Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolako langileek bi hilabete daramate soldata jaso gabe. Aurreko zuzendaritzaren kudeaketak diruz hustu du zentroa.
Musika tresnak kalera aterata, zeinik jo ez dutela. Egunero ordubeteko paroak egiten ari dira
Mende laurdena egin du aurten Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak. 25 urte bete ditu, azken bostak egungo egoitzan, Denda kaleko Kultur Etxean, Alde Zaharrean. 25 urte bete ditu, baina ez dauka ezer ere ospatzeko. Langileek ez dituzte azken bi soldatak jaso eta, egoera zuzentzen ez bada, behar baino lehenago bukatuko da ikasturtea. Egoera hain da grabea, ezen eskolaren beraren jarraipena kolokan baitago. Joan den astean jakin zuten gurasoek musika eskolan gertatzen ari denaren berri, baina arazoa aspaldikoa da, hiru urte atzeragokoa.
Urtarriletik zuzendaritza talde berriko kide diren Xabi Saenz eta Esther Barandiaranek onartu dutenez, langileek duela urtebete jakin zuten eskolako kontuetan zer edo zer ez zebilela ondo: “Kanpotik etorri zitzaizkigun musika eskolak 2015eko udalaren diru laguntzari uko egin ziola esanez”, azaldu du Saenzek. Ezin zuten sinetsi, aurrekontuaren %30 inguru baita udaletik jasotzen duten dirua. “Kudeatzailearengana joan ginen —jarraitu du—, eta gezurra zela erantzun zigun, baina udalean paperak erakutsi zizkiguten, eta ez zen inolaz ere gezurra”.
Gerora jakin zuten aurreko urtean ere zentroak ez zuela udaletik dirurik jaso, 2013az geroztik kontuak aurkeztu gabe daudelako. Txomin Sagarzazu alkateak Hitzari azaldu dionez, udala abendutik dabil zuzendaritza berriarekin gaia lantzen: “2016ko azaroan bazkide batzuek arazo ekonomikoen berri eman zioten udalari. Ondoren, abenduan, zuzendaritza talde berria udalera etorri zen”. Alkateak, musika eskolako arduradunen utzikeria baieztatu du: “2014 eta 2015 urteetan ez dute diru laguntza eskaerarik egin udalean”. Ikasturte bakoitzean ia 120.000 euro, hori da jaso ez duten diru kopurua.
Abendura arte bi pertsona zeuden Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolaren buru, Arantxa Arzak kudeatzailea eta Miren Erostarbe zuzendari pedagogikoa. Biek ala biek eskola utzi zuten, borondatezko baja hartuta, gainontzeko langileek gertatutakoaren berri eduki eta gero.
400.000tik gora bi urtean
Horreraino gertatutakoa larria den arren, are larriagoa da kontuan izanik udaletik iritsi ez zen kopuruari, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak eman beharrekoaren murrizketa gehitu behar zaiola. Izan ere, Jaurlaritzak udalaren laguntzaren araberakoa ematen die musika eskolei, beti ere aurrekontu osoaren %33a gainditu gabe. Udalen laguntzarik ez dituzten eskolei, gutxieneko kopuru bat ematen die. Eta hori da, 2013tik Hondarribikoari gertatu zaiona, Jaurlaritzaren gutxieneko laguntza jaso duela, behar zuena baino askoz gutxiago. Eta horrek zuloa eragin du.
Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak ez du egoitza propiorik, Kultur Etxea erabiltzen du
Azken urtean musika eskolak 28.000 euro jaso zituen Jaurlaritzaren eskutik, lehen jasotzen zuena baino askoz gutxiago —2006an, esaterako, 121.000 euro eman zizkion Hezkuntza Sailak Hondarribiko elkarteari—. Hala, datu guztiak eskutan eduki gabe —ikerketa egiten ari dira—, 2014an eta 2015ean Hondarribiko Musika eta Dantza eskolak legez egokitzen zaiona baino 420.000 euro inguru gutxiago jaso zituen, 240.000 euro udalak eman ez zizkionak, eta beste 180.000 euro Jaurlaritzatik jaso gabekoak. Dirutza.
Musika eskola eta udala 2016an aitortutako diru laguntza eta aurreko bi urteetan eman gabe geratu zena ahalik eta azkarren bideratzeko lanean ari dira, baina Jaurlaritzarekin hartutako zorrak ez du atzera bueltarik. Gasteizko gobernuak eman beharko zukeenaren eta eman duenaren arteko aldea, diru hori behintzat ezingo da atzera eskuratu. Zulo hori ezingo da estali.
