Ur karruxaren izenean, amen!
Ur Karruxa taldeak irabazi du aro berriko Hondarribiko IV. Herri Olinpiaden parodia. Ikusi haien saioko argazki onenak eta bideoa.
Guadalupeko santutegian egindako “lehen komuniyo” baten antzezpen zoragarri bati esker, Hondarribiko IV. Herri Olinpiadetako parodia irabazi du Ur Karruxa taldeak. Inauteri-ostiral gauean egin zuten Jostaldi frontoian, 700 bat lagunen aurrean. Bederatzi minutu luzeko saioa egin zuten Ur Karruxakoek. Guadalupeko elementu esanguratsuak hartuz, neska-mutil batzuen aurreneko jaunartzea irudikatu zuten, eta lotsagabekeriaz jositako interpretazioa egin zuen taldeak. Epaimahaiko kideek HITZAri esan ziotenez, Ur Karruxakoen antzezkizuna “biribila” izan zen, “Atrezzoa bikaina zen, Guadalupeko giroa ezin hobe irudikatu zuten, eta une xelebre asko izan zituzten”. Ur Karruxaren saioan zehar barre asko entzun ziren harmailetatik. Gehienak, komunio txikia egin behar zuten neska mutilek promes egin zuteneko unean entzun ziren, eta aldare atzetik Jesusek erantzuten zienean (ikusi beheko bideoa). Eukaristia ere mundiala izan zen. Lehen postuetara salto “Ez gu tentaldira eraman, baina atera gaitzazu azken postuetatik”, eskatu zuen Ur Karruxa taldeak ostiraleko parodian. Eskatu eta eman, sailkapeneko aurreko taldean jarri dira parodia santuaren ondoren. Goiko argazkian ikusten denez, pozez zoratzen zeuden taldekoak irabazi zutela jakiterakoan. Logo egunean zortzigarren geratu eta gero, bigarren proba irabazi dute eta sailkapeneko goiko postuetan jarri dira, aro berriko jokoen historian lehen aldiz. Ziurrenik ez diete Guadalupeko tenpluan berriro sartzen utziko, baina Hondarribiko olinpiadetako parodia irabazi dutenen zerrendan sartu dira eta, hori ere, kristorena da.