80 urte bete dira Kandido Saseta Euzko Gudarosteko komandantea hil zutela. Omenaldia jaso du, baina lan handia falta da bere memoria guztiz berreskuratzeko.
Sasetaren Aldeko Taldeak antolatu zuen eguerdiko lore-eskaintza. Beraiek aurkitu zituzten gorpuzkiak Asturiasen
Txikia eta bizkorra zen Kandido Saseta, eta ausarta, heriotzeraino. 1936ko altxamenduaren ondoren “Euzkadi eta errepublikaren baloreak defendatzeko” Euzko Gudarostea sortu zuen, eta milaka gazte boluntario batu zitzaizkion. Jose Antonio Agirreren esanetara jarri zen eta, hala hil zen, Amaiur, Euzko Indarra eta Indalencio Prieto batailoien buru Oviedo berreskuratzera zihoazela. 1937ko otsailaren 23an hil zen Saseta Asturiasko Areces herrixkan, tiroz, eroritako gudari baten eskuko lehergailua jaso eta jaurtitzen saiatu zenean. 32 urte zituen.
Bere galeraren berri eman zutenean, horrela idatzi zuen Euzkadi aldizkariak:
Hilabete batzuen buruan, sakrifizioz sakrifizio, Euzkadirekiko maitasun historia hunkagarriena ehuntzen joan zen Saseta.
Agirre lehendakaria eta Telesforo Monzon jaio ziren egun berean jaio zen bera, 1904ko abenduaren 13an, Hondarribian, egungo Biteri eskola dagoen tokian. Gerora lagun egin ziren Agirre, Monzon eta Saseta; gerrak egin zituen lagun, eta gerrak mito bilakatu zituen. Baina beste biak ez bezala, urte askoan ahanzturan ibili da hondarribiarra, 2008an Sasetaren Aldeko Taldeak bere gorpuzkiak aurkitu eta Euskal Herriratu zituen arte.
Hondarribiko kanposantuan daude harez geroztik, eta atzo omenaldi bikoitza egin zuten bertan. Eguerdian Sasetaren Aldeko Taldearena jaso zuen, eta arratsaldean erakundeena, hilerriaren kanpoaldean. Ekitaldiaren aurretik, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea eta Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozemailea, hilobiraino hurbildu ziren eta, Saseta batailoiko gudari Gerardo Bujandarekin batera, loreak eskaini zikioten gudalburuari. Kanpoan zain zituzten, besteak beste, Hondarribiko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako zinegotziak, salbuespeik gabe: EAJ, Abotsanitz, EH Bildu, PSE-EE eta PP. Guztien izenean, Sasetaren eredua goratu zuen alkateak: “Kandido Sasetaren oroimenak elkartu gaitu gaurkoan, eta gure herria, Hondarribia, demokraziarekin, askatasunarekin, abertzaletasunarekin, Euskal Herriarekin eta elkartasunarekin bat egiteko aukera paregabea ematen digu, nortasun handia eta agintea modu hurbil eta zintzoan betetzeko eredua ere ezagutzeko modua eskaintzen digu».
Sagarzazu, Bujanda, Olano eta Erkoreka, arratsaldeko omenaldian
30 urteko lana
Eguerdian, Sasetaren Aldeko Taldeak burutu zuen lore eskaintza. Ekitaldi hunkigarria izan zen, gudalburuaren arrastoak aurkitu eta Euskal Herrira ekarri zituzten herritarretako batzuk bildu baitzituen lore eskaintzak. Familiaren izenean, Kandidoren iloba Arantxa Sasetaren senarrak utzi zuen lehen lore sorta hilarriaren ondoan; osasun arazoak medio, Arantxa Sasetak ezin izan zuen Hondarribira hurbildu.
Enparan, ezkerrean, eta Zarraga, bere ondoan
Kanposantuko hilarriaz aparte, Euskal Herrian oroitarri bakar batek ekartzen du gogora Saseta, 2004an Sasetaren Aldeko Taldeak Hondarribiko Biteri eskolako paretan jarritakoa, gudalburua jaio zen etxea zegoen lekuan. Taldeko sortzaile Joserra Enparanek atzo eguerdian esandakoaren arabera, “bada ordua balioan jartzeko Saseta izan zena”. Enparanen ustez, “Sasetaren bizia, ondarea eta baloreak unibertsitatean erakutsi beharko lirateke, haren memoria onartu”, eta hori lortu arte lan egiteko deia luzatu zuen lore eskaintza egin aurretik.
Biteri kaleko plaka jartzea taldeak antolatutako lehen ekitaldia izan zen, baina Euzko Gudarosteko komandantearen izena eta izana balioan jartzeko ibilbidea urte batzuk lehenago hasi zen, 1987ko apirilaren 25eko Aberri Egunean, eta ustekabean.
Hondarribia aldizkariaren 13. zenbakian Aitzol ezizeneko kazetariak idatzita utzi zuenez,
aurtengo Aberri eguna oso sonatua izan da, Gernikako bondardaketaren 50. urtemugarekin batera egokitu delako. Euskal Herrian zehar urteurrenari lotutako ekitaldiak antolatu zituzten eta Hondarribian, herriko gudariei omenaldia egin zieten Marlaxka elkartean, Gernika 37-87 Komisioaren ekimenez. Herriko hamalau gudari ohi agertu ziren, horietatik gehienak Saseta hil eta gero bere omenez eratu zen bataloian aritutakoak.
