behera… Behintzat elkartean gabezia hori sumatzen dugu, adin horretatik beherakoen falta.
Olaizola: Kale neurketak ere hori adierazten zuen, gazte jendearen datuak ziren okerrenak, euskaldun gehien adin horretan dagoen arren, beraiek dira euskara gutxien erabiltzen dutenak.
Elias: Baina gazteei hurbiltzea ez da erraza. Egia da guraso izatetik datorkigula kezka, Blaganen gauden asko guraso gara, gehienak, eta gure seme-alabek etxean, eskolan edota kalean ez dutela euskara erabiltzen, hortik sortu da kezka, eta hortik sortu da Blagan.
«Dakitenen kopurua nahiko altua da, baina erabilera asko jaisten da». Ainhoa Olaizola, Blagan elkarteko kidea.
Hondarribia erdalduna dela adierazten dute datuok. Ados al zaudete?
Elias: Datuek diote hondarribiarren %70 inguru euskalduna dela, euskara ulertzen duela. Dakitenen kopurua nahiko altua da, baina erabilera asko jaisten da, oso baxua da. Ez da gazteen errua soilik. Adibidez, haur parkeen inguruan, gurasoek haurrei euskaraz egiteko eskatu eta gero euren artean erdaraz, nahiz eta euskaldunak izan.
Olaizola: Herritarren %70ak badakiela, euskara ulertzen duela, hori oso positiboa da, horien guztiengan eragiteko aukera dagoelako.
Euskararen erabilera sustatzeko sortu zen Blagan. Zer egin dezake hurrengo neurketako datuak hobetzeko?
Elias: Hondarribian euskara dakien jendeak, kalean, dendetan, tabernetan, medikuan…, euskara erabiltzea animatu, hori egin dezakegu. Nola lortu, hori da zailena. Orain arte ideiak jaso ditugu, esaterako, haur parkeetan gurasoak euskara egitera bultzatzeko panelak jartzea, musika jaialdi bat Blagan Egunean, Blagan poteoa, mendi irteerak, Hondarribia aldizkarian tartea izatea… Batzuk bete dira, eta beste batzuk bidean daude.
Hondarribiko Udala da euskararen erabileran eragin dezakeen beste agente bat. Zer egin dezake udalak zuen iritziz?
Olaizola: Blagan euskara elkartearekin elkar lana garrantzitsua izango litzateke, azken finean biok kezka bera dugula uste dugu, euskararen presentzia eskasa kalean. Herri bertako biztanlez osatutako talde bat herrian sortu izana positiboki baloratu behar luke eta elkarlana abiarazteko moduak bilatu.
Laster turisten uholdea iritsiko da herrira. Izan daiteke Hondarribia herri turistikoa, euskalduna izateari utzi gabe?
Elias: Hondarribia herri turistiko euskalduna izango da, kalean bertako euskaldunek euskarari presentzia handiagoa ematen diogunean herrian bertan. Hori egin ezean, ezinezkoa da kanpotarrek gure hizkuntza behar bezala baloratzea. Turistek euskal kultura maite dutelako bisitatzen gaituzte, eta euskal kultura horren zati bat da hizkuntza.
Zer esango zenieke euskararen alde lan egin nahi baina nola ez dakiten hondarribiarrei?
Elias: Momentu honetan, egoera kontuan hartuta, euskaldunok euskara hitz egiteko konpromisoa hartu behar dugu, antinaturala dirudien arren, nire ustetan beharrezkoa da. Bestalde, elkartera hurbil daitezke eta maite duten hizkuntzaren alde bere denbora eskaintzen ari den jende gehiago dagoela, eta zerbait egin nahi dutela ikusi. Ideia berriak gogoz entzungo ditugu; gainera, erronkak aurrera ateratzea taldean errazagoa da.