Premiazko egoera
25 dira Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolan lan egiten duten pertsonak, 23 irakasle, harrerako langilea eta garbitzailea. Irakasleetako hamar elkarteko bazkide dira, eta haietako bost, udalarekin batera arazoa konpontzeko lanean ari den batzordeko kide. Langile guztiei, 25ei, bi soldata zor zaizkie, maiatzekoa hirugarrena litzateke. Barandiaranek aitortu du kezkatuta daudela: “Prozesu guztia oso mingarria izan da, nahiz eta beti pentsatu izan dugun aurrera egingo genuela. Udalarekin lanean ari gara eta konpromiso moral bat hartu dugu familiekin eta gure ikasleekin, ikasturtea mantentzeko, beti pentsatuz diru hori etorriko zela”.
Aurreko bi urteetan ez bezala, 2016ari dagokion udal diru laguntza eskatu du zuzendaritza berriak. Alkatearen hitzetan, diru laguntza hori lehenbailehen jaso dezaten lanean ari da udala, baina egoera zehatza zein den aztertzen ari dira oraindik: “Udaletik auditoretza ekonomikoa egitea eskatu genien, egoera ekonomiko zehatza zein den jakiteko. Auditoretza ezin izan dute egin eta ondoren gestoria bati eskatu dio elkarteak azterketa bat egin dezala. Udalak benetako egoera ekonomikoa zein den jakiten duenean, udalaren lehentasuna izango da diru laguntzak ematea”.
«Dokumentazioa gestoria baten esku utzi dugu, eta udalari aspaldi pasa genion». Xabi Saenz, musika eskolako irakaslea
Baina hori beranduegi izan daiteke, eta langileek uste dute udalak ez duela haiekin hartutako konpromisoa bete. Zuzendaritza berria urtarrilean hasi zen lanean, eta lehen erabakia orduan hartu zuten: “Azken hamar urteotako dokumentazio guztia hartu eta bi lekuetara eraman genuen, gestoria batera ikerketa egin zezan, eta udalera ere eraman genuen. Gestoriaren eta udalaren esku dago, gu urte hasieratik arazoari aurre egiten lanean ari gara”, adierazi du Barandiaranek.
Asteartean hasi zituzten protestak eta ‘in crescendo’ joango direla esan dute
Saenzek ulertzen du udalaren funtzionamenduan «arazo teknikoak» ager daitezkeela, baina hainbesteko atzerapena ez du ulertzen: «Udalak arazo tekniko batzuk gainditu behar ditu, guk ulertzen dugu legea bete behar dela, hiru urtez eskolari blokeatu zaion dirua ezin dela hala moduz eman eta listo. Baina zenbaki guztiak gestoria baten esku utzi ditugu, beraiek egin dute ikerketa. Udalak ere dokumentazio hori dauka, aspaldi pasa genien».
«Bilera ez zen gurasoak lasaitzeko, egoera azaltzeko baizik, eta egoera larria da». Esther Barandiaran, musika eskolako irakaslea
Mobilizatzen hasi dira
Asteartean Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolako langile taldeak mobilizazioak hasi zituen. Aurretik, joan den ostegunean gurasoekin elkartu ziren Talaia institutuan, euren asmoen berri emateko. Barandiaranek badaki bilera horretatik gurasoak ez zirela lasai atera: “Bilera ez zen gurasoak lasaitzeko deitu, egoeraren berri emateko baizik, eta egoera larria da. Gauza asko gertatu dira, eta soluzioa ere ez da azaltzen erraza, legalitatea dago, udalaren funtzionamendua… Azaltzeko gauza asko, oso zaila da hori guztia ordubetean azaltzea”.
Momentuz, aste honetan ordubeteko geldialdiak egin dituzte, eta datorren astean ere egunero egingo dute etenaldia (
ikusi paroen ordutegiak). Aurrerago, egoera zuzentzen ez bada, protestak
in crescendo joango direla ohartarazi dute. “Mobilizazioen helburua aldarrikatzea da, noski —argitu du Saenzek—. Udalarekin konpromisoa genuen, ikasturtea bukatuko zela, baina ez gara kobratzen ari, konpromisoak huts egin du. Eta hori kalera atera behar da. Ulertzen dugu gure kontra doala, gure ikasleek eta familiek pairatu behar dutelako”.
«Udalak benetako egoera ekonomikoa zein den jakiten duenean, gure lehentasuna izango da diru laguntzak ematea». Txomin Sagarzazu, Hondarribiko Alkatea
Arazoa larria da, larria da gertatu dena eta handia sortu den zuloa. Soldatak ordaintzen hastea erraza dirudi, baina era berean langileek nahiko luketena baino konplikatuagoa. Hori soldatei dagokionez, beste gauza bat da gertatu dena argitu eta, badagokio, hartu behar diren neurriak edota zigorrak zehaztea. Ezin baita azalpenik gabe geratu udalak emandako diru laguntzari bi urtez uko egin izana; ezin da ardurarik gabe utzi jarduteko era horrek 500 familia biltzen dituen hezkuntza komunitateari egin dion kaltea.