Kazetariaren arabera,
Kandido Saseta Euskal Gudarostearen Komandantea hondarribiarra zela orain jakin dute batzuk. Enparan bera izan zen horietako bat, Monzonek Eustakio Mendizabal
Txikia-ri 1973an eskainitako abestian aipatzen den Saseta nor zen orduan jakin zuena. “Abestiko Saseta hori pertsona bat zela jakin nuen egun horretan, benetakoa zela, eta hondarribiarra. Zerbait egin beharra zegoen, haren bila hasi behar ginen. Bilaketa urte batzuetara abiatu genuen, baina bazkari horretan hasi zen guztia”.
Zuhaitz baten ondoan aurkitu zituzten Sasetaren gorpuzkiak, Areces herrian
Saseta jaio zeneko 100. urteurrenean jarri zuten haren omenezko plaka Biteri kalean. Harrezkeroztik, hainbat ekitaldi publiko egin ditu Sasetaren Aldeko Taldeak, baina lan handiena isila izan dela aitortu du Enparanek: “Urte askoan ikerketa lan itzela burutu genuen, bisita asko Asturiasera, argazkiekin hara joan, herritarrei elkarrizketak, mendian gora eta behera ibili”. Eta lan horretan, “dudarik gabe une hunkigarriena”, Sasetaren gorpuzkiak aurkitu zituztenekoa: “Areces herrixkako gizon batek esan zigun berak lurperatu zuela Saseta, 12 urte zituenean, eta gainontzeko gudariak —80-100 inguru— hobi komun batean lurperatu zituztela —han jarraitzen dute—. Saseta non zegoen esan zigun, zuhaitz baten ondoan lurperatu zuela, eta haraino eraman gintuen”. Baina han ez zuten aurkitu, “lur jota geratu nintzen —onartu du Enparanek—, baina gero bi metro mugitu zen eta, ‘hemen izan zela uste dut’, esan zigun. Eta han bai, han agertu ziren Sasetaren gorpuzkiak”. Aranzadik aurkikuntza baieztatu zuenean sekulako poza hartu zuten. “Hamabost bat lagun ginen han, etxe bat hartuta genuen. Sagardotegi batera joan ginen denok, ospatzera. Ezin dut azaldu nola sentitu nintzen”.
Betirakotu beharrekoa
Ordutik daude Sasetaren gorpuzkiak Hondarribian, Arecestik ekarri zituztenetik. Jose Bergamin idazle errepublikazalearen hilobiaren ondoan daude gordeta, atzo antolaturiko bi ekitaldietan dozenaka lagunek egin bezala, edozeinek nahi duenean bisitatzeko eta ondratzeko moduan.
Atzo 80 urte bete ziren “Euzkadirenganako maitasun istorio hunkigarriena” ehundu zuen hondarribiarra hil zutela. Haren gorpuzkiak lurperatuta dauden lekuan egin zioten atzo omenaldi bikoitza. Akaso bakarra eta handiagoa behar zuen; akaso kale bat beharko luke bere herrian, eta Euskal Herriko beste hainbatetan; akaso museoa eraiki beharko litzateke 30 urtez berreskuratutako memoria betirakotzeko. Gehiago behar dela sinistuta daude Sasetaren Aldeko Taldeko kideak eta lanean jarraituko dute, egunen batean, biharko ikastoletan, haren izena abestu dezaten.
Jaurlaritzak 1937an argitaratutako zigiluak. Ezkerretik eta goitik hasita, lehena da Sasetarena (iturria: INGEBA)
Guda gizona, baina ez nolanahikoa
Euzko Gudarostea sortu zuenerako eskarmentu militarra zuen Kandido Sasetak. 1936 urtean frankisten kolpe militarra gertatu zenean, Intendentziako kapitaina zen Afrikan eta honako testua irakurri zitekeen bere kanpadendaren ate gainean:
Emen sartzen dana, Euzkadi’n da. Euzkaldun bazera, mintzatu euskaraz. Eta abertzalea bazara, deadar zazu nerekin: Gora Euzkadi Askatuta!
Abertzalea zen, baina ez zirenen gidari ere bilakatu zen, militar bikaina eta karisma handiko pertsona zelako; abertzaleak, anarkistak, komunistak eta sozialistak elkarrekin borrokatu ziren bere aginduetara. Gerrako kronistek Saseta hil zutela zabaldu zutenean
Euzkadi roja komunisten aldizkariak honela idatzi zuen:
Saseta hil da. Gure soldadu bat hil da. Gurea. Gizakien eta Herrien bakearen eta askatasunaren etsaia suntsitzeko Euzkadi barruan eta kanpoan bizi garen eta borrokatzen dugun antifaxista guztiona.
Militarra zen, gudarosteko komandantea, baina ez zeraman soinean ez militarren arroparik, ezta izarrik ere. Gainontzeko gudariak bezala janzten zen, milarrallazko galtzak, alkandora eta espartinekin. Saseta lurperatu zuen Areces herrixkako 12 urteko mutikoak Sasetaren txamarra soinean zuelako zekien mando bat zela. Txamarragatik bereizten zuten bere soldaduek, ez zuen militarren berokirik janzten.
Ezohiko militarra izan zen Kandido Saseta hondarribiarra, eta horrela hil zen, hildako gudari baten eskuko bi bonbak jaso eta etsaiari jaurtitzera joan zela. Bat bota zien, bestea eskuan zuela erori zen, gudarien aurrean.