Jokalari bakoitzak album pertsonalizatu bana jaso du, baina nahi duenak egin dezake bilduma. Albuma doan da eta seiko paketeak euro batean daude salgai.
Futbol elkarteko talde guztietako jokalari eta entrenatzaileen kromoak bildu behar dira
Hondarribia Futbol Elkartearen (Hondarribia FE) albuma egin dute, kromo albuma, elkarteko maila guztietako jokalarien kromoekin, alebinetatik hasi eta Ohorezko Mailaraino. Albuma doan jaso daiteke eta seiko kromo paketeak euro batean jarri dituzte salgai.
Albuma osatzeko, 2016-2017 denboraldiko jokalarien eta entrenatzaileen kromoak lortu behar dira, baita talde historikoenak, batetik, eta beste hamar itsasgarri Nazio Batuek 1959an onarturiko haurren eskubideei erreferentzia egiten dietenak ere. Orotara, 450 kromo.
Hasiera batean, barne kontsumoari begirako ideia izan zen, eta jokalari bakoitzari bere irudia azaltzen duen album pertsonalizatua banatu zaio; 320 guztira. Baina pertsonalizatu gabeak ere argitaratu dituzte, edozeinek bilduma egin dezan. Eta Hondarribia FE-k uste zuena baino harrera hobea izan dute albumek: “Gehiago eskatu behar izan ditugu”.
Kromo paketeak euro batean saltzen dira eta sei ale daude pakete bakoitzean. Erosi nahi dituenak bost lekuetan aurkituko ditu: Ipotx goxoki dendan, Route 33 kafetegian, Sokoa merkatal guneko liburudendan, Ardora jatetxean eta, Ohorezko Mailako taldeak etxean jokatzen duenean, Hondartza futbol zelaiko tabernan.
Behin osatuta, gauza bakarra faltako da, jokalari guztien sinadura lortzea.