San Juan de Dios, parodiako segundo magikoa
Josu Belea Makil Idorrean bigarren geratu zen, baina bere saioan une itzelak egon ziren. Onena, gure ustez, San Juan de Diosen eskultura.
Irabazle handi bat egon zen atzoko parodian, Ur Karruxa. Saio biribila egin zuten neska zuri-urdinek, baina gauak gozatzeko beste une batzuk ere eman zituen. Tximistarenean une bikainak izan ziren, oilaskoen dantza, esaterako, edo lurretik labaintzen zen harra… Ikaragarria. Baina une bakar batekin geratu beharko bagina, parodiaren flash harrigarriena aukeratu beharko bagenu, Josu Belea Makil Idorrean taldearen antzezkizunean aurkituko genuke. Hondarribiko eskulturen desfilea egin zuten tekilazaleek eta ozta-ozta ez zuten irabazi —bigarren geratu ziren, alde txikiagatik—. Argazkian ageri dena da esaten dugun une magiko hori, San Juan de Diosen eskultura irudikatu zutenekoa; irudikatu, eta hobetu. Zaldiko-maldikoaren detailetxoa oso ona, baina Josu Beleako bi lagunak eskulturaren jarreran jarri zirenean, biribildu egin zuten. Aurpegien keinuak, arropen zimurrak, izardun koroaren efektua, eskortzo zail hori… Une magiko asko eman zituen Hondarribiko IV. Herri Olinpiaden parodiak, baina gu horrekin geratu gara. Ez gara gu inor Jose Luis Diaz Bueno eskultorearen maisutasuna zalantzan jartzeko baina, San Juan de Diosen eskulturaren kasuan behintzat, bertsio olinpikoarekin geratzen gara. Gaindiezina!