Bermeok irabazi du Hondarribiko XVII. Traineru Jaitsiera. 15 segundo atera dizkio etxeko ontziari. Nesketan, San Juanek irabazi du, alde handiz.
Ama Guadalupekoa itzulerako luzean kai berri pareko boiatik pasatzen
Bermeoko trainerua nagusitu da Hondarribiko XVII. Traineru Jaitsieran, nagusitasunez (20.19,68). Urdinek ia hamasei segundo atera dizkiote etxeko traineruari, Ama Guadalupekoari (15,77), eta laugarrenez irabazi dute proba. Hirugarren tokian San Juan sailkatu da, urruti, 33 segundora.
KAE ligan ariko den Donostiarrak ezustekoa eman du, Ondarroaren eta San Pedroren aurretik sartu baita. Astillerok minutu bat eta hemezortzi segundo galdu ditu, eta 10. sailkatu da, Hondarribia B-ren aurretik.
Emakumeetan, San Juanek erakustaldia eman du, ibilbidea bigarren Hibaikak baino 22 segundo eta 57 ehunen azkarrago eginez. Orio hirugarren izan da, 56 segundora. Etxeko neskak bosgarren sartu dira helmugan, Lea-Artibairen aurretik, irabazleengandik 2 minutu eta 3 segundora.
Orotara, 32 traineru lehiatu dira Hondarribiko urtetan, 20 gizonetan, zazpi emakumeetan, eta bost beteranoen mailan. Hondartza paretik abiatu dira traineruak eta bi luze egin dituzte, ziaboga bakarra. 1982 urtera arte Kontxako sailkapena egiteko erabiltzen zen estropada eremuan egin da traineruen hamazazpigarren Hondarribiko Jaitsiera.