Hondarribia-Katsikas elkarteak diziplina askotariko 63 artisten lanak bildu ditu. Helburu solidarioa dauka, baina artistak balioan jartzeko baliatu dute aukera.
Route 33 kafetegian 32 artisten lanak ikus daitezke. Orotara, 63 elkartu dituzte
Aurkikuntza artistiko handia egin dute Hondarribian, ezustean, bilatu gabe. Greziako kanpalekuetako errefuxiatuen alde ekintza bat prestatzen ari zirela, herrian behintzat 63 artista daudela deskubritu dute. Sorpresa handia izan da, eta balioan jartzea erabaki dute, ezkutalekuetatik atera eta haien lana erakutsi, herritarrek eta bisitariek ere deskubritu ditzaten.
Honen guztiaren atzetik helburu solidarioa dago. Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak zozketa solidarioa egingo du bi aste barru eta errifak saltzen ari dira euro batean. Mari Jose Aseginolaza presidenteak azaldu duenez, herri osoa inplikatu nahi izan dute: “Udazkenean osasunari eta elikadurari lotutako proiektu bat abiatu nahi dugu Grezian, eta herriko profesionalei laguntza eskatu diegu, bakoitzari bere jarduerarekin zerikusia duen zerbait oparitzeko eskatu diogu, artistei artelan bana”. Aste honetan ari dira oparien zerrenda ixten, eta dagoeneko 370 baino gehiago lortu dituzte, horien artean 63 artisten lanak. Apirilaren 22an zozketatuko dituzte “jendaurrean, kristalezko kutxetan”.
Zozketan, gainontzeko opariek adina balioko dute artelanek, baina Maite Garcia Hondarribia-Katsikaseko boluntarioak argi du, “zerbait gehiago” badutela: “Artelan bakoitzean egilearen zati bat dago, eta hori balioan jarri nahi genuen. Ez genuen uste hainbeste artista zeudenik herrian, izugarri ondo portatu dira gurekin eta artea sortzen eta erakusten ari direnen lana balioan jarri nahi izan dugu. Eta horretarako, zer hobe erakustea baino?”.
Hiru erakusketa antolatu dituzte dohaintzan jasotako artelanak erakusteko. Bi aste honetan ireki dituzte, Bernat Etxepare kaleko Route 33 kafetegian bat (Portuan), eta Damarri plazako Otzazki galerian bestea. Hirugarrena, hilaren 20tik 23ra zabalduko dute San Pedro kaleko Sardara tabernan, larunbat horretan zozketa egingo duten plazatxoaren parean.
Hiru erakustoki
Erakusketak antolatzeko Judas Arrieta artistari eskatu diote laguntza eta bera arduratu da lanak sailkatzen, bakoitzaren ezaugarrien arabera leku egokia bilatzen. Dohaintzak izan arren, lanen maila nabarmendu du Arrietak: “Euro bakar bategatik arte lan oso onak lortu daitezke, Remigio Mendibururen grabatu bat, esaterako. Baina horren gainetik, artista guztien jarrera izan da politena, eta haien eskuzabaltasuna”. Mendiburuz gain, Iñaki Grazenea, Agustin Tife, Javier Sagarzazu, Sara Otaño, Jose Luis Noain… Izen handiak, askotariko diziplinakoak, artista amateurrekin maila berean nahastuta.
Route 33 kafetegian 32 lan bildu dituzte, bi paretetan banatuta. Otzazki galerian beste 20 inguru. Gainontzekoak, Sardaran erakutsiko dituzte. Arrietak azaldu du lanak banatzeko irizpideak zeintzuk izan diren: “Nabarmenena arte lanen eskaintza heterogeneoa da, denetarik dago. Route 33an obrekin mosaiko bat osatu dugu. Otzazkin berriz, pieza txikiak eta eskulturak jarri ditugu, espaziorekin hobe egokitzen zirelako. Sardaran, lekuak eskatuko digu lanak bata bestearen ondoan jartzea”.
Eskulturak Otzaz galerian kokatu dituzte, beste lan batzuekin batera
Otzazkin, galeriako bazkide bakoitzak bana eman du —bederatzi orotara—, eta beste hamar ingururekin osatu dute erakusketa. Juncal Alfonsok muntatu du eta eraman dizkioten artelanen “sentikortasuna” nabarmendu du: “Ez dira ausaz hautatutako lanak, artista bakoitzak zerbaitegatik hautatu ditu. Dohaintzetan konpromiso altua dago, eta erakusketaren balio emozionala ere halakoa da”.
Urrats gehiago behar dira
Lehen aldia da Otzazkin bazkideak ez direnen artelanak erakusten direla, eta bazkideak galeria ireki ahal izatea begionez ikusi dutela onartu du Alfonsok: “Ekintza honek ez du aurrekaririk. Hainbeste artista elkartzea helburu beraren inguruan ekintza gehiagorako akuilua izango da, ziur, eta horrek eskualdean dekadentzian dagoen baina izaera handia duen artearen sektorea indartzeko balioko du”.
Egun, Otzazki da modu iraunkorrean erakusketak antolatzen dituen Hondarribiko galeria bakarra eta, Maite Garciak jakinarazi duenez, horregatik jo dute ate hori: “Duela urte batzuk galeria asko zeuden Hondarribian. Orain Otzazkik bakarrik erakusten ditu artelanak urte osoan”. Eta Otzazkiko bazkideak oso eskertuta daude Hondarribia-Katsikasekin, “parte hartzea sustatu eta artea eta kultura aintzat hartu duen sare soziala ehundu dutelako”.
Arrietak ere gogoan du Hondarribia galeriaz josita zegoeneko garaia eta horren falta sumatzen du: “Garai bateko arte galeriak desagertu dira, eta artista lokalek oso aukera gutxi dute bere lanak erakusteko. Ekimen hau burutzeko areto pribatuetara joan behar izan dugu, Hondarribiak ez duelako leku publiko bat artista lokal edo bestelakoen lana erakusteko. Hondarribia-Katsikasen proeiktu honek argi eta garbi erakutsi du, artistak badaudela”.
Hondarribian dozenaka artista daudela erakutsi du Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak, 63 behintzat bai, askotariko diziplinakoak. Hilaren 23ra arte izango da haien lana deskubritzeko aukera. Ez dadila horretan bakarrik geratu.