Pistako Espainiako Atletismo Txapelketa absolutuan urre bat eta zilarra bat lortu du Bidasoko taldeak. Teresa Errandoneak Euskadiko marka hautsi du.
A zer nolako jauzia eman duen Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT). A zer asteburu oparitu dieten zaleei Bidasoko klubeko atletek. Urre eta zilar bana lortu ditu BAT-k asteburuan Salamancan ospatu zen pistako Maila Absolutuko Espainiako Atletismo Txapelketan. Sei ordezkarirekin bidaiatu zuen klubak eta, dena eman eta gero, joandakoan baino pisu gehiagorekin itzuli ziren, urre eta zilar banarekin.
Gipuzkoako atletek sei domina lortu zituzten guztira, urre bat, beste zilar bat, eta lau brontze. Eta bi domina nagusi horiek, urrea eta zilarra, BAT taldearentzat izan ziren. Gainera, dominen taldekako sailkapenean zazpigarren geratu da Bidasoko kluba. BAT-ko gazteak heldutasunera iristen hasi dira eta, horrekin batera, sekulako jauzia eman dute. Lehiaketa telebistaz ikusi zuten zaleek ahaztuko ez duten asteburua bizitu dute, bikaina emaitzetan, zoragarria emozioetan.
Jauzia ematen lehena Malen Ruiz de Azua izan zen, pertikan. Arrasatearra jaiotzez baina BAT-koa adopzioz, hutsik gabeko lehiaketa egin zuen Ruiz de Azuak, urrea lortu arteko langa guztiak lehen saiakeran gaindituz. 4,16ko altuerarekin lortu zuen txapela eta Espainiako errekorrarekin (4,25) saiatzeko ausardia izan zuen, lortu gabe. Hilabete berean Promesa eta Absolutu mailetako txapelketak irabazi ditu eta urte luzetan zerura hurbiltzen jarraituko duela argi utzi du arrasatearrak. Izan dadila BATren elastikoarekin.
Teresa Errandoneak Euskadiko marka hautsi zuen zilarra lortzeko
Eta bigarrena jauzia ematen Teresa Errandonea irundarra izan zen, 60 metro hesietan. Ze lehiaketa berea! Ia hutsean bueltatzetik, zilarra janztera. Finalerdietan kanporatu zuten aurrena, irteera hutsala egin zuelakoa. Baina epaileek atzera egin zuten eta berriro takoen gainean jarri zen irundarra. Egoera zail horri buelta eman eta Gipuzkoako marka berria (8,32) ezarri zuen finalera pasatzeko. Eta horrekin konforme ez eta, finalean, Euskadiko marka suntsitu zuen (8´25), Europako gutxienekotik 7 ehunenera. Modu ezin hobea duela bi urteko lesioa guztiz ahazteko.
Mikel Campon pertika-jauzilariari ere kostako saio irribarrea aurpegitik kentzea. Negu erdia min hartuta egon arren, seigarren geratu zen bere seniorreko lehen urtean, eta marka pertsonal berria ezarri zuen Salamancan, 5,05.
1.500 metroetan Clara Viñaras 13. helmugaratu zen eta lehen urteko gaztea den Miren Martinek 28.a egin zuen; bi aste barru izango du bere aukera Martinek, bere mailako Espainiako Txapelketan.
Javi Mariscalek ere debuta egin zuen maila absolutuan. 200 metroetan aritu zen, promesetan 400ak korritu eta gero. 22. tokian geratu zen Mariscal, finalerdietatik gertu.