Hogeitabost urte bete ditu aurten Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak. Datozen asteotan argituko da 26.ik egongo ote den. Langileen lanpostuez harago, ia 500 haurren hezkuntza dago kolokan, herri osoari eragiten dion kultura eta hezkuntza proiektua. Gehiegi galtzeko.
Bi hilabete daramate soldata jaso gabe, maiatza hirugarrena litzateke. Ikasturte amaiera kolokan dago
Langileek uste dute eredua bera aztertu behar dela
Musika eskolak formatu aldaketa behar dela uste dute irakasleek. Udalak ez du uste ereduak huts egin duenik, baina hitz egiteko prest dago. Oposizioko alderdiak aldaketaren alde daude
Aurtengo ikasturtearen amaieraz gain, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskola beraren jarraipena dago kolokan. Duela 25 urte musika elkarte gisa sortu zen zentroa, eta ereduari eutsi dio, asko handitu den arren: iaz ia 500 haur matrikulatu ziren, eta urtetik urtera handituz doa.
Batzorde berriko kide Esther Barandiaranen ustez, lehenengo arazo ekonomikoa gainditu behar da, baina eskola ereduaz ere hitz egin beharko da: “Hau proiektu handi bat da eta ikasleei hurrengo urtea bermatu behar zaie, non kokatuko dituzte bestela? Behin soluzioa emanda, mahai batean eseri beharko gara proiektuari forma emateko”. Berandu gabe izan beharko da hori, ekainaren bigarren astean ireki behar baitira heldu den ikasturterako aurrematrikulazioak.
Xabi Saenz batzordekidea ados dago Barandiaranekin, eskolaren ereduaz hitz egin behar dela argi du berak: “Erakundeari eta irakasleei sendotasuna emango liokeen beste formatu bat behar da. Asko handitu da eta ezin da orain arte bezala funtzionatu, laguntza jasotzen duen elkarte gisa mantendu. Proiektu pedagogiko handia bilakatu da, formatu hau ezinezkoa da”.
Irregulartasunak antzeman zituztenetik Hondarribiko Udalarekin harremanetan egon dira zentroko langileak, arazoari irtenbidea emate aldera. Txomin Sagarzazu alkateak ez du uste huts egin duena eredua denik: “Udalak ez du dudan jartzen 1992tik Hondarribian arautu gabeko musika ikasketak eskaintzeko dagoen sistema. Hondarribiko gizartearentzat garrantzi handikoa dela uste dugu, eta 25 urte hauetan, musika eta pedagogia aldetik oso emaitza onak eman dituen sistema bat dela argi dugu”.
Hori bai, gertatu denak agerian utzi du kudeaketari begirako kontrol gehiago behar direla: “Udala prest dago gogoeta bat egiteko musika eskolarekin batera, kudeaketan indarrean jarri beharreko hobekuntzak eta kontrolak finkatzeko”.
Publikoaren alde
Alkatearekin bezala, Hondarribiko oposizioko alderdiekin ere elkartu da musika eskolako batzorde berria. Lau alderdiek (Abotsanitz, EH Bildu, PSE-EE eta PP) jakinarazi diete udalaren inplikazioa handitzearen alde daudela. Abotsanitz eta EH Bildu bat datoz eskolak publikoa izan behar dela esaterakoan.
Abotsanitzen bozeramaile Igor Enparanek iritzi du herrian bertan eredua badela: “2016ko Udal Legeak, 7. xedapen gehigarrian, udal euskaltegiak eta musika eskolak arautzen ditu. Udal euskaltegiaren eredu berak balio du musika eskolarentzat”. Bere ustez, zentroarentzat eta udalarentzat ona litzateke hori, “zaintza ekonomikoa handituko lukeelako”, eta “irakasleen lanpostuei egonkortasuna emango liekelako”; familientzat ere onuragarri litzateke, “udalak aukera izango lukeelako bekak, familia ugarirentzako laguntzak, eta abar ezartzeko”.
EH Bilduk ere uste du erakundea publiko bilakatzea dela bidea: “Kultura ahalik eta jende gehienaren eskura egotea da botere publikoen ardura garrantzitsuenetariko bat, eta musika eskola publiko egitea da modurik eraginkorrena. Legeak babesten du, Jaurlaritzaren dirua eta bermea izango luke, eta erabiltzaileentzako merkatzeko aukerak irekitzen ditu”. Publiko eginez gero, sistema pedagogikoak berritzeko aukera legokeela gaineratu dute, “gurasoen parte hartzea eta kontrol publikoa bermatuz”.