[Galeria] Saseta eta bere ondorengoak, Arma Plazan
Kandido Saseta, Euzko Gudarosteko Komandantea eta bere ohorean antolatu zen batailoia erakusketa ikus daiteke Arma Plaza kultur gunean.
Sabino Arana Fundazioak, Hondarribiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, Kandido Saseta, Euzko Gudarosteko Komandantea eta bere ohorean antolatu zen batailoia erakusketa ikus daiteke Hondarribiko Arma Plaza kultur eta turismo gunean. Maiatzaren 14ra arte bisitatu daiteke, turismo bulegoaren ordutegian. Gaur eguerdian inauguratu dute, eta bertan izan dira, besteren artean, Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioaren presidentea, Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendari Nagusia, Eider Mendoza Batzar Nagusietako presidentea, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea, eta gobernuko nahiz oposizioko beste zenbait udal ordezkari. Kandido Sasetari buruz eta, batez ere, gudariei buruz gehiago ezagutzeko aukera ematen du bildumak, zatirik handiena Saseta batailoiari eskainia baitago. Hala, gudariek erabiltzen zituzten arma eta bestelako tresna, agiri, eta bitxikeriekin osatu dute bilduma. Arma Plazako eraikineko aretoa ez da erakusketak jasotzeko lekurik onena, eta Hondarribiak gehiago eskaini beharko lioke Sasetari, bilduma iraunkor bat. Baina erakusketako antolatzaileek txukun egin dute lana eta, informazio asko bildu dute eta erakusten diren objektuak oso interesgarriak dira.