Patxi Moreno, xakean maisu
Lehen urteko kadetea den arren, Gazte Mailako Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi ditu irundarrak, eta nagusiekin Gipuzkoako Ohorezko ligan aritzen da, Hondarribiko Marlaxkarekin.
Hori Gipuzkoan. Baina Euskadikoetan ere ondo aritu zara. Bai, orain arte eskolarteko txapelketetan [Haurren Mailakoak] hirutan jokatu dut, eta hirurak irabazi nituen. Azkena Bilbon. Eta hor bigarren Ander Tafall geratu zen, zu xakera animatu zintuen laguna. Eta Gipuzkoako txapelketan, zu gazteetan txapelduna eta bera kadeteetan. Polita izango da… [Barre egiten du] Bai, polita da. Eskolan, Marlaxkan, elkarrekin gabiltza beti. Eta txapelketetan. Ordu asko ematen ditugu elkarrekin. (beheko bideoan Erdi Aroko Azoka azaltzen dira Moreno eta Tafall) Tafallekin berarekin, Ander Urangarekin eta Ibai Dorronsororekin 18 urtetik beherako Euskadiko Txapelketa irabazi zenuten udazkenean, taldeka. Urangak eta Dorronsorok guk baino bi edo hiru urte gehiago dituzte. Talde gaztea ginen, bai, baina xakea ez da jende pila bat mugitzen duen kirola. Talde guztiak ziren gurearen antzerakoa, gaztetxoak. Zer da xakea zuretzat? Joko bat, edo lehia? Hasi nintzenean denbora asko jokatzen zeraman jendearen kontra aritzen nintzen, eta galtzen ohitu nintzen. Adibidez, Anderrekin [Tafall] beti galtzen nuen, hasieran beti irabazten zidan berak. Gero hasten zara irabazten, eta orduan bai, galtzen duzunean haserretu egiten zara. Eta, partida hasi aurretik, urduri jartzen al zara? Ni ez, baina badaude batzuk oso urduri jartzen direnak. Ligako gure taldean badago baten bat… oso urduri jartzen dena, oso. Ni lasai egoten naiz, eta hori garrantzitsua da partida ona jokatzeko. Nire ustez hori nire ezaugarririk onena, normalean ez naizela urduri jartzen. Eta hobetu behar duzuna? [Barrez, lotsatuta bezala] beharbada jokatzen ari naizenean, aulkitik altxatzea eta asko paseatzea gustatzen zaidala. Egin daiteke, baimenduta dago, baina ez da ona, denbora galtzen delako, pentsatzen egon beharrean paseatzen zaudelako. Astean hiru aldiz elkartzen zarete hemen, Kasino Zaharrean. Zer da lantzen duzuena? Marlaxkan asko jokatzen dugu, gehienetan jokatzen egoten gara, ezpada norbait etortzen dela klaseak ematera. Beste leku batzuetan serioago hartzen dute, ordu gutxiago ematen dute jokatzen. Eta etxean gehiago lantzen duzu xakea? Berez egin beharko nuke, goi mailakoen partidak ikusi, gauzak nola doazen jakin… Baina ez dut asko egiten. Ostiraletan, benetan ona den norbait izaten dugu hemen klaseak ematen, eta Euskadiko Federazioak gazteekin online ikastaroak antolatzen ditu, beste jokalari on batekin. Gero etxean gehiago egin beharko nuke. Iaz Benidormen egon ginenean [taldekako 18 urtez azpikoen Espainiako txapelketan], bazen jende asko egunean sei edo zazpi ordu sartzen zituela esaten zuena. Noski, hori eginez gero, nabaritzen da, asko hobetzen duzu. Ni egon izan naiz, lotu egiten bazara egin dezakezu, baina asko kostatzen zait lau edo bost ordu egotea, egin beharko nuke, baina kostatzen zait. Zure entrenatzaileek zure adina zutenean, Karpoven edo Kasparoven artean aukeratu behar zuten. Zuk, ba al duzu xakelari faboritorik? Niri jokalari erasokorrak gustatzen zaizkit. Maila gorenean izan daitezke partida oso luzeak, niretzat ez dira aspergarriak, baina badira hamargarren mugimendurako berdinketan bukatuko direla diruditen partida oso luzeak. Horregatik, jokalari erasokorrak nahiago ditut. Horien artean Hikaru Nakamura asko gustatzen zait, estatubatuarra da. Lehen urteko kadetea zara eta gazteen txapelketak irabazi dituzu, eta nagusiekin lehiatzen zara ligan. Iruditzen al zaizu oso azkar joan dela dena? Duela bi urte egiten nituen partidak ikusi izan ditut, eta bai ohartu naiz asko ikasi dudala. Baina bi urte barru gauza bera esan ahal izatea espero dut. Bistan da gustura zabiltzala. Urte batzuetara xakean jarraituko duzula ematen du. Behin lotzen zarela erraza da jarraitzea. Kanpotik aspergarria ematen duen kirola da, baina barrutik oso polita da. Bai, hurrengo urteetan xakean jokatzen jarraituko dudala uste dut. Zer eman dizu zuri xakeak? Niretzat garrantzitsuena da dibertitzen nauela, lagun asko egin ditut xakearekin, eta asko bidaiatu dugu, xakeagatik ez balitz, egon naizen leku askotara ez nintzen inoiz joango. Inoiz ez nuen pentsatuko hau gertatuko zenik. Toki-Alaien hasi nintzenean, Landetxara lehen aldiz joan nintzenean, pixka bat jokatzeko eman nuen izena, ez beste ezertarako. Zuk esan duzu, egia da orain arte oso azkar pasatu dela dena.«Hilabete gutxira aitari irabazten nion, eta ja ez zuen nirekin jokatu nahi»